Jaiotza tasaren jaitsiera. Adierazleen bilakaera

Izurriak eragin arren, jaiotza tasa ohiko joerara itzuli da berriro

COVID-19ak jaiotza tasaren beherakada ekarri du Euskal Herrira, baina zenbakiak ohiko bidera bueltatzen ari dira. Seme-alabak izateko orduan dauden trabei buruz ohartarazi dute adituek

Izurriak eragin arren, jaiotza tasa ohiko joerara itzuli da berriro.
Juanma Gallego.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun

Euskal Herrian gero eta haur gutxiago jaiotzen dira, eta, aurreikuspenen arabera, gero eta gutxiago jaioko dira. Ez da oraingo kontua: datuek urtez urte joera garbia erakusten dute. Azken bi hamarkadei erreparatuta, mende berria jaiotzen gorakadarekin estreinatu zen, baina, lehen hamarkada pasatuta, krisi ekonomikoarekin batera, datuak berriro maldan behera hasi ziren.

Ikusi gehiago: Gelak hustea, aukera ala arazo?

Ikusteko dago pandemiak jaiotza tasan izango duen eragina. Oraingoz, eskura dauden azken datuen arabera, badirudi konfinamenduak eragin nabarmena izan duela jaiotza kopuruan. 2021eko lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako jaiotzen berri eman du Eustatek, eta jaitsiera nabarmena ikusten da iazko tarte berdinarekin alderatuta. Hiru hilabete horietan, 3.298 haur jaio dira aurten, iaz tarte berean baino %12,5 gutxiago, hain justu. Bereziki nabarmena izan da urtarrilari dagokion jaitsiera: %18 gutxiago izan dira. Halere, ondorengo hilabeteetan jaitsiera mantsotuz joan da: %13 jaitsi zen otsailean, eta %6 martxoan.

Unean unekoa

Dena dela, eragin hori «faktore koiunturala» izango dela uste du demografia ikertzen dabilen Unai Martin EHUko soziologoak. «Logikoa denez, ziurgabetasun egoera batean dagoenean, jendea ez da animatzen seme-alabak izatera». Haren esanetan, pandemiaren eragina «oso epe laburrera» baino ez da nabarituko: «Historiak erakusten du pandemiei edota gerrei lotutako ziurgabetasun garaietan edukitzen ez diren seme-alabak aurrerago izaten direla. Hau da, unean uneko egoera horretan seme-alabak izatea denboran atzeratzen da».

Izan ere, geologoek lurraren historiari perspektiba zabaletik begiratzen dioten modu berean, demografia lantzen dutenek ere luzerako ikuspegia dute. COVID-19ak bultzatutako konfinamenduak eragin koiunturala izan zuela dio Martinek; aldiz, azpimarratu du beste «faktore estrukturalek» gobernatzen dutela demografiaren bilakaera. «Batzuetan esaten da jaiotza tasa behera ari dela azken hiru hamarkadetan, baina ez da horrela», zehaztu du. «1994. eta 1995. urteen inguruan behea jo zuen, baina handik aurrera berriro gora egin zuen, eta 2011n berriro beherako joera hartu zuen». Adituak argitu duenez, bilakaera horren abiapuntua biztanleriaren egituran dago: «Arrazoi nagusia da ugaltze adinean dauden belaunaldien tamaina txikitu egin dela. Hau da, seme-alabak izateko adinean dagoen jende gutxiago dago orain, zaharragoak diren beren anai-arreben belaunaldiarekin alderatuta».

Izan ere, Martinek nabarmendu duenez, ugalketa tasa «nahiko egonkor» mantendu da. Adierazle horrek zehazten du zenbat jaiotza izaten diren seme-alabak izateko gai den populazio osoarekin alderatuta. Martinek dio 2000. urtearen inguruan adierazle hori nabarmen igo zela, 0,9tik 1,3ra. Baina, halere, aurrez aipatutako populazioaren egiturak baldintzatuko du datozen urteen bilakaera. «Belaunaldi berriek antzeko seme-alaba kopurua izan arren, gutxi gorabehera aurreko belaunaldien erdiak direnez, jaiotza tasa jaitsi egingo da». Eragin hori gutxienez 2030. urtera arte nabarituko delakoan dago aditua.

INE Espainiako Estatistika Institutuak zabaldutako behin-behineko datuak erabilita, badirudi zenbakiek Martinen argudioa berresten dutela. Hala, apirilean %2,8 jaiotza gehiago izan ziren Hegoaldean, iazko apirilarekin alderatuta. Maiatzean eta ekainean zertxobait jaitsi ziren —%2,5 eta 3%, hurrenez hurren—, eta uztailean, berriro %1,2 handitu ziren.

Belaunaldien tamaina

Ipar Euskal Herrian, oraingoz, ez dago neurtzerik pandemiaren eragina, Insee Frantziako Estatistika Institutuak 2020. urtera arteko datuak baino ez baititu jaso. Urte horretan ez zen aldaketa handirik izan aurreko urtearen aldean: %0,2 handitu zen jaiotza tasa Iparraldean.

«COVID-19ari lotutako egoera hau igarotzen bada, espero izatekoa da jaiotza tasek berriro gora egitea, eta hilabete hauetan eduki ez diren seme-alaba horiek edukiko direla», ondorioztatu du Martinek. «Baina, hala eta guztiz ere, orokorrean jaiotza tasak beherantz jarraituko du, belaunaldien tamaina gero eta txikiagoa delako». Kezka bat agertu du, ordea: pandemiaren ondorioz egon litekeen atzerapen horrez gain, aurretik ere gero eta beranduago izaten dute emakumeek lehen haurra, eta, zenbait kasutan, horrek ekar dezake ugaltzeko aukera ere galtzea, adituaren arabera.

Nazioartean, gaia aztertu duten lehen ikerketak hasiak dira argia ikusten. Kasurako, irailean PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, 22 herrialde aberatsetako datu demografikoetatik abiatuta, ondorioztatu dute pandemiak eragin nabarmena izan duela bereziki Europa hegoaldeko zenbait herrialdetan. Europa iparraldeko herrialdetan, baina, ez dute aurkitu ezohiko eraginik.

Azterlanaren egileek uste dute alde horien azalpena estatu bakoitzak dituen politika sozialetan bilatu daitekeela. Ikertzaileen esanetan, «familiaren alde eta enpleguaren alde bideratutako politikek» ahalbidetu zuten «jaiotzen inguruko inpaktua gutxitzea».

Babes politika horien falta sumatu du Noemi Lopez Trujillo kazetariak. El vientre vacío (Sabel hustua) liburua idatzi du, eta hor jaso du, besteak beste, amatasuna atzeratu behar izateak zer dakarkien emakumeei. «Egia da gero eta gehiago direla seme-alabarik izan nahi ez duten emakumeak, eta hori, amatasuna mandatu bat ez izatea, borroka feministaren lorpen bat da», azaldu du. Baina, idazlearen arabera, arazoa beste bat da: andre askok ama izan nahi dute, baina erabaki hori behin eta berriz atzeratu beharrean gertatzen dira, haien egoera sozioekonomikoaren ondorioz. «Freelance kazetaria naiz, soldata txikia dut, eta, 30 urterekin, neure burua ikusten dut ama izan nahian baina hori gauzatzeko aukerarik gabe», argudiatu du. Ez da egoera erraza, eta horren atzean faktore asko daudela nabarmendu du Lopez Trujillok.

Esperientzia eta «intuizio pertsonaletik» abiatuta ere, kazetariak berretsi du orain arte egindako ikerketek frogatzen dutela ama izateko desioaren eta hori gauzatzeko aukeren artean arrakala bat badagoela.«Kontua ez da nik diodala baldintza ekonomikoek gure erabakiak baldintzatzen dituztela, baizik eta badirela zientzia literaturan ebidentzia asko hori adierazten dutenak».

Ildo horretan, hainbat kezka agertu ditu. «Egoera ekonomikoa oso garrantzitsua da, baina ez da faktore bakarra. Kasurako, hiri handietan bizitzeak ez ditu harremanak errazten. Ez soilik bikote bat izateko, baita adiskidetasunean oinarritutako sareak eratzeko ere, lagun horiek zaintzeko, eta lagun horiek ere lagun diezazuten beste pertsona batzuk zaintzen». Lopez Trujilloren esanetan, baldintza ekonomiko egokiak ez izateagatik, autonomia asko galtzen dute emakumeek. «Baina amatasuna autonomian abiatu behar den erabaki bat da. Oso luzera begirako erabakia da, bizitza osorako».

Amatasun atzeratua

Pandemiak egoera are gehiago okertuko duen beldur da Lopez Trujillo. «Lehen zantzuen arabera, honek are gehiago atzeratuko du amatasuna. Aurretik ere zaila iruditzen bazitzaigun seme-alabak izatea, pandemia hau azken sastada izan daiteke, berez txarra zen egoera bat are gehiago zaildu duelako». Halere, ezkortasunetik aldentzen saiatzen dela aitortu du. «Bestela, erabateko ezkortasunak ez digu utziko etorkizun posibleak irudikatzen eta bizitza duinagoak lortzeko bideak asmatzen».

Unai Martinek ere ardura agertu du guraso izateko desioa gauzatu ezin delako. «Jaiotza tasak ez nau kezkatzen, honako honek baizik: inkestetan galdetzen duzunean zein den seme-alaben kopururik desiragarriena, erantzuna ez da asko aldatu urteekin, eta bi seme-alaben bueltan dago. Hala ere, benetan izaten diren seme-alaba kopurua, batez beste, 1,4 da». Soziologoaren esanetan, errealitate horrek «oinarrizko eskubide bati» eragiten dio: «Jendea ez da izaten ari nahiko lukeen seme-alaba kopurua». Haren aburuz, gizartea «oso antinatalista da», baina uste du fokua «ugaltzeko eskubidean jarri behar» dela: «Gizarte honetan ezin da eskubide hori gauzatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.