"Borroka armatua ez dute armek egiten, gogoak baizik. Gogoa duenak bilatzen ditu armak". ETApm-ko 1980ko hamarkadako buruzagietako baten hitzak dira, asteon jasotakoak. Erakunde armatu horrek orain dela 30 urte utzi zituen armak, baina orduko horretan ez zen desarmatzerik izan. Gaur egun ematen zaien protagonismoa ere ez zuten izan negoziazioetan: “Garrantzitsuena zen borroka armatuaren zikloa amaituta zegoela”, dio negoziazioan parte hartu zuen polimilietako batek. 1982ko udan ETApm-ko bi buruzagi Manuel Ballesteros Espainiako Terrorismoaren Kontrako buruarekin bildu ziren Parisen. Armak emateko eskatu zien horrek, baina jada ez zituztela erantzun zioten. Bilera horretan parte hartu zuen bi polimilietako baten arabera horrela esan zion besteak: "Guk jada ez daukagu armarik. Nahi baduzu, utzi batzuk eta irudikatuko dugu desarmatzea".
30 urte pasatu dira ETApm desegin zenetik, eta orduko eta oraingo prozesuen eta momentuen arteko desberdintasunaren adierazgarri dira armak, besteak beste. Armarik ez ematea ez zen izan oztopo Espainiarentzat polimiliekin negoziatzeko.
Gertatu zenaz luze irakurtzeko aukera izango da bihare BERRIAn.