Duela sei urteko egoera berean eutsi dio euskararen erabilera orokorrak: %12,6k egiten dute euskaraz kalean, zortzitik batek. Kaleko erabileraren zortzigarren neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak, eta erabilera orokorrean ez da nabari gorabehera handirik. Hori, bere hartan, bada adierazgarria, oso bestelakoa baitzen 2016ko behaketak erakutsi zuen egoera: 2011koak erakutsitako beheranzko joera berretsi zuen, eta erabilera orokorra, lehen aldiz, 1997koaren azpitik zegoela erakutsi.
Ikusi gehiago:Biziberritzeko egitasmoetan «indarberritze sakona» behar dela dio Klusterrak
Eremurik euskaldunenetan erabilerak behera egin duela agerrarazi du neurketak. Aztertutako eremuaren ezaugarriak oso desberdinak izanagatik, hala antzematen zen Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Tolosaldeko 93 udalerritan egindako neurketan ere. Bestalde, euskararen erabilera gaztetu egin dela ikus daiteke: haurrek darabilte gehien, eta adinekoek gutxien.
Argi-ilunak nabarmentzeko, hala ere, argazkia xeheago aztertu behar da, Olatz Altuna behaketaren zuzendariak atzo adierazi zuenez; besteak beste, euskaldunen proportzioa erabilerarekin zuzenean alderatzea ez delako «zuzena» eta erabileraren joerek faktore bakarrari bainoago hainbat faktoreren «konbinazioari» erantzuten dietelako normalean. Horregatik, joerei erreparatu beharra nabarmendu zuen. Perspektiba horretatik, neurketak azaleratutako bi aurpegiak kontuan hartu behar direla azpimarratu zuen: beheranzko joera eten dela, batetik, eta euskararen egoerak «geldialdian» segitzen duela, bestetik.
Herrialdeka, antzeratsu
Egoera eta haren bilakaera ez dira homogeneoak, ez eremu bakoitzean, ezta adin tarte bakoitzean ere. Herrialdeka, badira aldaketak, baina ez handiak. Aitzitik, sumatutako joerak errore marjinaren barruan sartu behar direla zehaztu du Klusterrak. Gipuzkoan erabiltzen da gehien euskara, nabarmen (%30,6), baina, hala ere, erabilerak 0,5 puntu egin du behera 2016tik. Orduan azaldutako beherakada berretsi egin da, beraz. Hala ere, gainerako herrialdeetan baino askoz gehiago egiten da han euskaraz oraindik ere.
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ikusten da jaitsiera. Iparraldean, gainera, agerikoa da beheranzko joera azken hamarkadetan: %8,3 zen erabilera 1997an, eta, egun, %4,9. Bizkaian, berriz, 0,6 puntu igo da euskararen erabilera. Hala, aurreko aldietan ikusitakoa alderantzikatu egin da han: 2001etik lehenengoz, igo egin da euskaraz entzun dituztenen ehunekoa. Igoera txiki bat ikusi dute Araban ere.
Gune soziolinguistikoei erreparatuz gero —eremuak euskaldunen portzentajearen arabera banatuta—, berriz ere agertzen da azkenaldiko neurketek erakutsitakoa: euskaldunak gehiengoa diren inguruetan, behera egin du euskararen erabilerak. Herritarren %75 edo gehiago euskaldunak diren eremuetan, %61,9 da entzundako euskararen portzentajea, aurreko aldian baino 3,2 puntu txikiagoa. Gainera, beherakada horren adinako igoerarik ez dute antzeman hain euskaldunak ez diren eremuetan; antzeratsu jarraitzen dute. Ipar Euskal Herriko egoerak ondo islatzen du joera hori. Azken bost urteetan, euskararen kaleko erabileran ez da aldaketa handirik izan Lapurdiko kostaldean eta barnealdean; zertxobait igo da. Aldiz, eremu euskaldunenetan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, nabarmen egin du behera, eta 2011ko mailara itzuli da: %10,5.
Hiriburuei dagokienez, euskara gehien Donostian entzuten da; Gipuzkoako hiriburuan, duela bost urte bezainbeste euskara entzun dute: %15,3. Aldea handia da, gainerakoetan %2,5 eta %4 artean baitabil. Hala ere, aldaketa bat izan da hurrenkeran. 2016ko neurketak erakutsitakoaren kontrara, oraingoan euskara gehiago entzun da Bilbon (%3,5) Iruñean baino (%2,7). Donostiaren atzetik euskara gehien entzuten den hiriburua Gasteiz da (%4,1); gutxien, berriz, Baionan: %2,5. Arabako hiriburuan izandako gorakada nabarmendu du Klusterrak. Xabier Isasi neurketaren batzorde zientifikoko kidearen esanetan, Gasteizen euskalduntze prozesua arrazoitu dezake «hiriburu administratibo» izateak. Altunak nabarmendu zuen gazteen parte hartzea handitzen ari dela hiri horretan euskararen inguruko egitasmoetan, eta, batez ere, emakume gazteena.
Zahartzeari kontra
Biztanleria zahartu ahala euskara gaztetzen ari dela berretsi dute emaitzek. Haurrek eta gazteek darabilte gehien euskara, eta helduek eta adinekoek gutxien, hurrenkera horretan. Azken neurketan hartu zuen itxura hori adinaren araberako mailaketak, eta sendotu egin da oraingoan. Izan ere, haurren artean handitu egin da erabilera, %19,3raino; gainerako adin taldeetan, berriz, ia bere hartan dago.
Euskarak «adin piramidea irauli» izana «lorpen sozial handia» dela uste du Soziolinguistika Klusterrak, eta gogoratu du ez dela hori gertatzen Europako hizkuntza gutxitu gehienetan, zeinetan adinekoek erabiltzen duten gehien. Horregatik, euskararen egoera kontrakoa izatea ona dela azaldu du: «Kualitatiboki, biziberritzerako egoerarik mesedegarrienean aurkitzen da euskara belaunaldien arabera».
Hala ere, haurretatik gazteetara pasatzean, apaldu egiten da erabilera. Gainera, helduen adin tartea bitan zatituz gero, ikus daiteke 25-44 adin tartekoek euskara gehiago darabiltela (%14,3) 15-24 tartekoek baino (%12,5).
Adin berekoen arteko elkarrizketetan, baina, ñabardura hori ere desagertu egiten da; zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa da euskararen kaleko erabilera. Herrialde denetan gertatzen da hori, baina, hala ere, Nafarroan eta Bizkaian, oraindik, gehiago entzuten zaie euskaraz adinekoei gazteei baino. Ikusi beharko da batez ere hezkuntzaren bidez euskaldundutako belaunaldiak zahartu ahala salbuespen horiek erabat deuseztatzen ote diren.
Halaber, neurketak erakusten du haurrek eragin handia dutela hizkuntzaren erabileran. Haurren eta nagusien arteko elkarrizketetan nabarmen egiten du gora erabilerak: %20,4 da.
Emakumeek gehiago
Aurrez egin izan diren beste hainbat ikerketak agerian utzi dute emakumeek gizonek baino gehiago egiten dutela euskaraz, eta ez dio kontrakorik Klusterraren behaketak. Adinekoetan ez gainerako adin talde guztietan handiagoa da euskararen erabilera emakumeetan.
Areago, adinean behera egin ahala, handiagoa da arrakala. 2-14 adin tartean, adibidez, nesken artean %17,7 da erabilera, eta mutilen artean, %12. 25-44 tartean, berriz, gizonezkoen arteko erabilera %9,6 da, eta emakumeen artekoa, %12,6; aldea, beraz, haurretan baino dezente txikiagoa da. Soziolinguistikoki, hor bada arakatu eta ikertu beharreko eremu bat, Klusterrak nabarmendu duenez.