Elkarteen elkarte bat da Bizipoza. Sare bat. Aldarrikapenak eta eskaerak elkarrekin egiteko tresna bat. Gaur egun, Euskal Herri luze-zabaleko haurren eta familien 38 elkartek osatzen dute. Askotariko gaiak lantzen dituzte: gaixotasunak, sindromeak, familia ereduak, kultur aniztasuna... Hala azaldu du Bizipozako koordinatzaile Leire Elizegik: «Guztiek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, eta oraindik hainbat eskubide betetzeko dituzten haurrek eta familiek osatzen dituzte». Gorriz margotuta daukate egun bat egutegian: Bizipoza jaia egingo dute hilaren 27an, Hernanin (Gipuzkoa). Gaur aurkeztu dituzte jaiaren xehetasunak, herrian bertan.
Baina urte osoan aritzen dira lanean elkarteak. Elizegiren hitzetan, helburu bat dute ortzi mugan: «Denona eta denontzat behar lukeen Euskal Herri inklusiboa eraiki nahi dugu, euskaratik eta euskaraz». Eta batuta bakarrik baino indartsuago sentitzen dira, Joseba Labakaren hitzetan. Labaka SuperH elkarteko kidea eta Bizipozako lehendakaria da, eta nabarmendu du Bizipoza baliagarria dela, esaterako, dibulgaziorako eta bozgorailu lanak egiteko.
«Jaia denok elkartzeko momentu bat da, eta gure errealitatea erakusteko aprobetxatzen dugu momentu hori». JOSEBA LABAKABizipozako lehendakaria
Azkenaldian proiektu batean murgilduta ibili dira: Bizipoza eskola aurkeztu zuten 2023 amaieran. Hain zuzen, orain arte egindako lanak www.bizipozaeskola.euswebgunean batu dituzte. Hiru eremutara bideratutako materiala da: hezkuntza arautura, hezkuntza ez-arautura eta herrigintzara. «Gai hauek lantzeko materiala ez zegoen antolatua eta euskaraz, eta Bizipozatik urteetan sortutako guztia eta elkarteek urte hauetan guztietan sortu dutena batu dugu», azaldu du Elizegik. Horrek izan ditzakeen onuren adibide bat jarri du Labakak: «Ikastetxean esklerosia zeukan ume bat bazeukaten, irakasleek lan handia egin behar zuten materiala aurkitzeko. Zer egin dugun guk? Dena filtratu eta bildu».
Jaiari begira
Urte osoan komunikazio joria badute ere, Bizipozako elkarteek badute batzeko eta aldarrikatzeko egun bat: Bizipoza jaia. «Jaian protagonistak elkarteak dira, baina ez gara elkarteetara bakarrik mugatzen», azaldu du Markel Oiartzabal Bizipoza jaiaren arduradunak. Alegia, Hernaniko eragileak ere batuko dira festara: «Komunitateko jaialdi bat da. Egitarau oso aberatsa daukagu, bai Bizipozaren aldetik eta bai hernaniarron artetik». Jaia elkarteentzat bozgorailu bat dela nabarmendu du Labakak: «Denok elkartzeko momentu bat da, eta gure errealitatea erakusteko aprobetxatzen dugu momentu hori».
Aurrera begirako bidea ere marraztuta dauka Bizipozak. Bi norabidetan eman nahi dituzte pausoak, eta eragitea izango dute xede. Batetik, Elizegik azaldu duenez, Bizipoza eskolaren bidez eragiten jarraitu nahi dute. Bestetik, «administrazio publikoaren eskutik helduta» ere eragin nahi dute. «Oraindik betetzeko dauden eskubideez hitz egiten ari gara».
EGITARAUA
ATSEGINDEGI PLAZA
- 10:30-14:30: Bizipozako elkarteen gunea.
- 10:30-14:30: Bizipoza jolasa.
- 10:30-14:30: Euskal tonbola, Dobera euskara elkarteak antolatuta.
11:00: Go!azen-en ikuskizuna.
11:30: Hernaniko erraldoien eta buruhandien konpartsa herrian.
11:45: Ttarla dantza taldearen dantza emanaldia.
12:30: Hernaniko musika eskolako trikitilariak herrian.
12:45: Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia.
13:30-15:30: Paella jatea, Pausoka elkartearen eskutik.
16:00: Zapotxinekin, Porrotxekin eta Marimotosekin irri, kantu eta dantza.
17:30: Merienda.
18:00: Itzal taldearen erromeria.
URBIETA KALEA
- 10:30-14:30: Kanika aisialdi taldearen, Aratz ikastolaren eta gaztelekuaren tailerrak.
12:00: Hernaniko boleibol taldearen Hartubol erakustaldia.
BITERIKO PLAZA
10:30-14:30: Bizipozako elkarteen tailerrak.
12:15-14:30: Hernani burujaberen altxorraren bila.