Jai eremua Palestinarekiko elkartasunez betetzeko eskatu dute Bilbon

Aste Nagusiren bezperan, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazioa egin du; Bilboko Konpartsek ere parte hartu dute. Palestinaren erresistentziarako eskubidea babesteko eta Israel eta haren konplizeen aurka borrokatzeko deia egin dute.

Palestinaren aldeko manifestazioa gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Palestinaren aldeko manifestazioa gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abuztuaren 16a
20:40
Entzun

Hamar hilabete baino gehiago igaro dira Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik. Ordutik, elkartasun ekintza ugari antolatu dituzte Euskal Herrian. Jaietan Palestinari buruz hitz egiteari ez uzteko, manifestazioa egin dute gaur Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Bilboko Konpartsak ere bertan izan dira. Aste Nagusiaren bezperan, jai eremua Palestinarekiko elkartasunez betetzeko eskatu dute.

Aste Nagusian ere, Israel borrokatu lelopean, Plaza Eliptikotik abiatu dira bertaratutakoak, eta Arriaga plazan amaitu dute protesta. Amaieran irakurritako adierazpenean, Aste Nagusian Palestina presente egon dadin exijitu dute plataformako kideek: «Une guztiak dira onak genozidioari aurre egiten jarraitzen duen herri duin eta ausarta ikusarazteko». Plataformaren ustez, jaiak «aldarrikapen diferenteak sozializatzeko beste gune bat» dira, eta horregatik egin dute lan hainbat jai batzorderekin, aldarrikapen batzuk azaleratzeko asmoz.

«Palestinako herriari eta bere erresistentziarako eskubideari babes osoa adierazi behar diogu», esan dute. Eta gehitu dute ezin dela «ekidistantziarik» egon, Palestinan gertatzen ari dena ez baita «berdinen arteko gatazka» bat: «Hemen, entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat daude; beraz, ezin dira inolaz ere zapaltzailea eta zapaldua berdindu». Are, nabarmendu dute «basakeria koloniala» ezin dela berdindu «jatorrizko herri baten autodefentsa zilegiarekin».

Israel eta «haren konplizeen» aurka borrokatzea ere ezinbestekotzat jo dute, eta Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrerak kritikatu. Alde batetik, salatu dute Espainiako Gobernuak, nahiz eta «irudia garbitu nahian» Palestinako Estatua aitortu duen, «eskuak odolez zikinduta» dauzkala, Israelen bazkide nagusietako bat delako «armen salerosketan eta bestelako harreman komertzialetan». Bestetik, gogoratu dute Frantziako Gobernua «sionismoaren babesle aktiboa» dela. Europako Batasuna ere izan dute hizpide; Israelekin «harreman pribilegiatuak» dituela esan dute. «Kolaborazio horien guztien erruz existitzen da Israel eta gauzatzen du Palestinaren aurkako genozidioa». Hori dela eta, kolaborazio horiek eten daitezen presio egitea exijitu dute, «boikota, desinbertsioa eta zigorrak» eskatuz.

Elkartasunaren «kriminalizazioa»

Plataformako kideen arabera, Palestinarekiko elkartasuna «kriminalizatzen» ari dira; aktibista batzuk zigortu eta identifikatu dituzte Euskal Herrian. Epaiketei eta isunei aurre egiteko eta Palestinaren aldeko lanarekin jarraitzeko, abuztuaren 17an, 20an eta 23an banderak, kamisetak eta postalak salduko dituzte Zamudioko Atean. Gainera, elkartasun itsulapikoak jarriko dituzte hainbat txosnatan.

Plataformako kideek badakite «basakeria sionista» ez dela bere kabuz amaituko. Gogoratu dutenez, hamar hilabete hauetan «bonbardaketak, biztanleriaren desplazamendua eta horniduren mozketa» etengabeak izan dira Gazan; Israelek 40.000 lagun hil ditu han iazko urriaren 7tik. Zisjordanian ere erasoek ez dute etenik. Horregatik, «sionismoaren eta haren kolaboratzaileen kontrako borroka» areagotzeko deia egin dute. «Ibaitik itsasorainoko zapalkuntzarik gabeko Palestina eraikitzeko, errefuxiatuen itzulera eta presoen askatasuna bermatzeko, ezinbestekoa da Palestina deskolonizatzea eta Israelen entitate koloniala desagertzea», erantsi dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.