Pastor
Darwin eta gu

Jainkoa jaio da Palankan

2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Ijitoak Mariaren Bihotzeko plaza zabalean daude; hegoamerikarrak, kalean zehar sakabanatutako taberna batzuetan, non euren herrialdeen banderak dituzten; magrebtarrak, Maiatzak 2rekin bat egiten duen bidegurutzean; beltz afrikarrak, aldiz, Fleming Doktorea plazan, Kantaloja zubiaren ondoan. Guztiak beren lekuan; guztiak elkarrekin, baina guztiak bereizita.

Bilboko Palanka aldeko giroa deskribatu zigun Jon Arretxek 19 kamera nobelan: immigrazioa, prostituzioa, delinkuentzia, bizirik irauteko bizimodua eta borroka ageri dira lanean. Baita Touré professeur detektibea ere, Mozoilo Baltza tabernako kartelak harrituta eta kitzikatuta —«zupaldiak bi eurotan eta garagardoak bostetan?»— lantzean behin Kris deritzon prostitutaren zerbitzuak jasotzen dituena.

Palankak hortxe segitzen du egun, baina prostituzioak beste itxura bat hartu du azken urteotan. Euskal Telebistak kaleratu berri duen lanak horixe azaldu du: sexu langileek alde egin dute kaleetatik. Jakina da Gorte eta San Frantzisko kaleak zer ziren 80ko urteetan heroina sartzen hasi zen arte: festa giroa nonahi, jan eta edan, ikuskizunak, giro alaia, mutil gazteek birjintasuna galtzeko lekua. Eta emakumearen gorputzaren esplotazioa.

Euskal Telebistaren arabera, hemen prostituzioan jarduten duten emakumezkoen %98 atzerritarrak ditugu: hegoamerikarrak, afrikarrak, Europako Ekialdekoak... Egoera latzean bizi dira. Libre erabaki dute bizimodu hori? Ezaguna da esaldia: inor ez da puta izateko jaiotzen. Baten bati halako gogoa piztuko zitzaion jaunartze egunean apezaren eskutik lehen ostia jaso zuen unean bertan, baina zenbati? Hala balitz ere, kasurik gehienetan ez da horrela izaten. Zenbat dira sexu eraso faltsuak, gezurrezkoak, salatzen dituzten emakumeak? Salaketa guztietatik zer portzentaje osatzen dute? Halakoren batzuk egongo dira, baina horrek ez du balio errealitate gordina ezkutatu edo samurtzeko. Salaketak sinesten segitzen dugu. Zergatik ez dugu berdin egiten prostituzioaren kasuan? Zergatik bihurtzen dugu salbuespena arau, beste kasu guztiak dudazko bihurtzeko?

Munduko herrialderik putazaleenetako bat dugu Espainia. Hego Euskal Herrian ez gaude ohorezko postu horretatik urrun. Horretan ere txapeldunak. Orain, Eguberrietan, zenbat lagun joango dira, hainbeste bazkari eta afariren ostean, sexu ordainduaren bila gure hirietan barrena? Behinola, San Tomas eguna Palankan euskara gehien entzuten zen eguna omen zen. Gaur, prostitutek etxe pribatuetan egiten dute lan, hirian zehar banaturik. Azala bestelakoa da. Mamia, ordea, ez. Izan ere, euskaldunok putetara joaten segitzen dugu, baina hizkuntza-konplexuak gainditzen hasita. Ahobizi: nire zakilak pozik nahi du bizi. Belarriprest: paga dos y te hago tres.

Jainkoa jaio da Otxarkoagan ipuina argitaratu zuen Gabriel Arestik Egan aldizkarian, 1962an. Damaso Aurtenetxe eta Mertxe Zabala senar-emazteak Negurin bizi dira. Gizona ez da zoriontsua. Gaztetan amodioa pasatzen utzi zuen. Madalen Linares, Andaluziatik Bizkaira etorritako batere eskolarik gabeko neskamea, haurdun utzi zuen. Aitak hori konponduko zutela esan zion, ez zoratzeko. Oihenartek esana gogorarazi zion: «Amorantea eder eta emaztea zuhur». Edo amorantea pobre eta emaztea aberats.

Arestik ipuina idatzi zuen garaian Otxarkoagan ez ezik, Palankan ere jaioko zen aita ezagun gabeko umerik. Eguberrietan edo beste sasoi batean. Jon Arretxek 2012an argitaratu zuen liburua, 50 urte geroago. Mundua aldatu egin da, baina ez uste bezainbat. Orduan legez, gizarte-klaseek bizirik segitzen dute —«klase borroka badago, noski. Eta geu irabazten ari gara», esan du Warren Buffett aberats estatubatuarrak, ea behingoz jabetzen garen—. Neguriko ospe handiko medikua Otxarkoagako edo Palankako herritar xume batekin ezkondu? Gehienez ere, amorante hartu, arratsaldez kalenturak eta abenturak bizitzeko. Gauez etxe gozora itzuli eta Mertxe Zabalarekin ohe eder bezain hotzean hiltzen segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.