Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu dituztenez, ezin izango dute Gizarte Gaien Ministerioak prestatutako Familien Legea onartu. Hala ere, gaur indarrean sartuko den errege dekretu batek zenbait lege eta arau moldatuko ditu, Familien Legeak arautuko zituen zenbait neurri indarrean ezartzeko. Horietako bat izatezko bikoteekin dago lotuta. Izan ere, ezkontzen diren bikoteek hamabost eguneko baimena hartzeko eskubidea dute, baina izatezko bikoteek ez. Gaurtik aurrera, izatezko bikoteek baimen hori hartzeko eskubidea izango dute Hego Euskal Herrian.
Ez da errege dekretu horretan jaso duten neurri bakarra. Urtean bost egun hartu ahal izango dira «edozein bizikide» zaintzeko. Senitarteko horrek istripu bat izan badu, gaixotasun larri bat badu, ospitaleratu badute edo ebakuntza bat egin badiote, zaintzeko baimena hartu ahalko dute langileek. Gurasoek ere zortzi asteko baimena hartzeko aukera izango dute, osorik edo zatika, seme-alabak zaintzeko. Ez dute soldatarik izango aste horietan, eta haurrek 8 urte bete arte baliatu ahalko dute.
Neurri horiek guztiak Espainiako Langileen Estatutuan txertatuko dituzte. Atzo onartu zituen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluan, eta gaur sartuko dira indarrean, hauteskunde kanpainaren atarian.
Izatezko bikoteek ere hamabost eguneko baimena izango dute Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu