Irailaren 8an iragan zen alarde eguna Hondarribian. Hilabete bat beranduago, Jaizkibel konpainiak aurten gertatutakoen analisia plazaratu du, agiri bidez. Batzarrean adostutako analisia da, alardeak urtero utzi «erresaka emozional eta fisikoa pasatu ondoren» argitaratua. Nahiz eta ez den iristen alarde publiko eta parekide askeko helburura oraindik, aurtengoa «urte berezi eta berritzailea» izan dela dio konpainiak, eta «urrats garrantzitsuak egiten jarraitu» dutela. Udalak egin dituen urratsak eskertu ditu Jaizkibelek.
Lehenik, entseguetarako eta alarde egunerako udalak «konpainia guztiak lehen aldiz ebazpen administratibo beraren baitan antolatu» izana azpimarratu du konpainia parekideak. Urratsak handiagoak izatea nahi luke, baina nabarmendu du «elkarrizketarako eta aurrera urratsak egiteko» udalak izan duen «borondatea agerikoa» izan dela. Berretsi du «elkarrizketaren eta konponbidearen alde» jarraituko duela bere aldetik.
Irailaren 8an iragan denari buruz baikortasuna erakutsi nahi du Jaizkibelek. Dioenez, nahiz eta «batzuek bazterkeriaren eta marjinazioaren irudia tradizioaren gainetik jarri», Hondarribian gero eta herritar gehiagok «elkar aitortu eta elkarrekin ospatzeko gogoa erakusten» dute. Alde horretatik, Guztion Alardeak egin duen deialdia eta «irailean helarazi dituen mezuak» eskertu nahi ditu.
Aurten hiriko «Kale Nagusian ospatzeko ametsa bete» duela adierazi du taldeak, eta eguna «zirraraz amaitu» zuela. Zirrara horren indarraz «lanean jarraituko» duela gehitu du, «urrats gehiago eta eskubide gehiago eskuratzea helburu».
Azkenik, konpainiaren desfilean parte hartu duten mila bat lagunak eskertu ditu, kalean babesa erakutsi dion are jende alde handiagoa, baita horrainoko lana egin duten guztiak ere.