Izaskun Bilbao Barandikak EAJren EBBri jakinarazi dio eurodiputatu gisako lanak 2024ko uztailean amaitutzat emango dituela eta, horrenbestez, ez dela izango EAJren zerrendaburu Europako Parlamenturako ekainean egitekoak diren bozetan. Hamabost urte egingo ditu eurodiputatu gisa, eta jakinarazi du amaitutzat ematen duela bere «bizi aro hori». Agerraldi batean egin ditu adierazpenok, EAJren egoitza nagusian, Sabin Etxean, Bilbon.
2009tik izan da eurodiputatu, eta hiru legealdi egin ditu Europako Parlamentuan. Esan duenez, «ohore eta poz handia izango da Bruselan eta Estrasburgon legealdi honen azken egunera arte gizarte hau ordezkatzea». Aro horri amaiera jarriko ziola, berrriz, maiatzeko udal eta foru hauteskundeek ireki zuten hauteskunde zikloa baino lehen jakinarazi zion Andoni Ortuzarri, EAJren EBBko lehendakariari. Bilbaok baztertu egin du lehen lerro politikoan jarraitzea eurodiputatu gisa amaitutakoan. Funtzionario gisa du postu bat, eta esan du agintaldia amaitzean erabakiko duela zer pauso eman.
Bilbaoren esanetan, euskal gizartea «Europako gizarterik aurreratuenen artean» dago, «askotariko parametro ekonomiko, sozial eta kulturaletan», eta gehitu du «harrotasunez» bizi izan duela Europako prozesu araugileari zenbait ekinbide eta proposamen eman izana, bai eta euskal gizartea ordezkatu izana ere Europako erakundeetan. «Azken ehun urtean baino gehiagoan Europaren eraikuntzan diharduen alderdi jeltzalearen katebegi bat gehiago sentitzen naiz».
Agerraldia baliatu du eskertzeko 2009tik bidean izan duen babesa eta lankidetza. «Azpimarratu nahi dut, gainera, solaskidetza hori ez dela mugatu gure koalizioko alderdiek ordezkatzen zituzten lurraldeetako gizarteetara». Eskertzetan gogoan izan ditu bere familia, Europako Parlamentuan izan duen lantaldea eta alderdikideak. Baita hedabideak ere, «zarata politikotik at» mantentzeagatik.
Bilbao 2009an izan zen lehen aldiz jeltzaleen zerrendaburu Europako hauteskundeetarako. Eta hala izan zen, berriro, 2014an eta 2019an. Alderdi jeltzalean hasi zuen bide politikoa, Bermeon (Bizkaia), zinegotzi gisa. 1998tik 2009ra Eusko Legebiltzarrean aritu zen. Legebiltzarreko lehen emakume lehendakaria izan zen, 2005etik 2009ra. «28 urte nituela, norbaitek nigan konfiantza izan zuen, eta hainbat ardura izan ditut geroztik alderdi jeltzalean. Eurodiputatu gisa askotariko lan bilerak eta bidaiak izan ditut. Etapa bati amaiera jartzeko ordua da». Iragarri du etxera itzuli nahi duela, «arrantzale familiara, Bermeora».