Izendatu dute Asiron Iruñeko alkate

EH Bilduko, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin-eko zinegotzien aldeko botoak jaso ditu Asironek. UPNko bederatzi zinegotziek eta PPko biek kontrako botoa eman dute. Udaletxeko plazan jendetza bildu da alkate berriari ongi etorria egitera.

ASIRON AGINTE MAKILA HARTUTA. Jon Urbe / Foku
Joseba Asiron, alkate makila hartuta. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 28a
16:59
Entzun

Ez da ezustekorik izan Iruñeko Udalean. EH Bilduko, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin-eko zinegotzien aldeko botoak jaso ditu Joseba Asironek, eta bere egin du aginte makila. Aldiz, hori ere espero moduan, kontra bozkatu dute UPNko bederatzi zinegotziek eta PPko biek. Haserre, oso haserre mintzatu da Cristina Ibarrola, orain arte alkate karguan egon dena, baita hari babesa agertzera joandakoak ere. Azken horiek ahalegindu dira Udaletxe plazara sartzen, baina Espainiako Poliziak eragotzi egin die.

Goizean goizetik, jai giroa zen nagusi Iruñean. Jendetza batu da Udaletxe plazan, Asironi babesa ematera bilduta. Zentsura mozioaren aurka protesta egin nahi zutenak ere ahalegindu dira tokia egiten, baina Poliziak eragotzi egin die, baita lasaitu ere, giroa berotzen hasi denean. 12:00ak puntuan hasi dute gobernu bilera udaletxe barruan; ordurako, beteta zegoen plaza. Jendeak, telefonoa eskuan, zuzenean ikusi du mozioa.

Geroa Baiko Koldo Martinez izan da mahaiburu, eta hark azaldu du zentsura mozioa bi hizkuntzatan eztabaidatuko zutela —halaxe egin du Asironek kargu hartzea ere, euskaraz lehenik, eta gazteleraz ondoren—. Martinezek esan du PP eta UPN ez beste alderdietako Iruñeko zinegotziek «oso negatibotzat» jotzen dutela Ibarrolak aginte makila hartu zuenetiko kudeaketa, «blokeo etengabean» egon dela udala, eta aurreko legealdiaren jarraipen gisa interpretatzen dute. Iruñeko herritar gehienen iritzia ez aintzat hartzea egotzi diote Ibarrolari, hainbat adibide jarrita: besteak beste, Sarasate pasealekuko proiektua, Zangoza plazako parkina eta memoria historikoarekin lotutakoa.

Izendatu dute Asiron Iruñeko alkate.

Zentsura mozioa aurkeztu duten hamalau sinatzaileek bat egin eta konpromisoak zehaztu dituztela esan du Martinezek. Gehiengo egonkor bat lortu eta alkate berri bat izendatzeaz gain, erabakimenez gobernatzeko gai izango den udal talde bat osatzea da xedea, politika «gardenagoak» eginez: «Siglen gainetik dagoen udal talde bat».

Bitartean, Espainiako banderak geldi daude, zimel. San Saturnino kalean gelditu dira, Poliziaren hesiaz bestaldean, plazara sartu ezinik. Plazan, jendeak «Agur, Ibarrola» eta «UPN kanpora» oihukatzen du, eskuindarren leloren bat aditu orduko.

UPNren kexak

Eztabaida hasieran, Martinezek Asironi eman dio hitza. Baina keinua ez da izan UPNko zinegotzien gustukoa, eta kexu agertu dira horrek beren denbora murriztu duelako. Idazkariak, ordea, defendatu egin du prozedura, eta azaldu mahaiaren ardura dela «hitz egiteko denbora laburra» ematea hitza hartu dutenei. Azkenean, seina minutu eman dizkiete Ibarrolari eta Asironi.

EH Bilduko hautagaiak ez du baliatu bere hitzaldia, baina Ibarrolak gogor hartu du hitza Alderdi Sozialistaren kontra; esan du «mozorroa» kendu duela, eta agerian geratu dela «berdin» dela Alderdi Sozialistaren alde edo Bilduren alde bozkatzea. Alderdi Sozialistak «lau konplize eta txotxongilo» bidali dituela esan du Ibarrolak, eta Iruñeari «traizioa» egitea egotzi dio; esan zutela ez zutela halakorik sekula egingo, eta Pedro Sanchezen «aulkia babestea» baino ez duela helburu.

Herritarrei ere mintzatu zaie, «bihotzez», sinesteko politikan, eta, herritarrek desatxikimendua sentitzea «normala» izan arren, herritarrei eskatu die politikan sinesteko berriz. Burua tente doala berretsi du, «bihotzeko minez» joango dela alderdi sozialistaren erasoak direla-eta; erantsi du «Sanchezek, Juda Iskariotek bezala, Iruñea saldu» duela. Kalea galdu dutela esan dio oposizioari. Espero duela «demokratikoki merezi dutena» edukitzea.

Azkar erantzun dio PSNk, esanez Ibarrolak udala blokeatuta eduki duela, ez direla udal gobernuan sartuko, akordioa Iruñera mugatzen dela, eta hiriaren aldaketarako motor izango direla aurrerantzean ere.

Geroa Baiko Mikel Armendarizek ere blokeoa aipatu du, baina bizikidetzaren aldeko mezua emateko baliatu du kritika. Iruñeak aurrera begira jarri behar duela esan du, «sei hilabeteko blokeoari aurre egiteko». Adierazi du politika jasangarriak, justizia soziala eta bizikidetza sustatu nahi dituztela. UPNri eta PPri eskua luzatu die, elkarlanerako.

Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek «historikotzat» jo du eguna. Eskuinari egotzi dio diskurtso sinplistak egitea irtenbide konplexuak behar diren tokian. Ezberdin pentsatzen dutenak aintzat hartzea defendatu du, tolerantziaren alde egitea, eta dibertsitatea balio aberasgarri gisa hartzea. Erantsi du ezen, eremu ideologiko ezberdinetan egon arren, ez duela zalantzarik eskuineko alderdiak demokratikoak direla, eta pentsatzeko ea «irainekin tolerantziaren eta demokraziaren alde egiten ari diren, edo kontrakoa».

Bozketa amaituta, karguaren zina egin du Asironek. «Hitzematen dut fideltasunez beteko ditudala alkatetzaren karguak dakartzan betebeharrak, eta arauak beteko eta betearaziko ditudala». Asironek hitz horiek esan ostean, Koldo Martinezek aginte makila eman dio Joseba Asironi, eta, ondoren, elkar besarkatu dute. Jarraian, udaletxeko balkoira irten da alkate berria, kanpoan zain zituen ehunka lagunen aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.