Udako seriea. Beste habia bat (III)

Jaioterrian migratzaile

Maria Angeles Oñederra Euskal Herrian jaio zen, bizitza osoa Argentinan pasatu du, eta iaz migratu zuen jaioterrira. Etorkizunean ondo bizitzeko modua izatea, horixe izan du helburu joan-etorriko migrazio horretan. Sustraiak ozeanoaren bi aldeetan ditu.

Oñederratarrak, uztailean, Ikaztegietan duten etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oñederratarrak, uztailean, Ikaztegietan duten etxean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Ikaztegieta
2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Maria Angeles Oñederraren gurasoek Euskal Herritik Argentinara migratzea erabaki zutenean, beren hiru seme-alaben etorkizuna zuten buruan: etorkizun on bat izan ahal izatea. Historia errepikatu egin da haien familian. Duela hiru urte etorri ziren Euskal Herrira bizitzera Oñederraren alaba Maria Soledad Fernandes, suhia —Daniel Imoberdoff—, eta bi bilobak, Iñaki eta Maite Imoberdoff. Helburu bera zuten: seme-alabei etorkizun on bat izateko aukera ematea. Iaz batu zitzaizkien Oñederra eta haren senarra, Joaquin Fernandes. Oñederra Bedaroan jaio zen (Ea, Bizkaia), eta bizitza osoa Argentinan pasatu eta gero, Ikaztegietan (Gipuzkoa) bizi da orain. «Beti amestu dugu gure gurasoek utzitako herrira itzultzearekin, baina Argentinan bizitza bat eraiki dugu. Gogorra da», nabarmendu du jaioterrian migratzaile den Maria Angeles Oñederrak.

Haurtzaroko Euskal Herria ez du gogoan, urte eta erdi inguru baino ez baitzuen gurasoekin eta anai-arrebekin Argentinara migratu zuenean. «Errazionamendu handia zegoen, ilara oso luzea esne edo azukre pixka bat lortzeko... Arazo ekonomiko oso larriak. Aita baserritarra zen, eta gurasoek etorkizuna eman nahi ziguten: gu eskolara joatea nahi zuten», azaldu du Oñederrak. Gerraoste betean hartu zuten Cordoba itsasontzia, 1949an, Santurtzin (Bizkaia), eta Buenos Airesen jarri ziren bizitzen.

«Ez pentsa lana sobran zegoenik». Gainera, 1936ko gerran preso egona zen haren aita, eta elbarri utzi zuten. Dena dela, adreilu beharra zegoen inguru hartan: «Etxeak eraiki behar ziren». Hainbat kiderekin batera, adreilu lantegi bat sortu zuen Oñederraren aitak, eta aurrera atera ziren. «La esperanza [Itxaropena] izena jarri zion lantegiari, itxaropena baitzuen neure anai-arrebak eta ni ondo hazteko, eta noizbait Euskal Herrira itzultzeko», azaldu du.

Bizitza aurrera joan zen. Irakasle izateko ikasi zuen Oñederrak —nahiz eta biokimika ikasi nahi zuen, anaiak bezala—, baina beste lantoki bat izan zuen: bere bizilekuko udaletxea. Buenos Aires kanpoaldeko Jose C. Paz hiriko bederatzi alkateren idazkari pribatua izan zen Oñederra, harik eta erretiroa hartu zuen arte.

«Beti amestu dugu gure gurasoek utzitako herrira itzultzearekin, baina Argentinan bizitza bat eraiki dugu. Gogorra da»

MARIA ANGELES OÑEDERRAMigrantea

Bien bitartean, Joaquin Fernandes portugaldarrarekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituen: Maria Soledad eta Martin. 1982an loteriako bigarren saria eskuratu zuen Oñederrak, eta diru horrekin egin zuten lehen bidaia Euskal Herrira. «Hau ezagutu nuenean, zera pentsatu nuen: neure eskuetan dagoen guztia egingo dut Euskal Herrira bizitzera etortzeko. Ezagutu nuenean, honen parte nintzela sentitu nuen», aitortu du Maria Soledad Fernandesek, Oñederraren alabak.

Biokimika ikasketak egin zituen, eta, titulua eskuan, Euskal Herrira etorri zen bolada bat pasatzera. Bide batez, titulua homologatu zuen. Joan-etorriak egin zituen Fernandesek, baina Argentinan finkatu zen, bertan baitzituen lana, senarra eta seme-alabak. Baita gurasoak eta anaia ere. Eta Jose C. Paz hiriko Toki Eder euskal etxea. Izan ere, oñederratarrek hainbat jatorritako lagunak zituzten, baina baita beren jatorri berekoak ere, euskal herritarrak. Saretuz joan ziren, eta horren fruitua izan zen euskal etxea sortzea, 1996an. «Nik idatzi nituen estatutuak!», nabarmendu du Oñederrak.

«Hau ezagutu nuenean, zera pentsatu nuen: neure eskuetan dagoena egingo dut Euskal Herrira bizitzera etortzeko»

MARIA SOLEDAD FERNANDESMigrantea

«Euskara erakusten genuen —genekizkien lau gauzak—, euskal kantak abesten genituen, euskal dantzak egiten genituen...», azaldu du Fernandesek. Euskal etxe horren ardatza euskal kultura hedatzea eta hari eustea bazen ere, ez ziren horretan bakarrik aritu. «Jose C. Paz hiria Jose Vicente Altube oñatiarrak sortu zuen, eta haren lagun baten izena jarri zion hiriari. Oñatiko [Gipuzkoa] Altube familia Argentinan zituen senideak bilatzen hasi zen, eta guk sortutako euskal etxearen berri izan zuten», kontatu du Oñederrak. Hala, Jose C. Paz eta Oñati senidetu egin ziren 2000. urtean, euskal etxearen bitartekaritza lagun.

Gainera, oñatiarrek ikusi zuten Argentinan zer behar zituzten, eta labeak, erremintak, arropa, aterkiak eta beste hainbat baliabide bidali zituzten behar handiena zutenentzat, baita errota bat eraiki ere. Oñederra aritu zen bitartekari eta banaketa lanetan. «Senidetzeari esker, Argentinako familia behartsu askorengana iritsi ginen. Dena Oñatikoei esker. Ez dakite zein eskuzabalak diren!», esan du Oñederrak.

Euskal giroa

Iñaki eta Maite Imoberdoffek ere umetatik izan dute beren jatorriaren berri. «Amonak beti eramaten gintuen euskal etxera. Baserritarrez janzten ginen, txapela janzten genuen... Geure heziketaren parte izan dira euskal sinboloak eta kultura», kontatu du Iñakik. «Euskal dantzak ere bai. Nik arin-arina eta fandangoa dantzatzen ikasi nuen umetan. Gogoratzen dut!», erantsi du Maitek.

2019an ezagutu zuten Euskal Herria, aitona-amonekin eta gurasoekin. «Oso ederra iruditu zitzaidan!», oroitu du Maitek. «Hogei egunean goitik behera ezagutu genuen Euskal Herria, eta euskara entzun! Nahiz eta amonak eta amak zerbait erakutsia ziguten, ez genuen ezer ulertzen. Garai hartan, hizkuntza berri bat zen guretzat», kontatu du Iñakik.

Bidaia hori ez zen kasualitatea izan. «Argentina gainbeheran zegoen garai hartan. Ez soilik arazo ekonomikoengatik: segurtasun falta handia zegoen. Hau da, behin pistola batekin apuntatu zidaten, eta beste behin ama bahitzen saiatu ziren. Geure etxean ere sartu ziren... Gauetan ez nuen lorik egiten. Horregatik egin genuen bidaia, seme-alabek Euskal Herria ezagutu zezaten. Bueltatzean, hemen lana bilatzen hasi ginen, hona migratzeko», adierazi du Fernandesek.

Aitortu du erabakia hartzea «oso gogorra» izan zela: «Banekien Argentinan utziko genituela gurasoak, anaia eta bizitza osoko lagunak, baina Danielek eta biok geure seme-alaben etorkizuna lehenetsi genuen: haiek kaletik lasai ibili ahal izatea nahi genuen, inolako segurtasun arazorik gabe».

Hutsetik hastea

2021ean iritsi ziren Euskal Herrira, maskarak musuan. Fernandesek lana lortua zuen Donostiako enpresa bioteknologiko batean, eta haren senarra lan bila hasi zen, ez baitzuen titulua homologatuta. «Ziurgabetasun handia genuen. Ez genekien non geratuko ginen, baina lagun baten bidez bukatu genuen Ikaztegietako etxe honetan, eta oso gustura gaude. Dena dela, gogorra izan da. Argentinan klase ertainekoak ginen, baina hemen behetik hasi gara. Zaila izan da 50 urterekin hutsetik hasi behar izatea».

Haien seme-alabek ere hutsetik hasi behar izan zuten. Iritsi eta berehala sartu ziren eskolan, Tolosan (Gipuzkoa). Iñaki harritu egin zuen hezkuntza sistemak: «Argentinan ez dago aukerarik ikasgaiak aukeratzeko, eta hemen bai. Hori gustatu zitzaidan: zientziak egin ditzakezu, letrak...». Amaren bideari segituta, zientzietako batxilergoa egingo du datorren ikasturtean, Donostian, eta Maitek Tolosan jarraituko du ikasten, D ereduan.

«Euskara ikastea dezente kostatu zait, baina institutuan laguntza ematen didate. Orain ulertzen dut, eta datorren ikasturtean hitz egiten ikasi nahi dut», kontatu du Maitek. Iñakik, berriz, astean hamasei ordu eskaintzen zizkion euskara ikasteari Euskal Herrira etorri zenean, eta lagun batzuen bidez ere hobetzen ari da. 

«Argentinan ez dago aukerarik ikasgaiak aukeratzeko, eta hemen bai. Hori gustatu zitzaidan»

IÑAKI IMOBERDOFFMigrantea

«Haientzat, aldaketa handiena zera izan zen, kaletik lasai ibili ahal izatea», esan du Fernandesek, irribarrez. «Gurasorik gabe kalean ibili ginen lehen aldia 2022ko otsailean izan zen: Tolosako inauterietara joan ginen lagunekin. Gurasoak urduri zeuden, telefonoz deitzen, baina ni lagunekin oso ondo pasatzen ari nintzen, eta batzuetan ez nien erantzuten», esan du Maitek, barrez. «Guretzat aldaketa handia izan da, eta kostatu zait seme-alabak askatzea. Adi geunden une oro, baina ohitu gara kalean lasai ibiltzera!», segitu du Fernandesek.

Distira guztiak ez dira urre, ordea. Argentinako lagunen eta janariaren falta sumatzen dute; Iñakik, adibidez, egunero egiten du bideo dei bat hango lagunekin. Dena dela, ohitu dira Euskal Herrira, eta horrek berak bidea erraztu zien aitona-amonak haiekin bizitzera ekartzeko. Horrek, eta Argentinako egoera makurrak. «Senarrak Alzheimerren gaixotasuna du, eta ateak irekitzen ditu... Ikusita ez dagoela segurtasunik, nik ezin nuen lorik egin. Horregatik etorri ginen, baina asko kostatu zitzaigun. Han geneukan gutxi hura dena zen guretzat, bizitza oso baten fruitua, hango lagunak... Han dugu Martin semea oraindik», aitortu du Oñederrak. Iaz etorri ziren Ikaztegietara.

Haren senarra eguneko zentro batean egoten da, eta nabarmendu dute horrek asko erraztu duela denen bizitza. Oñederrak Toki Eder euskal etxea koordinatzen du oraindik ere, Euskal Herritik, eta euskara ikastera joaten da AEKra, Fernandesen moduan.

«Gurasorik gabe kalean ibili ginen lehen aldia 2022ko otsailean izan zen: Tolosako inauterietara joan ginen lagunekin»

MAITE IMOBERDOFFMigrantea

«Aldaketa handia da. Jose C. Pazek 500.000 biztanle ditu, eta Ikaztegietak, berriz, bostehun. Eta gauzak nola errepikatzen diren! Amak Argentinako beroarekin sufritzen zuen, eta faltan izaten zituen mendiak. Guk, ordea, geure lautadaren eta beroaren falta sumatzen dugu!», esan du barrez.

Diskriminazioa ere jasan dute. Esaterako: «Senarrari zera esan zioten administrazioan tramiteak egitean: ‘Zu hona ez zatoz eskatzera, lan egitera baizik. Bestela, itzuli zure herrira’. Izugarria izan zen hori entzutea!». Bestalde, Euskal Herriko osasun sistema Argentinakoa baino okerragoa iruditu zaie.

Dena dela, balantzea ona dela nabarmendu dute oñederratarrek: «Tramiteak zailak izan dira, baina oso pozik gaude hemen. Euskal Herriaren parte sentitzen gara!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.