Jaione Jauregi Espainiako Estatuko mugetatik atera ahal izango da. 2020an Belgikatik Espainiaratu eta espetxeratu egin zuten, 1981ean ETArekin lotutako atentatu batean parte hartu izana egotzita. 2023ko azaroan baldintzapean aske utzi zuten, egozten zitzaiona preskribatua zegoela ebatzi baitzuen epaileak, defentsa abokatuak eskatu zuen moduan.
Dena den, pasaportea kendu zioten, Espainiako Estatuaren mugetatik ateratzea debekatu, eta auzitegian aurkeztera behartu aldiro. Fiskalak hura aske uztearen kontrako helegitea jarri zuen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jauregiren defentsari eman dio arrazoi, ebatzi baitu auzia preskribatuta dagoela.
2004koa zen Jauregiren aurkako auzipetze autoa, eta orduan egin zion Espainiak haren aurkako lehen estradizio eskaera Belgikari. Estatu hark hiru bider eman zion ezezkoa Espainiaratzeari. 2019an, ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Belgika zigortu zuen erabaki haiengatik. Eskaera berri bat tarteko, 2020ko azaroan onartu zuen estradizioa, 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil izana egotzita. Aurreko astean aztertu zuten Auzitegi Nazionalean ea Jauregi epaitu edo ez. Defentsak argudiatu zuen hura preskribatuta zegoela.