Andreek eta gizonek jaietan pareko parte hartzea izateko, Emakumeok Plazara proiektua abiatu du berriz ere Bilgune Feministak. Elkarteko kide Miren Aranguren BERRIAn izan da, irakurleen galderei erantzuteko.
Emakumeok jaietan dugun rola kulturala bada, nola gainditu dezakegu hori? Marta.
Emakumeon rola kulturala dela diogunean, jendarteak eraikia dela esan nahi dugu. Zaila da eremu bakarrean eraginda emakumeoi egokitu zaigun rola gainditzea, baina jaietan eta espazio kulturaletan gure protagonismoa txertatuta, jaietako diskriminazio asko bukatu dezakegula uste dugu. Askotan, egitarauak begiratzean, emakumeok ez dugu islarik; hori iraultzea da Emakumeok Plazara-ren asmoa.
Zein ekarpen egin dezakegu gizonok edozein inguru emakumeentzat ahalik eta egokiena izateko? Luki.
Hasteko, sistema patriarkalak duen eraginaz jabetu eta bakoitza zein posiziotan kokatzen gaituen aztertu behar dugu. Gizonak pribilegioen posizioan kokatzen ditu, nahiz eta mugaz beteriko posizioa izan. Jendarteak eskaintzen dituen pribilegio horiek alde batera uztea da egin dezakezuen ekarpen nagusia. Emakumeok esateko duguna entzun, baloratu eta elkarrekin bidea egin behar dugu.
Zein da jaien ikuspegi feminista? Zer esan nahi du horrek? Lore.
Ikuspegi feminista eta emakumeon ikuspegia, gure ustez, ez da berdina; feminismoak jendartea eraldatzeko helburua du; zapalkuntza bat amaitzea du xede. Aldiz, emakumeon ikuspegiak ez du zertan hori izan. Berdintasunaren aldekoa izatea, pertsonen arteko beste harreman batzuen alde borrokatzea, feminista izateko modu bat da, nire ustez.
Miren Aranguren. Bilgune Feministako kidea
«Jaien egitarauetan, emakumeok ez dugu islarik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu