Ekainak 28

Izateaz harro

Gaur ospatzen da mundu osoan gay eta lesbianen nazioarteko eguna. Euskal Herriko hainbat txokotan manifestazio eta ekimenak antolatu dituzte gaurko eragile ugarik.

Ilargi Agirre.
2011ko ekainaren 28a
16:48
Entzun

Festak eta aldarrikapenak bat egiten dute gaur. Gay, esbiana, bisexual eta transexualen askapenerako nazioarteko egunaren harira, manifestazioak eta bestelako ekimenak egingo dira Euskal Herri osoan.

Bilbon, Moyua plazatik irtengo da manifestazioa, Ekainaren 28ko koordinakundeak deituta, 19:30ean. Ordu horretan bertan, Donostian, Bulebarrera jo beharko dute manifestazioan parte hartu nahi dutenek. Iparraldean, lehengo astean aldarrikatu zituzten euren eskubideak. Miarritzen elkartu ziren, ekainaren 18an, kolore anitzeko manifestazio batean.

Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan bilduko dira, 20:00etan. Iruñean, berriz, Antoniutti parkean. Iruñean ere, Ekainaren 28ko koordinakundeak deitu du manifestaziora, Ikusgarriak, askotarikoak eta osasungarriak. Gora gu eta gure gorputzak! lelopean. Haien esanetan, "ikusgarri" azaldu nahi dute aniztasunean, eta bizitzaren eta gorputzaren izaera "osasungarria" nabarmendu nahi dute. "Sexu hezkuntza askotarikoa" defendatzen dute, ezarritako rolak betetzen ez dituzten haurrak baztertuta gera ez daitezen. Gainera, eskoletan haurren eta irakasleen "armairuek" desagertu egin behar dutela nabarmendu dute.

Era berean, politika homofobo, sexista, lesbofobo eta transfoboak egiten dituzten erlijio erakundeei diru laguntza publikoak etetearen alde azaldu dira. "Nahi dutenarekin" eta "nahi duten moduan" harremanak izateko askatasunaren alde egiten dute, eta mota guztietako "familia egiturak" aldezten dituzte. Azkenik, plazer sexuala «osasun iturri» dela azaldu nahi dute.

Bilgune Feministak bat egin du

Bilgune Feministak ere bat egin du gaurko aldarriekin. Salatu du "sexu biologikoaren itzalak" bizitza baldintzatzen duela oraindik, generoaren "eraikuntza kulturalak" gero eta pisu handiagoa duen arren. Gizartea "hierarkia printzipioaren" arabera ordenatuta dagoela diote, eta "ugalketa" dagoela gailurrean. Hain justu, "sistema patriarkal" eta "kapitalistak" bultzatzen duen sexualitatea ugalketara bideratutakoa izatea gaitzetsi dute. Arrunt kritikoak dira, sexualitatearen "eredu hegemonikoak" gainerako ereduak deitoratu egiten dituela eta. Horren harira, "patriarkatuak" sortu dituen "kategoria zurrunak" gaindituko dituen eta "aniztasuna" oinarri duen gizarte baten beharra azpimarratu dute.

Erakundeak
Hainbat instituziok ere bat egingo dute gaurko aldarriekin. Bizkaiko Diputazioak, esaterako, hainbat ekimen antolatu ditu. Adinean aurrera doazen homosexualen inguruko kontzientziazio kanpaina bat egingo du, adibidez. Pertsona horiei dei egin diete "bikote eta familia eskubideez" gozatzeko. Kanpainaren barnean, egitarau oparo bat osatu dute. Homosexualitateari buruzko hainbat hitzaldi eskainiko dira, eta En tránsito: entre el secreto y la visibilidad erakusketa ere antolatu dute. Alhondigara jo beharko du erakusketa ikusi nahi duenak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.