Izatezko bikoteek ere hamabost eguneko baimena izango dute Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuak Familien Legearen parte izango ziren zenbait neurri onartu ditu; esaterako, urtean bost egun hartu ahal izango dira, «edozein bizikide» zaintzeko.

Ione Belarra Espainiako Gobernuko Gizarte Gaien eta 2030 Agendaren ministroa, artxiboko irudi batean. ANGELES VISDOMINE / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko ekainaren 27a
17:42
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu dituztenez, Espainiako Gorteetan ezin izango dute Ione Belarraren ministerioak —Gizarte Gaien eta 2030 Agendaren Ministerioak— prestatutako Familien Legea onartu. Hala ere, bihar indarrean sartuko den errege dekretu batek zenbait lege eta arau erreformatuko ditu, Familien Legeak arautuko zituen zenbait neurri indarrean sartu ahal izateko. Horietako bat izatezko bikoteekin dago lotuta. Izan ere, ezkontzen diren bikoteek hamabost eguneko baimena hartzeko eskubidea dute, baina izatezko bikoteek ez. Bihartik aurrera, izatezko bikoteek ere baimen hori hartzeko eskubidea izango dute Hego Euskal Herrian.

Ez da errege dekretu horretan jaso duten neurri bakarra. Urtean bost egun hartu ahal izango dira, «edozein bizikide» zaintzeko. Senitarteko horrek istripu bat izan badu, gaixotasun larri bat badu, ospitaleratu badute edo ebakuntza bat egin badiote, zaintzeko baimena hartu ahalko dute langileek. Gurasoek ere zortzi asteko baimena hartzeko aukera izango dute, osorik edo zatika, haien seme-alabak zaintzeko. Ez dute soldatarik izango aste horietan, eta haurrek zortzi urte bete arte baliatu ahalko dute.

Neurri horiek guztiak Espainiako Langileen Estatutuan txertatuko dituzte. Gaur onartu ditu Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluan, eta bihar sartuko dira indarrean, hauteskundeen atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.