«Justiziak bere lana egin artean eta preskripzioa edo errugabetasuna frogatzen ez diren artean» Jaione Jauregi euskal presoa aske utz dezatela eskatu dute Ganteko (Belgika) berrehundik gora herritarrek. Gutun bat bidali diete Espainiako Estatuko 99 hautetsiri, eta Jauregi libre uztea galdegin diete. Idatzian zehazten dutenez, «frogatuta» dago Jauregik bere burua justiziaren aitzinean aurkezteko prestasuna duela, eta, beraz, haren kasua ebatzi bitartean aske behar lukeela adierazi dute.
Europako Parlamentuko eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko 99 politikariri bidali diete gutuna: PSOE, Podemos eta Euskal Herriko eta Kataluniako alderdietakoei. Gutunaren bidaltzaileek BERRIAri jakinarazi diotenez, 30ek baino gehiagok ireki dute jada gutuna. Euskal Herriko eta Kataluniako hautetsiek, halaber, bertze hainbati birbidali diete eskutitza.
Gutunean nabarmentzen denez, Espainiako justizia ez da errespetatzen ari Jauregiren errugabetasun presuntzioa: «Kartzelako, justiziako eta Poliziaren hainbat dokumentutan lotzen dute ETArekin, baina hori ez dago frogatuta, eta ezein auzitegik ez du adierazpenik egin horri buruz». Azpimarratzen dute, halaber, ETAk bere burua desegina duela jada, eta Jauregik 40 urte daramatzala Espainiako Estatutik kanpo ostalaritzan lanean. Jauregiren espetxeratze baldintzak ere salatu dituzte: FIES erregimenean dago, eta «hotza pasatzen», nahiz eta ebakuntza batengatik gaixo baimena harturik zegoen. Jauregirentzako tratu «duin eta justua» emateak «iraganean baino etorkizunean oinarritutako gizarte baterantz hurbiltzeko aukera» emanen luke, izenpetzaileen hitzetan.
Joan den azaroan Espainiaratu zuten Jauregi Belgikatik, 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatuta. Espainiaratua izan baino egun batzuk lehenago, BERRIAri adierazi zion «trukerako txanpon» gisa erabiltzen ari zirela.