«Jai» bihurtzen ari den azoka

Urriko azken asteleheneko azokak jendetza biltzen du urtero Gernikan. Aurten, 241 postu izan ditu, jatekoak, edatekoak eta artisautza produktuak eskainiz. Bertakoek eta saltzaileek salatu dute, halere, lehen azoka zena jai bihurtzen ari dela.

Gernikako azken asteleheneko azoka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernikako azken asteleheneko azoka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
irene baranano
2024ko urriaren 28a
20:00
Entzun

Bereziak dira astelehenak Gernikan (Bizkaia), azokagatik, baina, gaurkoak, hozkailua betetzeko aukera emateaz gain, jairako gonbita ere egin du. Eguraldia lagun, 241 postuk eta milaka bisitarik bete dituzte Gernikako kaleak urriko azken astelehena aitzakia hartuta. Barazkiak, ama orez egindako ogia, kontserbak, txakolina eta sagardoa, eztia, euskal pastela, gazta... Jendetza bildu da horien inguruan, baina are gehiago talo postuen eta txosnetako barra likatsuen aurrean.

Azoka izaera hori galdu dutela nabarmendu dute kantuan Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek, eguerdian Merkurio plazan egindako bertso saioan. Hauxe bota du Lizasok: «Zeinen ugari dauka Gernikak/ ia urteroko zita/ ta lehen gehienak gero etxerantz/ baina zerbait erosita/ pentsatzen nago jende gehiena/ esku hutsik ikusita/ asko eta asko etortzen dela/ kartera etxean utzita». Enbeita muxikarrak ere (Bizkaia) antzeko iritzia du: «Lehen azokan kontau deuskue/ gaur deitziela iritzi/ paseanteak badabiltzala/ baina erosleak gitxi».

Gernikako azken asteleheneko azoka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernikako azken asteleheneko azoka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Lehen, azoka izaten zen. Gaur egun, azoka baino gehiago jaia da, jendea egun-pasa etortzen da», esan du Iñigo Aurtenetxek. Erreminten familia negozioarekin joan da. Baserrirako eta baratzerako erremintak saltzen dituzte, eta aldaketa esanguratsua nabari du aitarekin joaten hasi zen urteak eta gaur egungoa konparatuta. «Lehen, soroko makinak, traktoreak, motozerrak eta horrelakoak saltzen genituen; gaur egun, jende gutxik du baserriko edo soroko bizimodua. Lorategiak zaintzeko tresnen bila etortzen dira gehiago». Azoka, beraz, moldatu egin behar izan dute, eta, duela bi urtetik, belarra mozteko robot autonomoa dute «produktu izarra». Onartu duenez, azokan jostailuzko lanabes asko ere saltzen dituzte: motozerrak, sasi garbitzeko makinak, motorrak... Umeei baserriko lana ezagutarazteko plastikozko edo egurrezko makinak dira, gezurrezkoak.

«Lehen, soroko makinak, traktoreak, motozerrak eta horrelakoak saltzen genituen; gaur egun, lorategiak zaintzeko tresnen bila etortzen dira gehiago»

IÑIGO AURTENETXEAurtenetxe erreminten familia negozioaren kudeatzailea

Benetako nekazariak horren alboko kaleetan izan dira. Barazki postuen kopurua erdira jaitsi da iaztik: 25etik 13ra. Halere, «dena saltzea» espero du Isabel Abajo baserritarrak. Astelehenero jartzen du bere fruta salgai Gernikan, baina gaur «askoz ere kilo gehiago» ekarri ditu Gatikatik (Bizkaia). Aitortu du «urte txarra» izan dela sagar uztarentzat, abuztuko bero boladek hostoen itzalpean ez zeuden loreak erre baitzituzten, baina berak «zorte handia» izan duela dio, «nahikotxo» batu duela.

Oihane Ojangurenek «pila bat» nabaritu du sagarrarentzat eta mahatsarentzat urte txarra izan dela. Hala ere, moldatu dira hiru txakolin mota —zuria, gorria eta beltza— eta sagardoa eramateko, eta zerbitzatu eta zerbitzatu dabiltza. Asier Lizarralde elgoibartarrarentzat (Gipuzkoa) «urte ona» izan da, eta, hamabost sagar mota nahastuta egindako sagardoa eta zukua ditu salgai. Azken hiru urteetan izan da urriko azken asteleheneko azokan, eta «bezeroak fidelizatzeko» leku aproposa deritzo urriko azken asteleheneko azokari.

Ane Miren Arejita gernikarrak lanean jai hartu du, «batez ere, produktu batzuk erosteko, zeozer hartzeko eta taloak probatzeko». Talorik «onena» zein den erabakitzea izaten dute urtero denbora-pasa egun horretan. Txikitatik bisitatu du urriko azken asteleheneko azoka, eta nabaritu du azken urteetan ez dagoela hainbeste postu. Hala da: iaz, 307 izan ziren, eta, 2022an, 293. «Egia da, beharbada, jendea gehiago datorrela ikustera, eta ez hainbeste erostera», iritzi dio Arejitak. Hori dela eta, bera bertan kontsumitzen saiatzen da, «hurbileko» produktuak bultzatzeko.

«Egia da, beharbada, jendea ikustera datorrela gehiago, eta ez hainbeste erostera»

ANE MIREN AREJITAGernikarra

Poztuko zatekeen Onintza Enbeita adierazpen horiekin; izan ere, tokiko salgaiak gutxiago saltzen direlako kezka adierazi du bertsotan, baina ez umore barik: «Jendea falta jaku/ hor astelehenero/ neguan hotza dago/ eta udan bero/ jendea galduko da Mercadonan gero/ egindako tortillak erosteko edo».

Bertakoak eta inguruko udalerrietakoak izan dira Gernikan, astelehena laneguna izan arren. Bilboko euskaltegi batetik, Merkurio plazatik kuadrillatan sakabanatu den talde handi bat gerturatu da bertso saiora, eta, horren ostean, «taloak jatera» joango direla argi dute.

Artearentzako esparrua

Arteak ere bere plaza izan du. Zehazki, 54 artisautza postu izan dira Pasealekuan, artearen bidez ekoitzitako hainbat motatako produktuekin: oihalezko poltsak, haur eta helduentzako arropa, diseinatzaile koadernoak, apaingarriak eta egurrezko eskulturak, besteak beste.

Itziar Mielgok egurrari forma ematen lan egiten du: argizaiolak, koilarak, eskulturak, belarritakoak eta beste hainbat produktu ekoizten ditu zuretik abiatuta. Ixiart proiektu artistikoaren parte dira denak, eta Beintza-Labaienetik (Nafarroa) etorri da horiek «ezagutaraztera». Bigarren urtea du urriko azken asteleheneko azokan; gero eta azoka gutxiagotara joaten da, baina Gernika «plaza berezia» dela aitortu du; aurretik ere etortzen zen, «baina ez saltzera», aitortu du, barrez.

Gernikako azken asteleheneko azokako artisau postu bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernikako azken asteleheneko azokako artisau postu bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Egoitz Mendinueta bergararrak ere (Gipuzkoa) kokatu du azokan bere marka artistikoa: EM Zirrimarra. Bere ilustrazio propioak, «naturan eta musikan inspiratutakoak», euskarri koloretsuetan estanpatzen ditu, bai kamisetetan, bai biseretan, bai koadernoen azaletan.

Aldarrikapenen bat

Gernikako urriko azken azokaren izaera aldatzen ari dela nabarmendu dute bertsolariek, saltzaileek, bisitariek eta bertakoek. Horrek eklipsatu ditu Gernikako azokak jomugan dituen beste auzi garrantzitsu bi.

Hain zuzen ere, bertsolariek, puntuka, ez dute galdu Guggenheimek Urdaibain duen plana kritikatzeko abagunea. Beste hitz batzuetan, Enbeitak bertako ekosistemen inguruko kezka adierazi du: «Lur danak emon dira/ eukaliptorako», eta Egañak erantzun: «ta sobrante zeudenak/ Guggenheimentzako».

«Txosna eskaparate ona da erakusteko zelan kolaboratzen dugun guk herriarekin, eta herriak gurekin»

MIKEL BILBAOGernikako errugbi taldeko presidentea

Azokaren beste zutabeetako bat txosnak dira. Seber Altube ikastolak, atletismo taldeak, motorzaleek, Gernikako futbol taldeak eta beste hainbat elkartek jartzen dute. Gernikako errugbi taldeak duela 40 urte jarri zuen lehen txosna, udalak eskatuta, eta, ordutik, ohiturari eutsi dio. Diru apur bat lortzeko aukera ona dela deritzo Mikel Bilbao taldeko presidenteak. «Batez ere, erakusleiho ona da», azaldu du, «erakusteko zelan kolaboratzen dugun guk herriarekin, eta herriak gurekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.