Hiru egun baino ez dira falta Hondarribiko (Gipuzkoa) egun handirako, igande honetarako. Urtero legez, Jaizkibelek desfilatuko du, konpainia parekide bakarrak, baita alarde baztertzaileak ere, emakumeak kantinera gisa ateratzea soilik onartzen duenak. Igandera begira jarrita daude jada Jaizkibeleko kideak, baina, igandea iritsi aurretik ere, ari dira kaleak hartzen, ari dira bideak zabaltzen; atzo izan zuten bigarren entsegua, eta gaur egingo dute azkena.
Nora Ferreira kapitaina petril baten gainera igota dago, Bitoriano Juaristi kalean azken aginduak ematen. Han batu da konpainia, eta zapi loredunek eta txapel gorriek hartu dituzte inguruak. «Jarri lerroka, mesedez», dio ahotsen batek. «Dianarekin hasiko gara», beste batek. Ferreira prest dago, baita konpainia ere: «Bat, bi eta...». Eta hasi da txilibitu hotsa. Eta atzetik danborren arrada. Bat, bi, bat, bi… Musikaren doinuan doaz kaleak konkistatuz: Kale Nagusia, Arma plaza...
Ikusi gehiago
«Aita, lehenengo datorrena neska bat da». Jaizkibel entseatzen ari dela espaloian dagoen neska koskor batek harrituta bezala begiratu dio ondoan duen gizonari. Eta Jaizkibeli beha jarraitu du, adi-adi. Txalo egin du. Azken batean, horixe baita Jaizkibel, lehen lerroan emakumeak dituen konpainia, pausoka-pausoka kaleak konkistatu dituena. Eta erreferentea.
«Aupa, Jaizkibel!» dioten oihuak eta txaloak baino ez dira entzun entseguak iraun duen bitartean. Ez dago pankarta beltzik eta kartelik, ez bestelako oihurik ere. Babesa eta elkartasuna soilik jaso dute kale ertzetatik.
Inklusiorako bidea urratzen
Parekidea da Jaizkibel, baita inklusiboa ere; aurten, sekula baino gehiago. Batekin bukatzerako beste batekin hizketan ari da Nahia Salaberria, Jaizkibeleko aurtengo kantinera. Animoak eta musuak bata bestearen atzetik. Igandea noiz iritsiko zain dago: «Oso hunkigarria da hau, eta oso-oso gustura nago. Jendez inguratuta nago, eta familia eta lagunak hor daude. Pila bat gozatzen ari gara, oso polita izan da orain artekoa».
«Jaizkibel hasieratik borrokatu da konpainia inklusiboa izatearen alde, eta aurten inoiz baino argiago geratu da hori»
NAHIA SALABERRIAJaizkibel konpainiako kantinera
Salaberriarentzat «oso pozgarria» da Jaizkibeleko kantinera izatea, «sorpresa polita». «Ez nuen espero, eta dena oso polita izan da hasieratik: jendearen babesa, indarra, animoa.... jasotzen ari naiz». Jaizkibelek emandako aukera nabarmendu du: «Jaizkibel hasieratik borrokatu da konpainia inklusiboa izatearen alde, eta aurten inoiz baino argiago geratu da hori; beste bati emango lioketen aukera bera eman didate niri: ez dute kontuan eduki aulkian nagoen edo ez».
Izan ere, gurpil aulkian dago Salaberria, eta ibilbidea halako batean egingo duen lehen kantinera izango da: «Aurrerapauso handia da; bidea irekitzen ari gara, ni bezala dagoen beste jende askok edo beste edozein desgaitasun daukatenek ere ikusteko posible dela, eta gainontzekoen pare goza dezakegula jaiaz. Konpainiarentzat ere sorpresa polita izan da, haientzat ere oso pozgarria izan baita gurpil aulkian dagoen norbait animatzea». Orain, gozatzea tokatzen zaio: «Kristoren aukera eman didate, eta pila bat disfrutatzen ari naiz».