Izurri osteko minen aurkako estrategia bila

Bilbon, Opik ikerketa taldeak antolatutako jardunaldietan, buruko osasunerako estrategia bat irudikatzen saiatu dira, egungo beharrei so

Javier Padilla, Ander Retolaza, Jose Antonio de la Rica eta Andrea Gabilondo, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Pandemiak kezkak areagotu ditu osasun mentalaren arloan, eta gordinago ikusarazi ditu aurrez zetozen buruko osasun arazo ugari. Horiei erreparatzeko asmoz, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko osasunaren gizarte baldintzatzaile eta demografiari buruzko ikerketa talde Opikek antolatuta, Ondoezak eta bizitza kotidianoaren sufrimenduak: osasun mentala ulertzeko eta hobetzeko proposamen komunitario eta estrukturalak jardunaldia egin zen atzo Bilbon. Mamiz betetako saioa izan zen. Ondoeza hitza usu aipatu zen, aro minbera baten ertzak eta tolesturak argi ikusi ziren, baina, ororen gainetik, argudiatu zen horiek «aldaketarako» gako izan behar dutela. Euskadirako hurrengo buruko osasuneko estrategiari buruz gogoetan: izen horixe jarri zioten mahai inguruetako bati, galdera batekin, egungo minetara hobeto hurbiltzeko: Zer jaso behar luke aro postpandemiko honetan?

Osakidetzako psikiatra Andrea Gabilondok zuzendu zuen solasaldia; adierazi zuen egungo estrategia 2010ekoa dela, «iraungita» dagoela, eta Javier Padilla medikua, Ander Retolaza psikiatra eta Jose Antonio de la Rica Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Soziosanitarioko zuzendaria jarri zituen «estrategia berrirako» zimenduak irudikatzen. Retolazak nabarmendu zuen «populazioari» begira ondu behar dela, estrategiaren benetako izaera «komunitarioa» bultzatu behar dela, eta hitz hutsalak saihestera egin behar dela: «Izan ere, estrategiek usu hitz polit asko dituzte, baina dirurik ez, eta kronogramarik ere ez». Bat etorri zen Padilla kritika horretan ere: argudiatu zuen estrategiak, hitz hanpatuz beteta, usu administrazio batetik bestera «kopiatzeko» modukoak izaten direla.

Estrategia bat edukiz betetzea ez ezik, hori egiteko prozesua zaintzea ere garrantzitsua dela esan zuen Padillak. Etsenplu bat ipini zuen: Valentzian (Herrialde Katalanak) «zozketa» bidez hautatu dituzte herritarrak buruko osasuneko hurrengo estrategia ontzen laguntzeko; horiek horrela, «kargurik ez duen jendearen» hitza ere jasotzen ari dira, eta «igualitarismorako» bidean urrats bat gehiago egin dute. «Puntu itsuei» ere tentuz erreparatu behar zaiela adierazi zuen; hala nola espetxeetan bizi den jendeari eta etxegabeei.

Malkarrean

Retolazak gogorarazi zuen bestelako osasun arazo batzuei adi erreparatuta ere buruko gaixo larrien perspektiba beti aintzat hartu behar dela: «Estigmaren kontra egin behar da». De la Rica bat etorri zen aldarri horretan: «Estigma oso presente baitago buruko gaixo larrien kasuan».

Retolazak nabarmendu zuen bidean lehen mailako osasun sistema indartzea ezinbestekoa dela. Tamalez, ordea, usu profesionalek «izkina batetik» jardun behar izaten dutela kritikatu zuen: «Maldan gora». Pandemiak larriagotu egin du arazo hori; buruko osasunean psikologo falta agerikoa dela esan zuen, psikiatra falta ere aurki arazo nabarmena izango dela, eta lehen mailako jarduna «debaluatuta» dagoela guztiz. Padilla bat etorri zen: izurria dela-eta izan diren arazoen ondorioz, osasun profesional asko ogibidearekiko «nahitasunik gabe» ikusi ditu; areago, «lana uzteko» gogoz. Ontzen den estrategiak aintzat hartu beharko du hori.

Izurriarekin, gainera, «ezberdintasun sozialak» handitu ahala, osasuna «pribatizatzera» ere egin dela esan zuen Retolazak, eta tapatu ere egin nahi izan direlazenbait gizarteko arazo «osasunaren» babespean: «Arazo sozialak psikiatrizatzeko joera dugu». Padillak azaldu zuen «umeen munduari» adi erreparatu beharko zaiola, izurrian hartu diren «politikek» haiengan zer arrasto utzi duten aztertu beharko dela, alegia. De la Ricak pentsatzen du adineko pertsonek izurrian pairatu dituzten egoeren ondorioei begira ere jarri behar dela, politika publikoek maiz «ahantzi» egin dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.