ESPETXE ESKUMENA

Jaime Tapia izanen da Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko aholkularia

Eusko Jaurlaritzak berak jakinarazi duenez, sailburuordetza baten mailako aholkulari postua izanen du Tapiak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren barnean. Beatriz Artolazabal sailburuaren ondoan egonen da. Gaur egun Arabako Probintzia Auzitegiko zigor arloko presidentea da, eta 33 urte daramatza magistratu lanetan.

Jaime Tapia, 2018an. DAVID AGUILAR / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 10a
11:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du nor izanen den Eusko Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatuko duen pertsona: Jaime Tapia jurista izendatu dute aholkulari, eta sailburuordetza baten maila emanen diote bere postuari. Arabako Probintzia Auzitegiko zigor arloko presidentea da Tapia, eta 33 urte daramatza epaile lanetan. Martxoaren 31n zeregin horri utziko dio, eta Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren barnean arituko da, Beatriz Artolazabal sailburuaren aldamenean. Tapiak izanen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxe eredua zehazteko ardura, aurrerantzean: «Magistratuak Artolazabal sailburuarekin lan egingo du zuzenean, eta hari emango dio Euskadin Eusko Legebiltzarrak 2019an onartu zituen ebazpenetan sakonduko duen berezko espetxe eredua eraikitzeko moduaren inguruan duen ikuspegi adituaren eta profesionalaren berri; hura izango da arlo horretan ibilbide orria», zehaztu du Jaurlaritzak gaur goizean, ohar baten bidez.

Jaurlaritzaren erranetan, espetxe eskumenaren «helburu nagusi» izanen dute «presoen eta zigortuen birsozializazioa errealitate izatea», eta, zehaztu dutenez, «ezinbestekoa» izanen da «horretarako bide emango duten eta hura sustatuko duten baldintzak sortzea». Eusko Jaurlaritzaren ustez, Tapiak «esperientzia handia» du epailetzan, eta horregatik da egokia eman dioten lanerako: «Zigor Zuzenbideko irakaslea da UNEDen, 2011tik; hainbat eta hainbat argitalpen sinatu ditu zenbait hizkuntzatan, eta hitzaldiak eman ditu zenbait herrialdetan, euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana baitakizki. Era berean, jurisdikzio ordena zibil eta penaletako magistratu espezialistetako bat da –gutxi daude–, eta gazte jurisdikzio penalekoa. Curriculum hori kontuan hartuta, bere esperientzia esanguratsua izango da Euskadin espetxe tratamenduaren ildo estrategikoak idazteko orduan».

Ibilbide luzea izan du epailetzan Jaime Tapiak, hain zuzen, eta, tartean, hainbat kasu entzutetsutan parte hartu du: 2018an, erraterako, epaile izan zen EAJren Araba Buru Batzarreko hainbat kide zigortu zituzten De Miguel auzian. 2010ean, berriz, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente izateko hautagaia izan zen –Juan Luis Ibarra hautatu zuten orduan—. Euskal presoen gaiarekin ere izan du harremana: 2018ko urrian, erraterako, Foro Sozial Iraunkorrak Gasteizen antolaturiko Garai berrietan espetxe politika berria mahai inguruan parte hartu zuen bertze hainbat magistraturekin batera. Salbuespenezko espetxe politikaren kontra mintzatu zen solasaldian, eta biktimek egun betetzen duten egitekoaz eta bete beharko luketenaz ere aritu zen: «Biktimek ez lukete zertan erabaki nolakoa izan behar duen espetxe legediak; ez lukete presoen egoeraren inguruan erabakitzeko ahalmenik izan behar».

Eskumenaren transferentzia

Jaurlaritzak zehaztu duenez, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketen egutegia mantentzen ari dira, eta martxoaren 31 «baino lehen» eginen dute «errealitate» espetxe eskumenaren eskualdaketarako akordioa. Zehaztu dute, halere, akordioaren «eraginkortasuna markatutako denborek baldintzatuko» dutela.

Orain arte zenbait bilera egin dituzte, eta horietan «iragateko zailagoak izan diren beste gai batzuk» landu dituzte, bertzeak bertze langileentzako aurrekontuak, kontratuak eta ondasun higiezinak. 1.300 preso inguru, 630 funtzionario eta bertze ehun langile daude Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan, Jaurlaritzaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.