Izagirre Jaurlaritzako Larrialdi zuzendariak dimisioa eman du

Zenbait irregulartasun egozten dizkiote. EAJko kide eta Galdakaoko zinegotzi izateari utzi dio

Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Fernando Izagirre jada ez da Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendaria. Asteburuan eman zuen dimisioa, eta Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak herenegun onartu zuen haren eskaria, akordio batera heldu ostean. Kargu hori bete aurretik, Bizkaiko DYAko zuzendaria izan zen Izagirre 2016 eta 2021 artean, iazko martxoan Jaurlaritzako alor horretako zuzendari izendatu zuten arte.

DYAko egungo zuzendaritzak apiril hasieran salatu zituen Izagirre zuzendari zen garaian izandako irregulartasunak. Zuzendari zenaz gain, beste hamar pertsona daude kasuan inplikatuta.

Ikerketa zabalik dago, eta egozten dizkieten delituen artean daude dirua bidegabe erabiltzea, kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea eta kaudimengabezia zigorgarria. Iaz, zuzendaritza talde berria martxan jarri zenean, kontu ikuskaritza bat egin zuen erakundearen egoera zein zen jakiteko; orduan topatu zituzten irregulartasunak.

DYAko bozeramaile Javier Lizek esan duenez, irregulartasun horiek atzeman zituztenean laguntza eskatu zieten aholkulari juridikoei. Aholkulariek gomendatu zieten auzia fiskaltzaren esku uzteko, zuzendaritza berria «egon zitezkeen arduretatik» libre uzteko. DYAren zuzendaritzak jakinaren gainean jarri zuen fiskaltza, eta horrekin auzibidea abiatu zen. Horren ondorioz etorri da Fernando Izagirre eta beste hamar pertsona ikertuak izatea.

Albiste agentziek jakinarazi dutenez, irregulartasunek zerikusia dute DYAren menpeko den Emerplus enpresarekin, eta horren kontabilitatean aurkitutako «ezohiko operazioekin».

Galdakaoko alkategaia

Izagirre, besteak beste, EAJko zinegotzia eta bozeramailea ere bazen orain arte Galdakaoko Udalean (Bizkaia), baina utzi egin ditu kargu horiek ere, baita alderdia bera ere. Galdakaoko Udalak berretsi du Izagirrek zinegotzi izateari utzi diola. Jeltzaleen alkategaia izan zen azken udal hauteskundeetan, eta, boto gehien lortu zituen zerrenda haiena izan zen arren, alkatetza galdu zuten, EH Bilduren mesedetan. 2007tik zen zinegotzi.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, dimisioak ez du loturarik Izagirrek Jaurlaritzan egin duen lanarekin, «aurretik zeukan zereginarekin baizik». Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren ardurapekoa da, eta horren sailburu den Josu Erkorekarekin bildu zen Izagirre auziaz eztabaidatzeko. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, «bi aldeen adostasunez» hartu zen Izagirrek dimisioa emateko erabakia.

DYAn 1986. urtean hasi zen Izagirre, boluntario modura, eta, zuzendari izan aurretik, koordinatzaile nagusi izan zen hainbat urtez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.