Izenik gabeko metalezko plaka, izenik gabeko guztien omenez. Eta denen ahotan, izen bat: Elhadji Ndiaye. Espainiako Poliziak atxilotu ostean, komisarian hil zen senegaldarra. Atzo bete zen urtebete, eta, horren karietara, omenaldia egin zuen SOS Arrazakeria elkarteak, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Hain zuzen, Poliziak Ndiaye atxilotu zuen lekuan bertan egin zioten gorazarre: Martzelo Zelaieta etorbidea eta Artika karrika gurutzatzen diren gunean. Aurrerantzean, Bizitza da handiena / Beltzen bizitzek axola dute lelo bikoitza irakurri ahal izanen dute kale kantoi horretatik oinez igarotzen direnek, lurrean iltzatutako plakari esker.
Ndiayeren heriotza gogoratzeaz gain, «protokoloak, bermeak eta baliabide juridikoak» eskatu zituen SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek atzoko ekitaldian, «gisa honetako heriotzarik berriz izan ez dadin». Halaber, senegaldar gaztearen heriotzak «zirrara politiko eta soziala» eragin beharko lukeela gaineratu zuen: «Bestela, nekez hasiko gara arazoari konponbidea ematen». Atzoko omenaldia «Ndiayek pairatu zituen baldintza bertsuetan hildako migratzaile guztiena» ere badela nabarmendu zuen SOS Arrazakeriako kideak. Bestalde, Afrika Batua kolektiboaren izenean, immigrante beltzen aurkako jazarpena salatu zuen Beltxa ekintzaile senegaldarrak: «Poliziak kalean geldiarazten gaitu une oro, beltz izate hutsagatik».
Bertsio kontrajarriak
Ndiaye hil osteko egunetan Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zain zegoela konturatu ziren gizonak ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta, Polizia iturrien arabera betiere, ez zuten indarkeria zantzurik topatu. Hala ere, hainbat lekukok grabatutako irudiek zalantzan jarri zuten bertsio ofiziala. Lekuko horien arabera, poliziek konorterik gabe utzi zuten Ndiaye kalean bertan, eta egoera horretan eraman zuten atxilo.
Izenik gabeko plaka bat, Elhadji Ndiayeren heriotza gogoratzeko
Espainiako Poliziaren komisarian hildako senegaldarrari omenaldia egin diote Iruñean. «Berme juridikoak» eskatu ditu SOS Arrazakeriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu