Izena ematea derrigorrezkoa izango da Kilometroak jaian parte hartu ahal izateko

Gipuzkoako ikastolen festa Ordizian, Beasainen eta Lazkaon egingo dute, urriaren 3an. Dagoeneko ekintzetan izena eman daiteke

Kilometroak jaiaren aurkezpena, atzo goizean, Ordizian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Pandemiak hala aginduta, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ere egokitu egin behar izan dute. Atzo eman zituzten hari buruzko xehetasunak, Ordizian (Gipuzkoa) egin zuten prentsaurrekoan. Festa Ordizian bertan, Beasainen eta Lazkaon egingo dute, Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuta. Urriaren 3a izango da egun nagusia, eta Batera, bagara, bat gara leloa aukeratu dute festarako. COVID-19ari aurre egiteko neurriak direla medio, izena ematea derrigorrezkoa izango da ekintzetan parte hartzeko. Horretarako aukera zabalik dago gaurtik, Ikastolen Elkarteko webgunean. Egitarauarekin batera, kanta ere aurkeztu dute.

Bost espaziotan banatuko dute jaia: hiru Ordizian egongo dira, eta bana Beasainen eta Lazkaon. Halaber, jakinarazi dute Kilometroak jaia ez dela urriaren 3ra mugatuko. Datorren astelehenean hasiko dira lehen ekintzarekin: Kilometroak bidea izeneko erakusketa zabalduko dute Ordiziako Barrena jauregian, hilaren 17ra arte; hilaren 20tik 24ra, Beasainen egongo da; eta irailaren 27tik urriaren 1era, Lazkaon. Bertso saioak ere antolatuko dituzte, eta egun nagusiaren bezperan herri bakoitzean ekitaldiak egingo dituzte.

Eredu berriak garatzen

Kilometroak festak aurteneredu berria izango duela iragarri zuten. Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak gogora ekarri duenez, pandemiak baldintzatu du, hein handi batean, aldaketa: «Ez da guk nahi genukeen garapenik egon, baina egoera honek aukera eman digu gauzak beste era batera egiteko, adibidez, parte hartzeari toki gehiago emanez». Espero du datorren urtetik aurrera eredu berriak «beste garapen bat» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.