GASTEIZ.Duela bi urte iritsi zen COVID-19aren pandemia Euskal Herrira, eta ordutik instituzioek baliabide ugari bideratu dituzte izurriari hesia jartzeko. Baliabide ekonomikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak azken bi urteetan 2.274 milioi euro jarri ditu pandemiari aurre egiteko. Efe albiste agentziak Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun saileko iturriak aipatuz zabaldu duenez, aparteko diru kopuru horren zatirik handiena Osakidetzan gastatu da: 792 milioi. Hiru lurraldeetako diputazioek eta udalek ere aparte inbertsioak egin dituzte pandemiari aurre egiteko, eta, beraz, izurriaren kostua askoz handiagoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, bi urtean gutxienez 6.000 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, eta 650.000 lagun baino gehiago kutsatu dira.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zituen izurriaren bilakaerari lotutako datuak. Herenegun, bi pertsona hil ziren birusak jota, eta,oraintxe, 79 pertsona daude erietxeratuta gaitzarekin, horietako zazpi ZIUetan. Horrez gain, 1.473 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietan 197 COVID-19 kasu atzeman.
Izurriaren kostua Jaurlaritzarentzat: 2.274 milioi euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu