Izan zitekeena, eta izan zena

Franco hil ostean euskal liburuei Hego Euskal Herrian ezarri zieten zentsura ikertu du EHUko ikerketa talde batek. Argitaletxeei jazarri zitzaizkien, eta haur literatura izan zen haien obsesioa. Garai haren «hustuketa sistematikoa» egin dute, Torrealdairen lanari segika.

Ana Gandara, Amaia Elizalde eta Mari Jose Olaziregi, hurrenez hurren, EHUko Carlos Santamaria zentroan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zentsurak helburu ideologiko bat du: bizitzeko eta pentsatzeko modu bat inposatzea. Aurpegiak, berriz, bi ditu. Lehena debekua da: garaiaren arabera, idazleak hil ditu, liburuak bahitu ditu edo argitaletxeak ito ditu. Bigarrena saria da: «ondo» dagoena goresten du, ideologia horrekin bat datorrena lehenesten du. Zentsura ikertzen dutenek, ondorioz, itzala eta argia dituzte ikergai. Izan zitekeena, eta izan zena.

«Harrigarria da Euskal Herrian, hainbeste pairatu den toki batean, zentsuraren gaiak hain presentzia gutxi eduki izana», harritu da Ana Gandara, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeko kidea. Euskal Herrian zentsuraren ikerketari heldu zion lehena Joan Mari Torrealdai izan zen. 1936ko gerraren hasieratik 1983ra arte euskal liburuei Espainiako Gobernuak ezarritako zentsura aztertu zuen: horri buruz egin zituen tesia eta hainbat liburu —bereziki, frankismo garaikoa ikertu zuen—.

«Katea ez da eten», esan du Mari Jose Olaziregi katedradun eta MHLI ikerketa taldeko zuzendariak. Izan ere, MHLI taldeko hamabost ikerlarik elkarlanean landu dute Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983) liburua, Torrealdai zenak jorratutako bidea jarraituta. Hamabi aldiz joan dira Alcala de Henaresko (Espainia) Administrazioaren Artxibo Nagusira, eta 1975 eta 1983 bitartean euskal liburuei ezarritako zentsura aztertu dute, han topatutako 545 zentsura espediente ikertuta. Garai horretako zentsuraren «hustuketa sistematikoa» egin dute, orain arte egin gabea zena.

Ikusi gehiago:Zentsura espedienteetan errepikatzen diren izenak

«Denok egiten dugu frankismoaren eta zentsuraren arteko lotura. 1975ean Franco hil zen, eta kito. Ez! Jarraitu zuten irakurtzen», azaldu du Amaia Elizalde MHLIeko kide eta Mikel Laboa katedrako zuzendari berriak. Gandarak, liburuaren editoreak, segitu du azalpenarekin: «1975ean zentsura ez zen amaitu. Legeetatik desagertu ez zen bezala, aparatuak jarraitu zuen. Hori demostratu nahi genuen, eta datuak liburuan daude».

Hasieran, liburuak erre eta idazleak hil zituzten frankistek; esaterako, Estepan Urkiaga Lauaxeta. 1938an sortu zuten zentsuraren aparatua: liburu guztiak aurkeztu behar ziren Zentsuraren Bulegoan, eta han erabakitzen zuten liburuak argitaratu edo ez. Baita nola argitaratu ere: Gabriel Arestiren zenbait lan «interbentzioekin» argitaratu ziren, esaterako. 1966ko Prentsa Legea izan zen beste mugarri bat. Manuel Fraga Espainiako Gobernuko Informazio eta Turismo ministroak ondu zuen, eta Franco hil ostean ere mantendu zen.

Ikusi gehiago:Joan Mari Torrealdairen omenezko liburua

Lege horrekin, «kontsulta boluntarioa» ezarri zuten. «Ez baldin bazenuen aurkezten eta argitaratzen baldin bazenuen, baten batek salatu egiten zuen: orduan liburua bahitzen zuten, edo isun bat jarri. Garai hartako euskal argitaletxe batentzat hori izugarrizko sarraskia zen», azaldu du Elizaldek.

Argitaletxeak kontrolpean

Izan ere, garai hartan argitaletxeak kontrolatzeari ekin zioten. «Azkenean, hori da jatorria. Askotan pentsatzen dugu zentsura dela hitz bat ezabatzea, eta ez. Zentsura neurriak eta kontrol neurriak jar daitezke hasiera-hasieratik argitaletxeen erregistroan, adibidez», azaldu du Elizaldek. Argitaletxeek dokumentu eta agiri ugari bete behar zituzten, eta hainbat betekizun ezartzen zizkieten; fitxa polizialak ere baziren. «Normalki esaten zuten falta zela dokumenturen bat, ez zena falta edo berez ez zena azaltzen baldintzetan. Bien bitartean, Poliziarekin tramitea egiten zuten. Ofizialki ez zen agertzen hori egingo zutenik, baina egiten zuten».

Hori Franco hil ostean ere mantendu zen, eta «kontsulta boluntarioak» ere ez ziren eten. Liburuen aleak bidaltzen zituzten inprimatu aurretik, izkribuak, maketak eta laburpenak. Hala ere, diktadorea hil ostean hainbat argitaletxek erabaki zuten ale gehiago ez bidaltzea Zentsuraren Bulegora; Hordagok 1978tik eta Kriseluk 1977tik, esaterako.

Zentsoreek jarraitu zuten, ordea, euskal liburuak irakurtzen eta horien inguruko txostenak egiten. Txosten haietan azaltzen zuten aztertutakoa gomendagarria zen edo ez —1975 eta 1983 bitartean hamaika liburu iruditu zitzaizkien «salagarriak»—. Hala ere, 1975etik aurrera legeak aldatzen hasi ziren, eta aparatuak lanean jarraitu bazuen ere, ezin zituzten liburuak debekatu. Zentsoreen «nahi eta ezin» hori Torrealdaik identifikatua zuen, Elizalderen arabera.

Haur eta gazte literatura

Diktadorea hil zenetik 1983ra arte, haur eta gazte literatura izan zen zentsoreen obsesioa, baita testu liburuak ere. Are, 1980tik 1983ra zentsurara aurkeztutako liburuen %67 izan ziren genero horretakoak. Arrazoia azaldu du Gandarak: «Apustu bat egin zuten, etorkizuna haiena izango zela ziurtatzeko, ez soilik helduak fisikoki bereganatuz; etorkizunari beldurrez begiratuko dion belaunaldi oso bat moldatzeko».

Olaziregik azaldu du hiru elementuri erreparatzen zietela zentsoreek: «Joera aberkoia edo separatista zeukaten liburuak aztertzen zituzten. Fantasia eta erlijioaren nahasketarik egiten al zen eta gai moralki desegokiak al zeuden begiratzen zuten. Hau da, irakaspenak garbia izan behar zuen. Gainera, berariaz neskei eskainitako sailak edo atalak zeuden. Kontsideratzen zen literaturan emakumezkoaz ematen zen irudiak bat etorri behar zuela emakume batez espero zen rolarekin: etxean egin behar zuen lan, abentura gutxiko testuak, andrazko pertsonaiek ahulak eman behar zuten, babestu behar zirenak».

Helduen literaturan, pertsonaia historikoekin ziren mesfidati. Antonio Maria Labaienek idatzitako Jose Antonio Muñagorriren biografia «lupaz» begiratu zutela adierazi du Olaziregik. Erantsi du poesia ere «begiz» zaintzen zutela: «Poesia arazo iturri zen, eta begi bereziekin begiratzen zituzten. Joseba Zulaikaren Adanen poema amaigabea aipatzen dute». Esperimentalismoak, ordea, ez zituen beldurtzen, Olaziregiren esanetan. Patri Urkizuk 1975ean idatzitako Sekulorun sekulotan liburuaz —punturik eta komarik gabe idatzia— hau idatzi zuen zentsoreak: «Egileak orriak betetzen ditu, hari psikologikoari bakar-bakarrik segika. Ez dago argumenturik. Jorratzen dituen gaiak, hobeto esanda, azaletik ukitzen dituenak, denetarikoak dira: bukolikoak, erromantikoak, munduko egoeraren aieneak, kutsadura, eta abar. Ez du zentsuratzeko moduko ezer».

1983. urtea mugarri

Zentsura arautu zuen azken legea 1977an sinatu zuen Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko orduko presidenteak. Hala ere, hurrengo urtean indarrean sartu zen konstituzioak bertan behera utzi zuen lege hori, Olaziregik adierazi duenez. 1982koa da Euskararen Legea ere. 1983an desegin zuten zentsura aparatua.

Hala ere, Elizaldek ohartarazi du gaur egun ere badela zentsura Hego Euskal Herrian behintzat: «Orain ere berariaz existitzen da diskurtsoaren erregulazio hori, badago legedia, zigor kodea eta hori guztia». Gainera, nabarmendu du zentsura ez zuela Francok sortu: «Eliza katolikoak asmatu zuen, eta Inkisizioa arduratzen zen horretaz».

Zentsuraren neurririk eraginkorrena, Elizalderen ustez, euskarazko hezkuntza debekatzea izan zen: «Horrek sortu zuen belaunaldi oso bat, euskaraz alfabetatu gabea. Ideologizazioa ere bazegoen, eta kodea ezabatu zuten: alfabetatzea eten zuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.