Izurritearen bilakaeran «joera aldaketa» bat atzematen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Aldagaiek hala erakusten dutela azaldu du gaur Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. Azken hamalau egunetako intzidentzia metatuak goia jo zuen urtarrilaren 11n (7.038,61 kasu), eta geroztik behera egin du; atzo, 4.497,23 kasukoa zen, Sagarduik jakinarazi duenez. Horrez gain, ugaltze tasa 1en azpitik dago oraindik ere, nahiz eta atzo aldagai horrek 0,03 gora egin zuen, eta orain 0,73koa da. Ospitaleetan ere arindua sumatzen hasi dela azaldu du Sagarduik, eta datua eman du: astebetean %25 egin du behera ospitaleratze kopuruak. ZIUetan birusaren sintomak larriagotuta dauden gaixoen kopurua handia bada ere, egoera «egonkortu» egin dela esan du Sagarduik. Zehaztu du joera aldaketa «motela» dela, eta «zuhurtzia» galdegin du, oraindik kutsatze kopurua eta ospitaleetako presioa handia delako. Hala, Osakidetzak oraindik ezin die programatutako ebakuntza askori aurre egin, Sagarduik ohartarazi duenez.
Egun indarrean diren neurriekin zer gertatuko den ez du argitu sailburuak. Aste honetan dei dezake lehendakariak Labiren bilerara, ostiralean amaitzen delako neurri murriztaile gehienentzako jarritako epea, eta gaur zortzi bukatuko delako COVID ziurtagiriarena. Hala ere, datozen egunetako bilakaeraren zain dago Jaurlaritza, neurriei eutsi edo haiek bertan behera uzteko erabakia hartzeko.
Lehen arreta
Atzo, milaka lagun mobilizatu ziren osasungintza publikoaren alde Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta gaur Osakidetzaren lehen arretaren analisia ere egin du Sagarduik. Jakinarazi du hainbat neurri hartu direla lehen arretako egoera hobetzeko. Hala nola: administrazio arloko 140 pertsona kontratatu dira; telefono bidezko arreta «indartu» da kutsatzeei eta egoera partikularrei buruzko zalantzak argitzeko; Osasun Sailaren webgunea eguneratu da herritarrek hainbat kasuistikatan bete beharreko jarraibideak «modu argi eta eskuragarrian» izan ditzaten; sintomak dituztenentzako, kontaktu estuak direnentzako eta farmazia test batean positibo eman dutenentzako formularioak bateratu dira, eta komunikabideetan kanpaina bat martxan dago. Haren hitzetan, orain antigeno proba gehiago egiten dira, proba diagnostikoak egiteko eta txertoa jartzeko bitarteko lekuak ireki dira, eta, gaixo agiriak tramitatzeko bide telematikoari esker, 110.000 eskaera baino gehiago lehen arretatik atera dira. Oposizioak positiboak zenbatzeko protokolo aldaketari egindako kritikei erantzunez, berriz, jakinarazi du gaur egun «behar diren proba diagnostiko guztiak» egiten ari direla: «14.000 eta 20.000 artean egunero».
Sagarduik azpimarratu du Osakidetzaren plantilla «inoizko handiena» dela, eta arazoak krisiaren ondorio direla, ez egiturazko arazo baten ondorio. Behar adina kontratazio egiten jarraituko dutela esan du, eta gogorazi une honetan Osakidetzak inoiz baino langile gehiago dituela, 45.700 inguru.
Susana Martin lehen arretako zuzendariordeak ere hitza hartu du. Esan du Osasun Sailak hartutako neurriei esker «apur bat arindu» dela lehen arreta, baina oraindik «oso tentsionatuta» dagoela. Hala, azpimarratu du lehen arretaren egoera langile faltak baldintzatzen duela neurri handi batean, batez ere familia medikuak eta pediatrak falta direlako. Jakinarazi duenez, 198 plaza hutsik daude, ezin beteta kualifikazio faltagatik.
Horrez gain, jakinarazi du lehen arretan egunero 70.000 telefono dei hartzen dituztela, pandemiaren aurretik halako bi. Hala ere, telefono bidezko arta hobetu dela esan du, eta, gaur-gaurkoz, jasotako hamar deitik sei «lehen saioan» hartzen direla; seigarren olatua baino lehen, berriz, deien %40 hartzen ziren lehen saioan, Martinen esanetan.
Oposizioaren ustez, berriz, lehen arretako «kolapsoa» gainditzeko epe luzerako kontratazio gehiago egin behar dira. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, esaterako, salatu dute arazoa «egiturazkoa» dela, «politika zehatz batzuen ondorio».