Ikasturte politikoaren hasiera

Izurria eta egoera sozioekonomikoa lehentasun Jaurlaritzaren urte politikoa abiatzeko Gobernu Kontseiluan

Jaurlaritzak aurten lortu nahi ditu beste bederatzi eskumen

Eusko Jaurlaritzak urte politikoko lehen Gobernu Kontseilua egin du. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 31
16:05
Entzun

Jaurlaritzak urte politikoko lehen Gobernu Kontseilua egin du gaur, Donostiako Miramar jauregian. Gobernuaren eta gizartearen egoera izan dute hizpide. Jarraian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak prentsaurrekoa eman du, eta pandemiaren eta egoera sozioekonomikoaren bilakaeran jarri du arreta.

Urriaren 1etik aurrera Urkulluren gobernuaren esku geratuko da espetxeen eskumena; beraz, hari egokituko zaio Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak kudeatzea. Horri dagokionez, Jaurlaritzak gizarteratzeko erakunde propioa sortu duela gogorarazi du, eta azaldu asmoa dela datorren urteko urtarrilean hastea lanean. Urkulluren arabera, espetxeetan daudenei lan egiteko aukera eman nahi diete, «betiere birgizarteratzeko helburua izanda».

Horrez gainera, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak atzeratuta dituzte eskumenen transferentziei lotutako lanak; apirilean, bi gobernuek lau eskumenen inguruko akordioa itxi zuten, nahiz eta martxorako 11 ziren Jaurlaritzaren esku utzi beharreko eskumenak. Jaurlaritzako lehendakariak esan du espero duela egutegiari erreparatzea eta hori betetzea: «Itxaropena da aurten eskualdatuko diren beste bederatzi eskuduntza jorratzea».

Autogobernu ereduaz eta estatus politikoaz ere aritu da Urkullu, eta gogoeta sakona behar dela esan du: «Estatus politikoari dagokionez, legebiltzarrean dago kokatua eztabaida, eta hari dagokio horri eustea. Legealdi honetako urte bat igaro da, eta uste dut nabarmenagoa dela eguneratu egin behar dugula aitortutako autogobernua, eta garatu». Azpimarratu du gobernuak autogobernua defendatu behar duela.

Ekiteko arloak

Jaurlaritzak hastekoa den urte politikoan izango dituen lehentasunen artean, izurria nabarmendu dute. Urkulluk adierazi du «zailtasun eta oztopo askorekin» bada ere joerari buelta ematea lortzen ari direla. Hiru helburu zehaztu ditu datozen asteetara begira: intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300etik behera kokatzea, ZIUetako okupazioa murriztea eta 12 urtetik gorako biztanleen % 85ek txertoaren bi dosiak hartuak izatea —%70 inguruan dago egun—.

Gainera, lehentasunezkotzat jo dute ikasturtea segurtasun neurri guztiekin hastea. Urkulluk gogorarazi du atzo eguneratu eta zabaldu zutela protokoloa.

Lehendakariak esan du testuinguruak hobera egin duen arren ikasturte berrian «zuhurtziaz» jokatu behar dela: «Gure nahia da hezkuntza hitzarmena sendotzea hezkuntza komunitate osoarekin. Hau aukera bat da etorkizuneko euskal hezkuntza eredua berritzeko eta sendotzeko».

Horrez gain, adierazi du Kontseiluan egoera sozioekonomikoaren inguruko hausnarketa egin dutela. Urkulluren arabera, euskal ekonomiaren eta enpleguaren bilakaera positiboa «sendotzen» ari da. Halere, merkataritza, kultura eta ostalaritzan oraindik ere zailtasunak dituztela adierazi du. «Dena den, datuek hobekuntzarako bilakaera erakusten dute. Industria indartsu ateratzen ari da krisitik». Susperraldi ekonomikoa «lan merkatura iristen» ari dela dio.

«Datu itxaropentsuak dira, baina argi dugu epe luzeko bilakaera bati aurrea hartu behar diogula. Krisian galdutako enplegu guztia berreskuratu behar dugu, eta, aldi berean, gure ekonomia eraldatzeko eta berritzeko faseari ekin behar diogu». Hiru trantsiziori «arrakastaz» heldu nahi diotela ere argitu du: teknologiko-digitalari, energia-ingurumenekoari eta osasun-gizartekoari. «Aurrekontu gidalerroak, Berpiztu programa eta Europako funtsetarako Euskadi Next plana dira eraldaketa berde, digital eta sozialari ekiteko oinarriak», azpimarratu du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.