egunkaria auzia

Izaskun Bilbaok 'Egunkaria auziko' torturak eta epaiketa aipatu ditu Europako Legebiltzarrean

Minutu bateko agerraldia egin du EAJko europarlamentariak gaur arratsaldean. Europak Espainiako "Justiziaren akatsa" salatu egin beharko lukeela adierazi du Bilbaok.

2010eko urtarrilaren 18a
18:38
Entzun
Egunkaria-ko itxiera kasuko auzipetu batzuek torturak salatu zituztela esan du gaur Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak Europako Legebiltzarrean, eta kazeta itxi eta ia zazpi urtera ari direla egiten epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auziaz hitz egin du arratsaldean, eta minutu bateko astia izan du horretarako. Haren ustez, Europak "[Espainiako] Justiziaren akatsa" gaitzetsi egin beharko luke, "demokrazia indartzeko".

Europako Legebiltzarrean minutu bateko 72 agerraldi daude gaur arratsalderako iragarrita -17:30ean hasi da saioa-, eta Bilbao 17:46tik 17:47ra artean mintzatu da. Bukaeran europarlamentari batzuek txaloak jo dizkiote.

Bihar, berriz, Kataluniako Parlamentuko taldeek Egunkaria auzia aztertuko dute.

Abenduaren 15ean hasi zen euskarazko kazetaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean (2003ko otsailean itxi zuten). Gaur zortzi segituko du, beste lekuko batzuen deklarazioarekin. Epaimahaiak hil honetako 27an irakurri nahi ditu ondorioak. Orduan bukatuko litzateke epaiketa, eta epaiaren zain geratuko lirateke.

Joan Mari Torrealdai, IƱaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga ETAko kide izatea egotzita daude auzipetuta. Auzibidean Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek baino ez dituzte egin zigor eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.