Izenen genero marka

IZEN, IZAN... ETA EZIN

Ez dago argi norena den izenak arautzeko ardura, baina gero eta zailagoa da euskaraz haurrei izen mistoak jartzea. Feministen arabera, feminitate eta maskulinitate ereduak ezkutatzen dira bereizketaren azpian. Balio erlijiosoekin eta emankortasunarekin lotzen dira hainbat andrazko izen.

BERRIA.
Maider Galardi
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lagun eta etxekoentzat Amaiur da Idurre Eskisabel EHUko irakasle eta ikerlariaren alaba. Paper ofizialetan, berriz, Miren Amaiur; erregistro zibileko epaileak hala erabakita, Euskaltzaindiaren gomendioz. Izan ere, erakundearen azken izendegiak (2001ean argitaratua) ukatu egiten du euskaraz izen mistoak badaudela. Ondorioz, Amaiur, gizon izena da euskaren akademiaren arabera,Amets, Iraitz eta Iraultza bezala. Sua, Izaro eta Lur, berriz, andrazkoak.

Euskarak izen arruntetan genero markarik ez duenez, arrazoi fonetikoen arabera egin du Euskaltzaindiak bereizketa hori. Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiako Onomastika arduradunak argi du: «Legez dago jasota izenak emakumea ala gizonezkoa den adierazi behar duela». Euskaltzaindiak ezer erabakitzen ez duela dio, haiek soilik gomendio ematen dutela. Hala ere, gogora ekarri du: «Euskaraz ez da inoiz egon izen mistorik, beti bereizi dira gizon eta emakume izenak». Espainiako legedia eta euskararen berezkotasuna dira izen mistoak ukatzeko arrazoi nagusiak.Euskarak generogramatikalik ez duenez, arau fonetikoak dira gizon eta emakume izenak bereizteko Euskaltzaindiak ezarritako irizpide nagusiak.

Eskisabelek gogoan du, erditu berri, Zumarragako (Gipuzkoa)erregistrotik bikotekidearen deia jaso zuenekoa: «Ni ordurako euskal izendegiak sexu-genero sistema nola erreproduzitzen duen ikertzen ari nintzen; gogoratzen dut sekulako eztabaida eduki nuela funtzionarioarekin». Erregistroko langilea ez da, ordea, haurraren izena jartzerako unean erabakiaren jabe. Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren arabera, erregistro zibileko ardura duten epaileek dute eskumen hori, eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren menpe daude. Legeak zera dio: «Ezin dira pertsonen duintasunaren aurkako izenak jarri eta identifikazioak argia izan behar du».

«Erregistroko funtzionarioari, galdetu nion ea alabari izen katoliko bat jartzera behartuko gintuzten». Haurraren izena onartzeko, Miren lehen deitura gisa erregistratzea gomendatu zion langileak Eskisabeli. «Gogoratzen dut momentu horretan amorru handia sentitu nuela; batetik, egiten ari nintzen ikerketagatik oso arginuelako eguneroko erabaki txiki horiek sexu-genero sistema betikotzeko ezinbestekoak zirela; hori amorru politikoa zen. Bestetik, banuen amorru pribatuago bat; ezin nion alabarigustukoa nuen izena jarri». Gaur egun Hendaian (Lapurdi) bizi dira, eta badaki, legedi frantsesa dela eta, ez lukeela inolako arazorik edukiko alabari nahi duen izena jartzeko.

Bost urte dira Eskisabelek Izena eta izana, euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketa tesina amaitu zuenetik, eta aldaketa nabaritu du gizartean eta Euskaltzaindiaren diskurtsoan: «Orain arte Euskaltzaindiak erabilitako argudio garrantzitsuena euskararen berezkotasuna zen. Pentsamendu feministak, ordea, ondo azaldu du ezagutza ekoizpen soziala dela. Beraz, esan dezakegu hizkuntzak ere ez duela jardun sozialaz aparteko berezkotasun hutsik». Horregatik uste du lehen baino hertsiago heltzen diola akademiak Espainiako legediari. Erakundearen baitan eztabaida dagoenaren «susmoa» du ikerlariak, eta hori aurrera urrats bat dela adierazi du. Ildo horretatik, ez du uste Euskaltzaindia jendartea baino askoz erankunde itxi eta kontserbadoreagoa denik: «Hein handi batean gizartearen isla da akademia».

Izen mistoei buruzko teorizazioan Euskaltzaindiaren diskurtsoak gorabeherak izan dituela dio Eskisabelek. Esaterako, Jose Maria Satrustegik iritzi zion izen mistoak izan zirela euskaraz, baina «nahasmena» ez sortzeko, hori baztertzera erabaki zuen egileak. Gerora, Euskaltzaindiaren teorizazioak ukatu egin du izen mistoak izan direnik ere.

Beste adibide argi bat Lur izenarena da. Arau fonetikoak jarraituz, gizon izena litzateke, baina zabalduta dagoen iruditegia (lurra, bizitza emankorra...) feminitateari lotua da, eta Euskaltzaindiak emakume izen gisa jaso du. «Horrelakoetan, erakundeak zehazten du zer den feminitate eta maskulinitate egokia».

Izen mistoak ekiditeko harturiko beste neurri bat gizon izenetatik emakume izenak sortzea izan da. «Kontua da erroa maskulinoa dela. Hau da, berezkoa maskulinoa da, haren luzakina berriz, emakumezkoa» dio Eskisabelek. Hala ere, ikerlariak ez du uste eztabaida hori euskararen berezko arazoa denik. Hausnarketa sakonagoa da: «Hizkuntzaren malgutasunak baino garrantzi handiagoa hartu du hizkuntzaren balio eta funtzio sozialak. Hizkuntzak azkenean iraunarazten duena da zein den zentroa eta zein benetako subjektua. Eta hori gizona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.