Pandemiaren erauntsiak gizarteko esparru guztiak jo ditu iragan diren hilabeteetan, kalte sakonak eragin ditu sektore askotan, eta BERRIA Taldea ez da izan salbuespen; izurriak nabarmen trabatu du azken urteko bidea. Ordea, begirada 2020ko jardueraren bilakaerari zuzendurik, datuek erakusten dute argiak ilunak baino are gehiago izan direla: taldeak ia 100.000 euroren irabaziak izan zituen iaz, eta egunkariaren irakurle kopuruak goia jo zuen. Halere, bada kezkarako ziorik: publizitatearen eta egunkari salmentaren bidezko diru sarrerek beheranzko joeran segitzen dute.
BERRIA Taldeko akziodunen batzarra egin zuten atzo, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. 2020. urteko jardueraren balantzea egitea zuten egiteko nagusi, baita gaur egungo egoera aztertu eta etorkizuneko erronkak zein diren zehaztea ere. Hamarka lagun bertaratu ziren.
«2020a urte zaila izan zen, baina baita emankorra ere», adierazi zuen Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Apurka-apurka aletu zituen iazko jarduerak utzitako datuak. Adibidez, jakinarazi zuen taldeak 99.717 euroren etekinak izan zituela iaz. Arregiren esanetan, halako irabaziak eduki izana hiru faktoreri zor zaio, batik bat: gastuak murriztu izanari, zerbitzu salmentari eta BERRIAlagunen gorakadari kopurua %3 handitu da azken urtean; 15.540 dira, zehazki. Dena dela, aldagai ekonomikoei dagokienez, BERRIA egunkariaren enpresa argitaratzaile Euskal Editoreak-ek zenbaki gorriekin bukatu zuen 2020a: 214.000 euroren galera izan zuen, publizitateak eta egunkari salmentak nabarmen egin dutelako behera.
BERRIA Taldearen bueltan den komunitatea hazteko bidean dela adierazi zuten batzarrean. Irakurle kopuruan, bistakoa da hobekuntza: CIESen 2021eko azken neurketaren arabera, BERRIAk 65.000 irakurle ditu. Ez da edonolako lorpena: «Inoiz euskarazko egunkari baten inguruan lortu diren irakurle kopururik handienak lortzen ari gara», zehaztu zuen Arregik. Gainera, soilik Gipuzkoakoak harturik, lurraldean gehien irakurtzen diren egunkarietan bigarrena da.
Aurrera ere zuzendu dute begirada; biltzarrean azaldu zutenez, aski handiak baitira etorkizuneko erronkak. BERRIA Taldeak hiruarlotan nahi du bereziki sakondu. Batetik, gizartea etenik gabeko eraldaketan murgildua dela ikusirik, berrikuntzan oinarritutako estrategiak lantzea da asmoa; digitalizazioa du ardatz, adibidez. Bestalde, administrazioek proiektua hauspotu dezaten nahi dute, eta haien inplikazioa sakonagoa izan dadila galdeginen dute, finantzaketan bereziki. Halaber, taldeko lantaldea babesteko ahaleginean segituko dutela azaldu zuten.
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak ere hartu zuen hitza atzoko biltzarrean. Batik bat, nabarmendu zuen hedabidea «sendotua» atera dela 2020an bizi izandakoetatik: «Krisiak eman dizkigun aukerak baliatzen saiatu gara, eta, horiei esker, saltoak eman ditugu, izurriak behartu ez bagintu agian emango ez genituenak». Gainera, Otamendik gogora ekarri du langileen %95 inguru etxetik ari direla lanean, eta horrek ere zaildu egin duela. Kazetarien lanari aitortza egin zien zuzendariak; haren iritziz, argi erakutsi dute «egoera gogorretara moldatzeko gaitasuna».
Aitortzak eta ongietorriak
Agurretarako tarterik ere ez zen falta izan batzarrean. Izan ere, Estitxu Garaik administrazio kontseilua utzi zuen, jadanik egina baitu bost urteko ibilbidea bost urtean zehaztua da gehienezko iraupena. Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak eskerrak eman zizkion kontseiluaren parte izategatik, eta goraipatu egin zituen haren ekarpenak: «Oso interesgarriak eta mamitsuak izan dira». Hutsunea betetzeko, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kide izendatu dute Karmele Artetxe historian doktorea.
Izurrite betean ere, emankor
BERRIA Taldeak akziodunen batzarra egin du. Publizitatea eta egunkari salmenta txikitu arren, emaitza positiboa izan da 2020an. Irakurleen eta BERRIAlagunen kopuruak, gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu