Kontzertu handirik gabe, ibilbiderik gabe... Koronabirusak baldintzatutakoa izango da 2021eko Araba Euskaraz ere. Laudioko ikastolak antolatuko du, eta «egoerara egokituta» egongo dela ziurtatu zuen Aiara Murga bertako lehendakariak, atzo egitaraua aurkezteko egin zuten agerraldian: «Egoerara egokitutako egun bat antolatu dugu; berrasmatu beharra nagusitu da antolakuntzan». Ekainaren 20an egingo dute, Zabal bideak lelopean, eta, parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Araba Euskaraz-en webgunean.
Bi gune handi izango ditu jaiak: euskararen plaza —herrigunean— eta euskararen basoa —parkean—. Horietan, txokoak atonduko dituzte, eta hainbat ekintza jarriko dituzte aukeran: Gora kasete ikuskizuna, dantza emanaldia,zumba tailerra, Maider Zabalegiren kontzertu akustikoa, tailerrak eta jolasak, sukaldaritza ikastaroa, ihes gela, karaokea... Horiez gain, 41 postuko azoka ere egingo dute Laudioko institutuko jolastokian, eta tonbola bat jarriko dute Lamuza plazan.
Eskola txikien festarik ez
Pandemia tarteko, bertan behera utzi behar izan dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa. Aizarnan (Zestoa) ziren aurten egitekoak, baina uste dute egoera ez dagoela horretarako moduan. Horren ordez, «herrira begirako ekitaldi xume bat» egingo dute ekainaren 13an, «egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak beteta». Gainera, egun horretan bertan pasatuko diete lekukoa datorren urtean eskola txikien aldeko festa antolatzeaz arduratuko direnei, Errezilgo eskolako kideei.
Izena eman beharko da Araba Euskaraz-en parte hartzeko
Laudioko ikastolak antolatuko du festa. «Egoerara egokitutako egun bat» prestatu dute, ibilbiderik eta kontzertu handirik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu