Daniel Jimenez. Hordago herri ekinbideko kidea

«Jaiolekuaren arabera aitortzea eskubideak? Hori diskriminazioa da»

Hordago mugimendua iazko azaroan aurkeztu zutenetik, Erriberako herritar ugarik «ikusminez» eta «parte hartzeko gogoz» hartu dute egitasmoa. Antolatzaileetako bat da Daniel Jimenez tuterarra.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Harro daude sortutakoaz. Gogotsu urrats gehiago egiteko. Daniel Jimenez (Tutera, Nafarroa, 1999) euskara ikaslea da Erriberako hiriburuko euskaltegian. Berak urteetan sufritutako trabak ez ditu nahi hurrengo belaunaldientzat.

Nola sortu zen Hordago herri ekinbidea?

Erriberako zenbait pertsona elkartu ginen, hizkuntza eskubideen gaineko kezka genuelako. Hasierako talde horretan euskaldun batzuk ziren, euskaldun berriak, euskara ikasleak... baina baita erdaldunak izanda euskaltzaleak zirenak ere. D ereduko ikasleen gurasoak, adibidez. Hainbat bileraren ostean, Cortesen egin genuen taldearen aurkezpena, iazko azaroaren 13an.

Cortesko Adierazpena aurkeztu zenuten ekitaldi hartan. Zer aldarrikatu zenuten?

Funtsean, adierazi genuen euskara dela Nafarroa osoko hizkuntza propioa, baita eremu ez-euskalduntzat jotzen duten horretan ere. Hortaz, gure helburua da oinarrizko baldintzak sortzea, euskararenzonifikazioa behingoz desagerrarazteko, hori baita, gaur-gaurkoz, euskara ikasi edo euskaraz bizi nahi duen edozein nafarrek duen traba nagusia.

Zergatik?

Hasteko eta behin, absurdoa da Nafarroa hiru eremutan zatitzea. Banaketa arbitrario horrek, gainera, ez dio erantzuten ezein irizpide linguistikori. 2017an, Euskararen Legea azkenekoz moldatu zutenean, zenbait udalerrik egin zuten eremu ez-euskaldunetik eremu mistorako bidea, herritarren gehiengoak hala eskatu zuelako. Ilogikoa eta zentzugabea da horrela ibili behar izatea, berez dagozkigun eskubideak aitortuak izan daitezen. Tira, eremu ez-euskaldun bat existitzea bera, zeinean hizkuntz eskubideak urriagoak diren... hori da logikarik ez duena.

Zenbait alderdik eta eragilek, ordea, «euskararen inposizioaren» diskurtsoa darabilte, zonifikazioari eusteko...

Gu geu gara, Erriberako herritarrak, argudio faltsu horren aurkako froga agerikoena. Hemen zerbait inposatu bazaigu, gaztelania da inposatu zaiguna. Eta nabari da: euskara ikasteko zailtasun handiagoak, baliabide publiko urriagoak, euskaraz bizitzeko ezintasuna... Zonifikazioak ezarritako muga horien alde batean edo bestean jaio izanak baldintzatzen digu ia dena, baita gure arteko harremanak ere.

Manifestazioaren deialdian herritarren eskubideak jarri zenituzten erdigunean. Uste duzu euskararen gaineko eztabaida publikoa desbideratu dela?

Bai. Eskubide kontua da: jaio zaren tokiaren arabera eskubide gehiago ala gutxiago aitortzen badizkizute, hori egoera bidegabe bat da. Diskriminazioa. Gure aldarria oso sinplea da: Beran, Cortesen, Etxarri Aranatzen, Tafallan edo Iruñean jaio bazara ere, hizkuntza eskubide berberak dituzu.

Erriberako euskaltzaleez gain, beste eskualde batzuetako kideak ere badituzue. Nola funtzionatzen du Hordagok?

Bai, zonifikazioak ez digulako Nafarroako hegoaldeko herritarroi soilik eragiten. Denon eskubideak dira jokoan direnak. Hortaz, Hordago Erriberan sortu bazen ere, beste zenbait eremutako kideak ere baditugu. Zehazki, talde eragile bat arduratzen da eguneroko erabakiak hartzeaz, eta hor biltzen gara Erriberako, Sakanako, Tafalla inguruko eta Iruñerriko kideak. Tafallan egin ohi ditugu bilerak, erdibidean dagoelako.

Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Orain arte, manifestuaren aurkezpena [iazko azaroan] eta larunbateko manifestaziorako deialdia [ekainean] izan dira gure ekitaldi publiko bakarrak, baina nabaritu dugu jendea hasia dela mugitzen. Sare sozialetan, adibidez, hartu-eman ugari izan ditugu, eta badirudi lortu dugula ilusioa piztea.

Errigorak eta Agerraldiak kontzertu bat antolatua zeukaten manifestazioaren egunerako, baina Tuterako Udalak ez die baimena eman, eta bertan behera utzi behar izan dute. Zer gertatu da?

Hordagok ez du parte hartu kontzertu horren antolaketan; hortaz, ezin dut xehetasun askorik eman. Dakiguna da Errigora eta Agerraldia behin baino gehiagotan bildu direla Tuterako Udalarekin, hamaika proposamen egin dizkiotela kontzertua egin ahal izateko, baina udalak itxikeria erabatekoz jokatu duela eta baimena ukatu diela, motibo argirik gabe.

Biharko manifestazioaz gain, hasi zarete beste mobilizaziorik prestatzen?

Oraingoz, buru-belarri gabiltza manifestazioaren prestaketa lanetan, baina gure asmoa da aurrera segitzea eta deialdi gehiago egitea, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.