Gaur goizean igaro da Jaione Jauregi euskal iheslaria Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta, Alfonso Zenon abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, Jauregik ukatu egin du auzitegiak leporatzen diona, alegia, 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil izana. Halaber, Jauregik adierazi du azken urteotan ez dela ezkutuan egon: bizitza arrunta egin duela Ganten, eta bertzeak bertze lanean aritu dela.
Fiskalak Jauregi espetxeratzeko eskatu du, eta Zenon abokatuak, berriz, Jauregi askatzea galdegin du, leporatzen dioten delitua preskribatuta dagoelako, «modu argian». Izan ere, Jauregiri leporatzen dioten delitutik ia berrogei urte igaro dira jada —hogei urteren buruan preskribatzen dira halako kasuak, abokatuaren arabera—, eta 2005era arte ez zen Jauregiren izenik aipatu prozeduran. Jose de la Mata epaileak, ordea, Jauregi espetxeratzea erabaki du.
Belgikako Kasazio Auzitegiak joan den asteartean erabaki zuen Jaione Jauregi euskal iheslaria Espainiaratzea, eta joan den ortzegunean atxilotu zuten, Ganten. Eskumuturreko elektronikoarekin egon behar zuen berez Madrilera eraman arte, baina atxilo eduki zuten, eta kartzelatik erran zion BERRIAri Belgikako eta Espainiako gobernuek «trukerako txanpon gisa» erabili zutela. Jauregik 42 urte daramatza erbestean, eta bizitza arrunta egiten zuen Belgikan, atxilotu duten arte. Honela kontatu zion larunbatean BERRIAri bere ibilbidea: «Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik nengoela handik alde egin behar izan nuen paperak kendu zizkigutelako, eta garai hartan GALek ere lasterka ibiltzera behartu gintuen. Handik Mexikora joan nintzen, eta gero Belgikara etorri nintzen. Hemen ere jazarpenak ez du etenik izan».
Atzo eraman zuten Jauregi Ganteko kartzelatik Madrilera, eta gaur igaro da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik. Espainiak duela ia berrogei urteko hilketa batengatik eskatu zuen Jauregiren estradizioa. ETAko kide gisa 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatzen diote, hain zuzen.