Koronabirusa. Carlos Artundo. Nafarroako Osasun zuzendari nagusia

«Izurri honetan maiz ospatu dugu garaipena behar baino lehenago»

Lasaitasunez hitz egiten du COVID-19aren izurriaz, baina egoeraren larria ezkutatu gabe. Horregatik uste du maiatza «gogorra» izanen dela, baina esperantzaz mintzo da ekainetik aurrerako egoeraz. Uste du garaia dela gizartea bera «birplanteatzeko».

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Medikuntzan, Kirurgian eta Psikiatrian lizentziaduna da Nafarroako Osasun zuzendari Carlos Artundo (Iruñea, 1954). «Ikasketa prozesu» baten gisara ikusten du izurriaren kudeaketa.

Mantso bada ere, kurba apaltzen ari da, eta intzidentzia tasak ere behera egin du. Laugarren olatua kontrolatzeko bidean al da Nafarroan?

Kontuz ibili behar dugu. Egia da positibo kopurua ez dela handitzen ari, eta transmisioari hein batean eusten ari gatzaizkiola. Nolabaiteko egonkortasuna igartzen da, baina oreka hori oso hauskorra da. Ez da lasai egoteko modukoa.

Zergatik ez?

Aldagai berriak sartu direlako jokoan. Horietako bat da aldaera britainiarra. Nafarroan, aldaera horren pisua %98-100 ingurukoa da jada. Alegia, COVID-19az kutsatzen diren ia guztiak birusaren aldaera horrekin kutsatzen ari direla. Nasertic enpresa publikoarekin dugun hitzarmenari esker dakigu hori: PCRen lagin guztiak sekuentziatzen ditugu, eta, hortaz, oso gertutik zaintzen ditugu aldaera berriak.

Britainiarraz gain, atzeman dituzue beste aldaera batzuk ere?

Hegoafrikako eta Brasilgo kasu gutxi batzuk atzeman ditugu. Berton dugu fenomenoa. Kasu horien eragin eremua ahalik eta gehien zehaztu eta mugatu nahi dugu orain, aldaera berriak bakartu eta kalteak minimizatze aldera.

Aldaera horiek arrisku handiagoa dute, ezta?

Hala da, bai. Aldaera britainiarraren transmisio maila, esate baterako, nabarmen handiagoa da, eta, gure datuen arabera, ospitaleratzeak eta ZIUetan artatu beharrekoak bikoiztea eragin du. Beste aldaerei dagokienez, berriz, kasu gutxi atzeman ditugu, eta ikertzen ari gara, baina badirudi txertoen eraginkortasun maila apaldu dezaketela; Brasilgoak, bereziki. Aintzat hartu beharreko faktorea da, edonola ere.

Esan duzu beste arrisku faktore batzuk ere badaudela. Zein?

Horietako batek lotura du nekazaritzarekin: zainzuriaren denboraldi betean gaude, eta sasoikako laborari ugari ari dira Nafarroako erdialdean eta Erriberan lanean. Nekazaritza sindikatuekin ditugun hitzarmenei esker, PCRak egiten zaizkie behargin gehienei, baina arazoa dugu azpikontratatuta daudenekin:aldi baterako lan enpresek kontratatzen dituzte, eta etengabe ibiltzen dira Errioxa, Aragoi eta Nafarroa artean mugitzen. Hori kontrolatu nahian ari da Lan Osasun Saila, baina ertz anitzeko auzia da. Azkenik, hirugarren faktoreak zerikusia du gizartearen egoera animikoarekin.

Neke pandemikoarekin, alegia.

Argi dago jendea oso nekatuta dagoela. Akituta gaude denok, porru eginda. Egoera hau asko ari da luzatzen, eta ulergarria da horrek eragina izatea gizartearen zati handi batean. Baina horren ondorio nagusia da gero eta atxikimendu txikiagoa dutela administrazioaren prebentzio neurriek.

Susmo hori duzue?

Ez da susmoa, aztarnariek eginiko lanari esker baieztatu ahal izan dugun fenomenoa baizik. Adibidez, jakin dugu perimetroa itxia duten udalerri zenbaitetan, egoera larrienean dauden tokietan, familia ospakizunak, bazkariak eta bestelakoak egin izan dituztela.

Neurri murriztaileak arintzea pentsatu duzue?

Orain arteko ibilbideari erreparatu behar diogu: lasaitu garen bakoitzean, hanka sartu dugu. Behar baino lehenago ospatu dugu garaipena, eta izurri honetan maiz gertatu izan zaigu hori: iazko maiatzean, konfinamendu zorrotzetik ateratzen hasi eta berehala lasaitu ginen; horren ondorioz, Nafarroan bereziki bortitza izan zen bigarren olatua. Abenduko zubian eta Gabonetan ere kukurruku egin genuen, eta berriz erratu genuen. Eta oraingoan, gauza bera gertatu da.

Ostalariak kexu dira ere. Salatu dute izurriaren errudun egin dituzuela.

Nik errespetua eta enpatia besterik ez dut ostalariekiko, baina errealitatea bat eta bakarra da. Osasun publikoko arduradun guztiek gauza bera diote hemen, Europan eta mundu osoan: ostalaritzan bat egiten dute zenbait arrisku faktorek, baina ez ostalariek gaizki jokatzen dutelako, jarduerak dituen berezko ezaugarriengatik baizik: bezerook maskara kentzea (eta askotan kenduta uztea), ozenago hitz egitea, elkartzea... Eta ostatuen barnealdean, are gehiago. Hori ez da ostalarien errua, eta guk ez ditugu inoiz kriminalizatu nahi izan, baina ostalaritzari eragiten dio bete-betean.

Sektoreak dio datuek kontrakoa diotela, eta kutsatze gehienak beste nonbait gertatzen direla...

Nafarroan oso landua dugu gai hori, azarotik sistema propioa baitugu kutsatzeen jatorria zehazteko. Izurriaren hasieran, Espainiako Osasun Ministerioaren kodifikazioa erabiltzen genuen, baina oso generikoa zen. Guk zehaztasun handiagoz dakigu non kutsatu den jendea: tabernetan, jatetxean, garraio publikoan, bulegoan, zineman... Jakina, ezinezkoa da zehaztasun erabatekoa lortzea, besteak beste, jendeak gezurra esaten ahal dielako aztarnariei, baina ebidentzia nahikoa dugu ziurtatzeko kutsatzeak gertatzen direla bi eremutan nagusiki: etxe barruan eta ostalaritzako barnealdeetan. Ez du zentzurik ebidentzia horren ukazioan tematzea. Beste kontu bat da konpentsazioak edo laguntzak eskatzea. Nik horri ez diot inoiz erreparorik jarri.

Zer gertatuko da maiatzaren 9tik aurrera?

Gure asmoa da tentsioari eustea, gutxienez, ekainera arte. Egoera epidemiologikoa arrisku oso handikoa da oraindik, eta maiatzean, gure helburua izanen da alerta maila hori jaistea. Estrategia bikoitza da: alde batetik, gaitzaren intzidentzia maila apaltzea, horretarako neurri murriztaileei eutsita; eta bestetik, txertaketari bultzada ematea. Denbora irabaziko dugu horrela, ekaina bukatzerako txertatuta izanen baitira 60 urtetik gorako guztiak.

Noizko talde immunizazioa?

Tira, oraingoz, daukagun bakarra estimazioak dira, txertoen hornidura erritmoak baldintzatuta. Uda bukaerarako espero dugu. Europako Batzordeak dio erritmoa are gehiago bizkortu daitekeela, farmazia enpresekin sinatutako azken akordioen arabera, baina izan gaitezen zuhur.

Espero zenuten AstraZeneca eta Janssenen txertoekin piztutako kalapita?

Txertoen inguruan sortu den zarata mediatikoa izugarria da, eta hori ez da ona. Aintzat hartu behar dugu farmazia enpresen atzean interes komertzial eta geopolitiko itzelak daudela, eta horrela ulertu behar ditugu txertoen inguruko berri eta polemika horiek. Nik nabarmenduko nuke txerto guztiak oso eraginkorrak direla, eta denen onurak arriskuak baino askoz handiagoak direla. Hala ere, ez dago %100eko babesa eskainiko duenik. Hortaz: txertatu, mesedez, egokitu zaizun txertoaren marka edozein delarik ere, baina gainerako babes neurriak alboratu gabe.

Gehiegi hitz egin da albo ondorioez?

Betidanik gertatu dira albo ondorioak. Eta gertatuko dira. Eta ez soilik COVID-19aren kontrako txertoekin. Guztiekin! Txoke anafilaktikoak, erreakzioak, odolbilduak... Ongi dago arriskuaren berri izatea eta jakinaren gainean egotea, baina argi edukita, betiere, arriskurik gabeko sendagairik ez dagoela. Zero arriskua deritzon hori helburutzat hartzea oker galanta da, ene ustean.

Zein da helburua beraz?

Immunizazioa ahalik eta gehien zabaltzea. Ez soilik hemen, mundu osoan. Planetaren edozein bazterretan birusaren mutazioak eta erreserborioak existitzen diren bitartean, izurria ez da bukatuko. Ezinbestekoa da txertoak eskuragarri izatea edonon, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu horretarako: OMEren Covax egitasmoa diruz lagunduta, eta bestetik, txertoen patenteak liberaliza daitezela eskatuta. Finean, txertoak ez dira ondasun pribatu bat, ordaindu dezakeenaren esku uzteko. Baliabide publikoa dira, eta eskuragarritasuna bermatu beharko genuke, arrazoi etikoengatik edo, besterik gabe, osasun publiko hutsagatik.

Ikasgairik utzi al du izurriak?

Gizakion hauskortasuna eta zaurgarritasuna agerian gelditu da urtebete honetan: sinetsita geunden ahalguztidunak ginela, natura nahieran erabili eta baliabideak xahutu genitzakeela. Oker genbiltzan. Geure txikitasunaren neurria eman digu izurriak, eta beste gizarte eredu baterantz jo beharko genuke.

Adibidez?

Orain arteko ereduak irabazietan eta lehiakortasunean izan du oinarria, baina krisi honek erakutsi digu irtenbidea lankidetzatik eta elkartasunetik etorriko dela. Interes komertzialak gorabehera, txertoak ere horrelaxe lortu ditugu: laborategien, zientzialarien eta gobernuen arteko lankidetzatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.