Koronabirusa

Izurriaren aurkako neurriak aski «gogorrak» direla esan du Illak

Eusko Jaurlaritza izan da estrategia gogortzeko eskatu duen gobernu autonomikoetako bat: nahi du 19:00etarako bertan behera uztea jarduera oro, eta 20:00etan kaleak hustea

Salvador Illa, atzoko bileraren ostean argibideak ematen. JESUS MORON / EFE.
arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dira datu onak». COVID-19aren izurriaren bilakaera aintzat hartuta, kezkatzeko motiboak badirela onartu zuen atzo Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak autonomia erkidegoetako osasun agintariekin izan zuen bileraren ostean, baina, hala ere, autonomiek neurri zorrotzagoak ezarri ahal izateko asmoz egindako eskakizunak ez dutela ezartzeko asmorik. Oraingoz. «Aztertuko» dituztela adierazi zuen, baina harago egiteko jarrerarik ez zuen erakutsi. «Dagoeneko neurri zorrotzak hartuta daude autonomia erkidego guztietan», nabarmendu zuen. Horiekin, ondo bidean, datuak apaltzea lortuko den esperantza erakutsi zuen. «Hirugarren olatu hau denon artean makurraraztea lortuko dugu». Behin baino gehiagotan zehaztu zuen, ordea, denbora beharko dela.

Lasaitasun eskea egin zuen ministroak: «Kontua ez da orain kolpean neurri gehiago hartzea; daudenak ondo ezarri eta itxaron egin behar da. Izan ere, badakigu ezarrita dauden neurriek funtzionatu egiten dutela». Oroitarazi zuen urriaren amaieratik indarrean dela propio izurriari aurre egiteko asmoz taxututako alarma egoera bat, sei hilabeteko iraupena duela, eta horren abaroan hainbat neurri har ditzaketela autonomia erkidegoetako gobernuek oraindik ere.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren atzoko bileran neurriak hartzeko eskumen gehiagoren eske jardun zuten agintarietako batzuk. Aurretik iragarriak zituzten gobernuko buruzagiek eramango zuten proposamenaren zertzelada nagusiak, eta atzo arratsaldean plazaratu zuten zehazki zer eskabide eraman zituzten batzarrera. Agerikoa da neurriak zorrozteko nahia. Illaren adierazpenen ondotik, Iñigo Urkullu lehendakariak Twitterren erran zuen «aukera bat galtzen» ari dela.

Neurri sorta

Izan ere, proposatu zuten 19:00etatik aurrera establezimendu guztiak ixteko, eta jarduera klase guztiak bertan behera uzteko; nahi dute soilik botikak eta auto gidariei zerbitzua emateko errepideko guneak egotea zabalik. 20:00etatik aurrera kalean ez inor ibiltzeko eskea ere egin zuten; alegia, orain etxeratzeko aginduak ezartzen duen muga bi orduz aurreratzeko eskatu zuten. Herrien arteko joan-etorri guztiak ere mugatzea erantsi zuten proposamenera, eta espazio publiko zein pribatuetan, bizikideez aparte, gehienez ere lau pertsonako taldeak onartzea. Intzidentzia handia duten herrietan, ostatuak itxi egiten dira egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, taldeko kirol jarduerak ere bertan behera geratzen dira, eta irizpide hori bera «orokortzeko» eskatu zuten. Halaber, behin neurriok ezarrita, «hamabostean behin» berrikustea proposatu zuten Eusko Jaurlaritzaren izenean bileran parte hartu zuten ordezkariek.

Bileraren aurretik, Nafarroako Gobernuko eledun Javier Remirezek adierazi zuen «batere arazorik» ez dutela hainbat autonomia erkidegok eskumen gehiago eskatuz egindako eskakizunekin, eta ontzat eman zituen. Hala ere, azaldu zuen Nafarroan oraingoz etxeratze agindua 20:00etara aurreratzeko inolako asmorik ez dutela. «Egun eroso gaude ezarritako neurriekin». Zorroztera egin dute, gainera; asteotan bertan, esaterako, ostatuetako barruko aldeko jarduera bertan behera uztea erabaki dute, eta soilik terrazetan har ditzakete bezeroak.

Uste dute ondo ari direla

Otsailean eta martxoan izurriak izan zuen bilakaerekin alderatuta, orain kontrol estrategiak hobeak direla gogoratu zuen atzo Illa ministroak. «Inoiz baino test diagnostiko gehiago egin dira egunotan; dagoen ia dena atzematen ari gara». Onartu zuen, hala ere, egoeraren larria: «Egun zailak dira, eta halakoak izango dira datozenak ere». Horren aurrean, agintariek arduraz jokatu behar dutela argudiatu zuen: «Ondo esplikatu behar dira hartzen diren neurriak, eta azaldu behar da horien ondorioak ez direla berehalakoak izaten». Estrategiak gogortzera egiten bada, neurri horien ondorioez ere ondo gogoetatu behar dela azaldu zuen. Ohartarazi zuen ordutegietan aldaketak egin ahala, esaterako, egun ez dauden jende «kontzentrazioak» gerta daitezkeela, eta kontuan hartu behar direla halakoek izan ditzaketen arriskuak.

Nabarmendu zuen txertaketa ere martxan dela, eta epe ertainean sumatuko dela horren eragina. «Txertaketa planean ja milioi bat pertsona baino gehiagok hartu dute txertoa». Goraipatu zuen EB Europako Batasuna «irizpide bateratuekin» ari dela txertoak banatzen, eta «ekitateak» ardaztutako prozesua dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.