Euskal Herria da Europako jaiotza tasa apalenetakoa duten lurraldeetako bat, baina Marta Luxan (Bilbo, 1970) soziologoaren arabera, ez da arduratzekoa. Demografian doktorea da Luxan, eta, egun, irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Urte luzez aztertu ditu Euskal Herriko gizarteak izandako aldaketak, eta, haren arabera, jaiotza tasaz gainera, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan erronka demografikoaz hitz egiteko garaian.
Europako jaiotza tasarik apalenetakoa du Euskal Herriak. Nolako eragina izan dezake horrek luze gabe?
Demografiari buruz hitz egitean, ezinbestekoa da testuinguru jakin batean kokatzea. Nire ustez, gaur egun egiten diren irakurketa batzuetan ez da askorik sakontzen, estratosferan daude. Jaiotza tasa gordina kontuan hartuta egin dira neurketak, baina, teknika horrez gainera, badaude beste batzuk ere. Jaiotza tasa apala da, baina nolakoa da bizitza itxaropena? Kalitatea da gakoa, eta ez kopurua, eta etorkizunean haur horien bizi baldintzak nolakoak izango diren aztertu beharko litzateke.
Jaiotza tasa apala izatea ez da arduratzekoa?
Hori ez da arazo bat: gertakizun bat da. Aztertu behar dena da ea gerora pertsona horiek nola biziko diren. Egungo gizartearen bizi baldintzen ondorioa da jaiotza tasa apala, eta zer-nolako etorkizuna nahi dugun irudikatzea da gakoa. Euskal gizartearentzat horren beharrezkoa bada jende gehiago egotea, konponbide erraz bat dago, giza eskubideei dagokienez ere onuragarria izango dena: mugak irekitzea eta Atzerritarren Legea bertan behera uztea. Zailtasunak jarri beharrean, ateak ireki beharko lirateke.
Eta nondik dator, beraz, erronka demografikoaren kezka?
Batzuek kezka moduan bizi izan dute beti, baina ez denek. Hori ziurtatzeko hainbat aldagai hartu behar dira kontuan. Sarritan hitz egiten da zahartze demografikoari buruz, baina bizi iraupenaren demokratizazioari buruz hitz egin beharko litzateke. Gizartea ez da izaki bizidun bat, eta demografia, sarritan, aitzakia bezala erabiltzen da beste gai batzuei aurre ez egiteko.
Hala ere, ugaltze tasa txikia izateak gizarte desoreka ekarriko du: adineko pertsonak gero eta gehiago dira; haurrak, aldiz, gero eta gutxiago. Zer ondorio izango ditu horrek adin piramidean?
Adin piramideak aspaldi utzi zion piramide izateari. Jaiotzen den jendeak zahartzeko aukera izatea da gakoa. Bat-batean jaiotzak handituko balira, beste desoreka bat egongo litzateke. Kopuruez hitz egiteak ez gaitu inora eramaten. Daukaguna kudeatzeko gai izan behar dugu: bizi baldintza duinak izango bagenitu, hobeto biziko ginateke, eta, agian, hala, ugaltzearekin dugun harremana ere aldatuko litzateke.
Eta, lan merkatuari dagokionez, jende gutxiago izateak kolokan jar dezake egun indarrean dagoen pentsio sistema?
Indarrean dagoen pentsio sistema erabaki politiko bat da. Egungo pentsioak lan egiten ari direnen kotizazioetatik ordaintzeak ez du esan nahi etorkizunean ere hala izan behar duenik. Hau da, ez du zertan jaiotzen arabera antolatuta egon. Berrikusi beharreko kontu bat da, eta badaude irtenbideak hori egokitzeko.
Migranteen etorrerak lagundu dezakeela aipatzen duenik ere bada. Migrazio mugimenduek zenbateraino arindu dezakete egoera?
Migrazioei buruz hitz egiteko garaian, tentuz ibili behar dugu. Pertsona horien bizi baldintzak oso txarrak dira, eta uste dut hori aztertu beharreko kontu bat dela. Gure bizilagunak dira, eta elkarrekin eraiki beharko genuke etorkizuneko gizarte hori. Ez gara zifrak, pertsonak gara.
Zaintza lana ere sarritan jarri izan duzu jomugan. Horixe da zure ustez gizartean dagoen erronka nagusietako bat?
Zalantzarik gabe. Uste dut ez zaiola behar bezala heltzen gai horri. Atzerritarren Legearen ondorioz, pertsona batzuk esklabotza egoeretan daude zaintza lanak egiten. Eta emakume asko ere itota daude: aldi berean ari dira aurreko belaunaldiak eta ilobak zaintzen. Lana berrantolatu behar da: etxeko lanak eta zaintza aintzat hartu behar dira enpleguaren barruan.
Zer zaintza eredu eskatu beharko luke datorren munduak?
Zaintza publikoaren aldeko aldarrikapen bat dago, baina, horrekin batera, zaintza komunitarioa ere bultzatu behar da. Inguruan ditugun pertsonekin bestelako harreman batzuk sustatu behar dira, eta elkarrekin antolatu. Izan ere, egun, zaintza baliabide ekonomikoen menpe dago, eta horretara dedikatzen den jende asko esklabotza egoeran dago. Alternatibak bilatzea da gakoa.
Oro har, zein da euskal gizartearen egungo argazkia zuen jakintza arloaren begiradatik?
Desoreka handiak dituen lurralde batean bizi gara. Leku batzuetan, jendea pilatuta dago, eta, beste eremu batzuetan, ordea, oso jende gutxi bizi da. Baina desoreka horiek hainbat arlotan izaten dira, ez bakarrik populazioari dagokionez. Esaterako, muga ekologiko bat dago, baina horri bizkarra emanda bizi gara. Irtenbideak bilatu beharrean, erritmo frenetiko horretan bizi gara oraindik ere. Bizi itxaropena oso luzea da egungo gizartean, baina aurrera egin ahal izateko oinarrizkoa da egiturazko aldaketa batzuk egitea.
Eta, aurrera begira, zer norabidetan doaz euskal gizartearen ezaugarriak?
Hori bai, hori birpentsatu beharreko zerbait da. Egiturazko aldaketa horiek egitean, funtsezkoa izan beharko luke familia erdigunean ez jartzeak. Familiaren zentraltasun horrek desagertu behar du, eta beste antolaketa eredu batzuetara jo behar da. Bestelako sare batzuk sortu behar dira. Egia esan, ikuspuntu hori ez dago oso zabalduta, baina, nire ustez, hori da bidea.
Demografia. Jaiotza tasaren beherakada. Marta Luxan. Soziologoa
«Jaiotzen den jendeak zahartzeko aukera izatea da gakoa»
Egungo jaiotza tasa apalak ez du kezkatzen Luxan, eta azaldu du kopurua ez baizik eta bizi kalitatea aztertzea dela gakoa. Zaintza lana ere aipatu du, eta zaintza komunitarioaren aldeko aldarrikapena egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu