Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak aitortzen dituzten CAF-Elhuyar sarien irabazleak jakinarazi zituzten atzo, Donostian eginiko ekitaldi batean. Bertan, Jabier Agirre medikuari eman zioten Merezimendu Saria, «zientzia dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lana» aitortu nahian, bere ibilbideagatik.
Ezagutza da txertoa lelopean egin da aurtengo sariketa, eta 64 lan jaso dira. Horien artean, laurek eskuratu dute saria. Dibulgazio artikulu orokorren kategorian, Nahia Seijasen Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen artikuluari eman zioten saria. «Historia modu atsegin eta erakargarrian» kontatzen duela nabarmendu zuen epaimahaiak, eta azpimarratu gaiari «osotasunez» begiratzen diola.
Egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluen kategorian, berriz, Ainara Sangronizen Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako lana saritu zuten. Iñaki Sanz izan zen zientzia kazetaritzako lanen irabazlea, Etxeko leihoak naturaren behatoki artikuluarekin. Horrez gainera, aipamen berezia egin zioten Jon Urzelairen Pentsatu, ez sinistu lanari.
Lehen sektoreari buruzko lan onena saritzen duen Neiker sariberezia Asier Alviterentzat izan zen, Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear? lanari esker. Helene Sanchezek ere aipamen berezia jaso zuen.
Azkenik, Zientzia Gizartean bi sorkuntza beka banatu dituzte aurten: bata Itxaso Navarrok jaso zuen, eta bestea Ander Gortazarrek eta Jacek Markusiewiczek.
Jabier Agirreri eman diote Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria
Zientzia dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lana «aitortu» nahi izan diote. 64 lan jaso dituzte CAF-Elhuyar sariketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu