Jai parekideen alde «aternatiba eraiki» nahi du Gora Iruñea-k

Eraso sexistek jaietan eta egunerokoan duten eragina lantzeko ikastaroak antolatu ditu

Gora Iruñea plataformako ordezkariak, atzo, antolatu dituzten ikastaroen berri emateko egin zuten agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Eraso sexistarik gabeko jaiak. Gizonek eta emakumeek berdintasunean biziko dituztenak; azken finean, «jai askeak eta gozamenez beteak». Helburu hori lortu nahi du aurten ere Gora Iruñea plataformak. Izan ere, ohartarazi du egunerokoan emakumeek jasaten dituzten jazarpenak eta horien ondorioak «areagotu» egiten direla jai giroko harremanetan. Emakumeek «oraindik» jai eremuetan eraso sexistarik gabeko gunerik ez dutela ere salatu du plataformak.

Egoera hori bultzatzen duen sistemari buruz gogoeta egin nahi ditu taldeak, eta «alternatiba eraikitzeko» sei ikastaro antolatu ditu. «Sistema heteropatriarkalarekin lotura duten hainbat gai» eta horiek eguneroko harremanetan duten eragina lantzeko ikastaroak izango dira. Jaiak aske gozamenez bete kanpainaren barruan egingo dituzte. Otsailean hasiko dira, eta uztailean amaitu, San Fermin jaien atarian. Atzo egin zuten ikastaroen aurkezpena.

Jai askeen testuinguruan kokatu du kanpaina Gora Iruñea-k, eta solasaldiak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, «norberaren formakuntzan ere aurrerapausoak emateko». Iruñeako talde feministek bideratuko dituzte ekintza guztiak, eta emakumeentzat, gizonentzat eta nerabeentzat izango dira. Irekiak izango dira.

Angela Epaltza Gora Iruñea plataformako ordezkariak azaldu duenez, «garrantzitsua da ekintzak kolektibo ezberdinetara zabaltzea, parekidetasuna lortzeko gero eta jende gehiagoren parte hartzea behar baita».

Jai parekideen alde lanean dihardu Gora Iruñea-k azken urteetan. 2014ko sanferminetarako, ordea, lantalde propioa osatu zuen, eta, ordutik, hiriburuko auzoetako jai batzordeekin eta lagun taldeekin elkarlanean ari da. Eraso sexisten aurkako protokolo bat ere badu plataformak, baina, aurten, beste pauso bat eman eta «publiko guztiari zabaldutako ekintzak» antolatzea erabaki du.

Epaltzak azaldu duenez, gero eta jende gehaigok parte hartzen du lantaldean, eta orain arte jaso duten erantzuna «oso ona» izan da. «Orain, baina, sakonago lan egingo dugu jai parekideen alde», gehitu du. «Eraso sexistak sistema heteropatriarkalaren goiko punta besterik ez» direla nabarmendu du Gora Iruñea-ko kideak, eta erantsi du «benetako gune askeak lortzeko lanketa eta hausnarketa» egin nahi dutela antolatu dituzten ekintzen bidez.

Esparru zehatzetara begira

«Maitasun erromantikoaren ezkutuko indarkeria, berdintasuna, emakumeen ahalduntzea eta boteretzea, identitatea eta halako gaiak» landuko dituzte, besteak beste, ikastaroetan. «Ekintza batzuk emakumeentzat bakarrik izango dira; beste batzuk, gizonentzat. Bientzakoak ere egongo dira, eta baita gazteei begirakoak ere», azaldu du Epaltzak. «Parekidetasuna eta berdintasuna esparru ezberdinetara zabaltzea da helburua, baita jaiguneetara ere».

Emagin, Gizonenea, Lastotan Kooperatiba, Kattalingorri, Bilgune Feminista eta Gora Iruñea elkarteek gidatuko dituzte ikastaroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.