Nerabe batek salaketa bat eman du Sarako (Lapurdi) Izarra pilota taldeko hezitzaile batek argazki pornografikoak igortzen zizkiolako, Euskal irratien arabera. Zehaztu dutenez, Baionako auzitegiak joan den astean ireki zuen entrenatzailearen kontrako inkesta. Nahiz eta entrenatzailea atxiloalditik atera den, auzitegiak segurtatu du inkestak segitzen duela eta bi aldeak galdekatuak izan direla.
FFPB Euskal Pilotaren Frantziako Batzordeko presidente Lilu Etxeberriak baieztatu du pilota entrenatzaileari lizentzia kendu diotela eta erabaki dutela Izarra pilota taldetik baztertzea. Bestalde, ohartarazi du Izarra taldearekin harremanetan diren familia guziek gertakarien berri ukan zutela gutun bidez. Hain zuzen ere, gutunean berean FFPBko zerbitzu egokietara bideratzeko laguntza eskaintzen die familiei, beharrik balute.