Izandakoa berreskuratu edo aukera alferrik galdu

Moncloaren eta independentisten arteko tirabirak ohikoak izan dira azkenaldian, eta espioitzen aferak are gehiago gaiztotu ditu harremanak. Haiek onbideratzeko urratsak egiteko eskatu diote Sanchezi.

Iosu Alberdi.
Madril
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Inbestidurako blokea baino gehiago, Pegasus blokea gara orain». ERCko eledun Gabriel Rufianen erantzuna da, Pedro Sanchez Espainiako Gobernura eraman zuen indar metaketaren osasunaz galdetzean. Moncloaren eta alderdi independentisten arteko harremanak gaiztotuz joan dira azken hilabeteetan, eta zelatek arrakala hori handitu dute.

EH Bilduko eledun Mertxe Aizpurua mesfidati mintzatu da Sanchezen «balantza etengabearen» dela eta. Izan ere, legealdi hasieran inbestidurako blokea sendo agertu zen arren, orain egoera bestelakoa da. Otsailean, Moncloak uko egin zion independentisten proposamenak onartzeari, eta Ciudadanosen babesarekin onartu zuen lan erreforma. PPren abstentzioa ere lortu nahi izan zuen Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko neurrien bozketan, baina EH Bilduren aldeko botoak saiakera eten zuen.

Aizpuruak gogoratu du hasieratik argi adierazi ziola Sanchezi zer eskatzen zuten trukean: «Gobernuaren eta inbestidurako gehiengoa osatu genuen ezkerreko indarren arteko errespetua. Eta azkenaldian ez da ematen ari». Kontrara, salatu du «eskuina dator» esan besterik ez duela egin Sanchezek. Hala, urratsak egiteko eskatu dio, bi alorretan: lurralde gatazketan eta gizarte gaietan. «Horixe egingo luke eskuinaren aurkako fronte batek».

Pagesen esanetan ere, norbait «eskuin muturraren eta espainiar nazionalismoaren gorakadaren arduradun» bada, hori PSOE da. Hark ez ditu sozialistak «konbentzituta» ikusten demokrazia onbideratzeaz mintzo direnean, ezta «sinesgarritasun demokratikorik» sumatzen haien mezuetan ere. Hala, Pegasus auzia «giltza ezegonkortzaile bat» izan daitekeela ere argudiatu du, PSOEk afera «oinarrizkoa» dela ulertu ezean.

Rufianek gehitu du ezkerreko alderdiak ez direla gobernuak hartutako erabakien erantzule, zenbait zuzenketaren arduradun baizik. «Izerdia eta malkoak kosta zaigu PSOE gauza sinpleenak egiteko mugiaraztea». Hala, baloia sozialisten teilatuan dagoela azaldu du: «Ez bazaizkio gustatzen EH Bildu, Podemos, ERC, Mas Pais, Compromis, BNG..., esan dezala. Alternatiba bat du: [PPko presidente Alberto Nuñez] Feijoo. Baina, hori esatearen hauteskunde kostua bere gain hartu beharko du».

ERCkoaren beste esaldi bat jarri du auzitan Uriartek. Rufianek adierazi du Esquerra ez dela izango «faxismoa Moncloara iristearen erantzule». UPkoaren esanetan, baina, espioitzak «herritarrei laguntzak ukatzeko aitzakia» gisa erabiltzeak kontrakoa adierazten du. Hark Euskal Herriko alderdi abertzaleak jo ditu jarrera «arduratsu» baten adibidetzat: «Niri konfiantza handiagoa ematen didate [EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo] Otegiren hitzek, hots, ez diotela inoiz gobernuari kolperik emango herritarren gorputzetan».

Mahai inguruaren testuingurua kontuan izanik, Rufiani «kuriosoa» iruditu zaio konfiantza hitzaren aipamena, eta analisi horren «arinkeria» kritikatu du: «Gobernua ongizate estatuari dagokionez, aurrerapausoak egiten ari da, baina ari da aurrera egiten zuzenbide estatuari dagokionez?». UPri laguntza eskatzeko baliatu du abagunea: «Ederra litzateke UPk esatea hemen erantzukizunak argitu arte ez dela ezer gehiago bozkatuko».

Kataluniako auzia

Madrilen eta Bartzelonaren arteko harremanetan ere eragin dute zelatek. Egoera onbideratzeko, Rufianek beharrezkotzat jo du «elkarrekiko errekonozimendua, instituzioekiko errespetua eta negoziaziatzeko asmoa» bermatzea, elkarrizketa mahaiak bere bidea egin dezan: «Ezker abertzalea ez da ezeren susmagarri bere konbikzio subiranistei eta independentistei dagokionez, eta ez du elkarrizketaren bidea zalantzan jartzen. Nor gara gu esateko ez dela hitz egingo?».

Pagesek, baina, beste ikuspegi bat du harreman horiez, eta «esparrua zabaltzeko» eskatu du: «Ez da gobernuen arteko zeozer. Katalunian gehiengo bat dago independentziaren alde». Beraz, gatazka politikoari erantzun bat bilatze aldera, beste bi galdera bota ditu: «Espainian badago borondaterik benetako elkarrizketa bati ekiteko? Aurrez nola jakin behar da badagoela elkarrizketarako nahi bat gu espiatzen ari badira?».

Kataluniako gatazka politikorako zein Euskal Herrikorako balio duen mezu batekin amaitu du Aizpuruak: «Prozesu gisa hartu behar da. Ez da E egun bat egongo». Hala, «arrazoiz kargatzeko» lan egiteko eta indarrak batzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.