Bizkargi mendian hil zuten Jesus Izagirre gudaria, 1937an, 27 urte baino ez zituela. 85 urte luzez Bilboko hilerrian egon ondoren, haren hezurrak jaioterrira itzuli zituzten atzo, Gabiriara (Gipuzkoa), eta ekitaldi xume batekin egin zioten ongietorria.
Izan ere, herri horretan jaio zen, 1910. urtean. EAJren Amaiur batailoiko sarjentua zen, eta Kandido Sasetaren agindupean borrokatu zen matxino faxisten aurka.Muxika, Larrabetzu eta Zornotzaren arteko mendian (Bizkaia) hil zuten, duela 85 urteko maiatzaren 14an, beste bost herrikiderekin batera: Luis Altzueta (22 urte) eta Simon Altzueta anaia (25), Joxe Apaolaza (23), Jose Mari Gabiria (22), Ramon Igartzabal (25) eta Jesus Izagirre (27).
Dantzarekin eta musikarekin hartu zituzten gorpuzkiak, eguerdian. Ekitaldian egon zen Arantzazu Baztarrika, Izagirreren senidea. «85 urte geroago, baina tokatzen zitzaion lekura bueltatu da», esan dio berriki BERRIAri.
Gabiriaren gorpuzkiak topatzea eta herrira itzultzea ez da lan erraza izan. Orain dela gutxi arte, inor gutxik zekien non zeuden.
Iñigo Santxo abokatua hasi zen Jose Apaolaza bere bikotekidearen osabaren bila, eta ikerketa eginez lortu zuen horiek aurkitzea. Atzoko ekitaldian egon zen Santxo.
Santxok jakin zuen gudarietako baten gorpuzkiak Derioko hilerrian lurperatu zituztela, eta handik hamabost urtera haren gorpua hezurtegi komunera bota zutela, familiari ezer esan gabe.
Hari horri tiraka lortu dute, azkenean, gabiriarren hezurrak topatzea eta identifikatzea.
Maiatzaren 9an omenaldia egin zieten Bizkargi egunean.
Tomas Rubinenak, gaur
Tomas Rubin Marin gudariaren gorpuzkiak gaur utziko dituzte haren senideen esku. EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintzarekin borrokatu zen, eta 31 urterekin hil zen, Legutioko (Bizkaia) gudan jasaniko zaurien eraginez. Amorebietako (Bizkaia) ospitale militarrean hil zen, 1936ko abenduaren 3an. Haren gorpua Bilboko Begoñako hilerrira eraman zuten, baina haren senideek ez dute urte luzez jakin zehazki non zegoen lurperatuta.
Aurtengo urtarrilaren amaieran, berriz, haren gorpuzkiak atera zituzten lur azpitik.
1936ko gerran eta ondorengo urteetan hildako 60 lagunen gorpuzkiak berreskuratzeko lanean jarraitzen dute Begoñako hilerrian.