Jabier Salutregi kazetaria (Bilbo, 1950 - Donostia, 2023) hil da, gaixotasun baten ondorioz. Egin egunkariko azken zuzendaria izan zen, Auzitegi Nazionalaren aginduz 1998an kazeta itxi aurretik. «Berrehun gizon armatuk itxi zuten, han papera eta tinta besterik ez bazegoen ere», esan zuen Salutregik berak 2005ean, ahozko epaiketan. Preso sartu zuten, eta hiru alditan bete zuen ia zortzi urteko zigorra. 2015ean geratu zen aske. «Nire konbikzioak indartu eta sendotu dituzte, hau eskola handia baita», esan zuen orduan, presondegitik irtetean.
1977ko irailaren 29an atera zen kalera Egin-en lehen zenbakia, «Euskal Herria eraikitzeko beste tresna bat» izateko helburuz. Itxi zutenean, 50.000 ale inguru argitaratzen zituen egunero. Eta haren ibilbideari lotuta dago Salutregirena ere; kazetaren sorreran parte hartu zuen, eta zuzendaritzara heldu zen 1993an.
Jabier Salutregi eta Teresa Toda, 'Egin'-en egoitzan sartzen, Auzitegi Nazionalak itxi eta bost urtera. Andoni Canellada / Foku
Kartzelatik irten berritan, Salutregik aitortu zuen espetxealdian, batez ere hasieran, asko sufritu zuela, eta «hondoa» jotzekotan ere egon zela. Egunkari bat zuzentzeagatik kartzelan egondako Europako kazetari bakarra izan zen ordura arte. Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten —geroago, Espainiako Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdira jaitsi zuen zigorra—, eta horrek lur jota utzi zuen; horrek, eta Egin auzian eta oro har adierazpen askatasunaren urraketa larrien inguruan kazetari eta hedabide gehienek izandako jarrera uzkurrak.
Agur mezuak ugaritzen ari dira sareetan. Besteak beste, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatu eta Gara-ko zuzendari ohiak gogoratu du. Gauza bera egin du Sorturen Twitterreko kontu ofizialak ere:
Jabier Salutregi kazetaria hil da, Egin egunkariko zuzendari izana. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura ixteko agindu zuen 18/98+ auzian. 2009an, Auzitegi Gorenak itxiera legearen aurkakoa izan zela ebatzi arren,ia 8 urtez preso izan zen.
— SORTU Independentziarako #Indarra (@sortuEH) June 14, 2023
Mila esker herria egiteagatik, Jabier! pic.twitter.com/9ypMEeCxwg
Jabier Salutregi, Salu, maixu, lagun, zuzendariak utzi gaitu. Umezurtz geratzearen sentimendu honi izena jartzea ezinezkoa zait. Egin, egin genuen. Gara, garen horretatik ere egin genuen. Eta berriro, egin behar bada, egingo dugu.
— Mertxe Aizpurua (@MertxeAizpurua) June 14, 2023
Zauden tokian zaudela, muxu goxo bat Salu! â;Â;¤ï¸;Â; pic.twitter.com/OopN1oNisa