Izaskun Bilbaok ekainaren 9ko bozetan parte hartzera deitu du, «Euskadik hitza eta botoa» izan dezan Europan

Arrantza sektorea «estrategikoa» dela eta, arrantza gaietarako komisario bat egotea eskatu du.

Izaskun Bilbao eurodiputatua izan da azken hiru legealdietan Europako Parlamentuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Izaskun Bilbao eurodiputatua izan da azken hiru legealdietan Europako Parlamentuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
aitor biain
2024ko maiatzaren 17a
11:30
Entzun

Azken hiru legealdietan EAJren eurodiputatu izan denak, Izaskun Bilbaok, ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzeko eskatu die herritarrei. Bilbaok gogorarazi du Europako Batasunean onartzen diren lege gehienek eragina dutela hemen ere, eta, horregatik, azpimarratu du ezinbestekoa dela «Euskadik ahotsa eta botoa» izatea erabakigune horietan.

Izan ere, Bilbaok gogora ekarri du batasunean hartutako erabakien ondorio direla, besteak beste, Erasmus unibertsitateko ikasle truke programa, roaminga eta nazioarteko deien doakotasuna, edo CO2 isuriak murrizteko helburuak. «Han egongo ez bagina, ez genuke erabaki horietan parte hartuko», ohartarazi du Onda Vascan egin dioten elkarrizketan. «Han ez bagaude, inork ez du gure sektoreen, gure herritarren eta gure erakundeen ahotsa eramango, Europako legeak eztabaidatzeko orduan kontuan har ditzaten gure egitasmoak, planteamenduak eta ekarpenak».

EAJren eurodiputatuak adierazi du, hain zuzen ere, orain arteko lanari esker lortu dela «Euskadi hobeto ezagutaraztea» EBn. Eta bereziki azpimarra egin du azken hamarkadetan egin den industria eraldaketan, hori baita EBk «miresten» dituen gauzetako bat. Horiek hala, hurrengo bost urteetan ere Estrasburgon egoteko beharra azpimarratu du Bilbaok: «Euskadiren ahotsa Europako Parlamentuan egongo dela bermatu behar da».

Arrantza sektoreari «entzun»

Arrantzari lotutako erabaki asko ere EBren eskumenak dira, eta Bruselan eztabaidatzen dira. Hala ere, Bilbaok uste du EBko erakundeek ez diotela sektoreari dagokion garrantzia ematen. Horregatik, proposatu du nekazaritza gaietarako komisario bat dagoen moduan arrantza gaietarako ere arduradun bat jartzea. Izan ere, EAJren eurodiputatuak iritzi dio beharrezkoa dela sektoreari «askoz gehiago» entzutea, «estrategikoa» baita haren hitzetan.

Bilbaok salatu du Europan kontsumitzen den arrainaren «ia %70» EBz gaindiko herrialdeek arrantzatzen dutela, eta bertako arrantzaleek horiekin lehiatu behar izaten dutela gero. Are, ohartarazi du bertako arrantzaleei ezartzen zaizkien baldintzak zorrotzagoak izan ohi direla sarritan, eta, ondorioz, horrek «lehia desleiala» sortzen duela. Horri aurre egitea eta tokiko arrantza ekoizpena lehenestea ezinbestekotzat jo du Bilbaok. «Batzuetan kosta egiten zaigu gure produktuak saltzea, lehia desleiala egiten dutelako. Joko hori ere amaitu behar da behingoz», esan du. 

Bilbao EAJren eurodiputatu izan da azken hiru legealdietan, baina ez da berriz aurkeztuko. Haren ordez, Oihane Agirregoitia izango da jeltzaleen hautagaia ekainaren 9ko bozetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.