Itzultzaile neuronalen erabilera «ordenatzeak eta arautzeak» duen garrantziaz ohartarazi dute

Itzulinguru ikerketaren emaitzen berri eman dute Asier Basurtok eta Eduardo Apodakak. Itzulpen neuronala erabiltzearen ondorioak ikertu dituzte, tartean soziolinguistikoak, euskararen biziberritzeari so: «Hizkuntzak ikasteko motibazioa landu beharko da».

Eduardo Apodaka eta Asier Basurto, Itzulinguru ikerketa proiektuaren emaitzak aurkezten, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Eduardo Apodaka eta Asier Basurto, Itzulinguru ikerketa proiektuaren emaitzak aurkezten, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2024ko irailaren 11
16:45
Entzun

Erruz zabaldu da klik bakar batean testuak itzultzeko modua ematen duten teknologia gero eta ahaltsuagoen erabilera, eremu askotan, eta horrek euskararen erabileran zer ondorio aztertzeko landu dute Itzulinguru ikerketa proiektua. Proiektu horren txostena aurkeztu dute gaur EHUren Udako Ikastaroen barruan, Itzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileran deituriko ikastaroan. Soziolinguistika Klusterraren eta EHUko Innoklab ikerketa taldearen jardunaren emaitza da. 2023an eta 2024an tresna teknologiko horiek hizkuntza jarduera arautuetan izan dituzten eraginak «sistematikoki» aztertzeko ahalegin bat izan da, hainbat arlotara begira egindakoa. Ondorioen artean, ohartarazpen bat egin dute: erakundeetan-eta teknologia hori era «eraginkorrean» erabiltze aldera, «ordenatu eta arautu» egin behar da.

Proiektuaren koordinatzaile Asier Basurtok eta zuzendari Eduardo Apodakak azaldu dituzte txostenaren gako nagusiak. «Itzultzaileen erabilera irizpideak diseinatu, adostu, finkatu eta zabaldu behar dira erakunde mailan», zehaztu dute txostenean. Halakorik ez egitearen arriskuaz ere abisu eman dute: «Oker erabiltzeko arriskua handia da».

Ikerketan parte hartu duten eragileen artean, tankera horretako lanketetan parte hartzeko borondatea ikusi dute, Apodakak adierazi duenez. «Jendeak trebatu egin nahi du, ikasi, eta irizpideak modu kolektiboan hartu». Eta premia handia da, euskararen biziberritzeari kalte egin diezaioketen «inertziak» ere ikusi dituztelako eragileekin izan dituzten hartu-emanetan, eta egiaztatu dutelako zenbaitetan tresna horiek erabiltzen direla zergatik-eta halako berritasun ahaltsuek sarri dakarten «txundidurak» erakarrita, baina behar adinako prestakuntza bermatzeko modurik eman gabe eta erabilera arauen gaineko lanketa bazter utzita. Askotan, tresna horien erabileraren gaineko kontzientzia ere falta izaten da, gogorarazi dutenez. «Gure inguruan daude, eta ez ditugu ikusten, ez ditugu sentitzen», azaldu du Apodakak.

«Testugintza kontzienterako kultura sustatu behar da, horren ardura hartzeko»

ASIER BASURTO Itzulinguru proiektuaren koordinatzailea

Bide horretan, testu «formalei» begira bereziki, ondorioztatu dute «aurrez editatzea eta postedizioa» ezinbesteko langintzak direla testuak osatzeko orduan. «Testugintza kontzienterako kultura bat sustatu behar da, horren ardura hartzeko», nabarmendu du Basurtok. Aurrez aztertu behar da testua, ondoren ere bai, eta horretarako lan ereduak findu behar dira. Horri taxuz aurre egite aldera «formakuntzak» zer-nolako garrantzia duen ere agerian gelditu da ikerketa proiektuan. Teknologia horiek erabiltzen dituztenen artean «erabilera egokia hedatzea» nahi dute horrela; hain justu ere, tresna lan fluxuetan «egoki» txertatzeko modua izatea, testugintza gaitasunak hobetzea, eta ohiko hutsez ohartzea.

Testua lantzeko urratsak

Bide horretan, «testuen ibilbideari» ere erreparatu behar zaio, ikerketan ondorioztatu dutenez. Izan ere, lantzen diren testuen sorburuaren eta bilakaeraren berri ez izateak «zaildu» egin dezake testu hori interpretatzea eta egoki lantzea. Alde horretatik, bi helburu proposatu dituzte. Batetik, adierazi dute testuen «trazabilitate teknikorako» baliabideak sortu behar direla, eta bestetik, «trazabilitate» hori aitortzeko irizpide eta jarraibide estandarrak zehaztu eta zabaldu.

Beren-beregi erreparatu diote itzultzaile neuronalak erabiltzeak ikaskuntza eta irakaskuntza metodoetan dituen ondorioei ere. Izan ere, aldaketak dakartza, eta beharrezkoa da irakasleak «egokitzea eta prestatzea». Gero eta muga labainkorragoetan jarduteko. «Gero eta zailagoa da tresnek sortutako testuak eta gizakiek sortutakoak bereiztea», ohartarazi dute. Aldaketak onura handiak ere ekar ditzake, hala ere, eta horiei begira nola aritu aztertu behar da.

«Egoki» erabiliz gero hizkuntza teknologia horiek izan ditzaketen aukerak ere zerrendatu dituzte txotenean: euskaraz testu gehiago sortzeko aukera egongo da, erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzekoa, sortutako testuen kalitatea hobetzekoa, erakundeen funtzionamenduaren efizientzia fintzekoa, langileen autonomia areagotzekoa, eta heziketa tresna berri bat izatekoa.

Bide batez, beste «autoritate» bat ere sortuko da hizkuntzaren arloan, eraldaketa gaitasun gero eta handiagoa izango duena. Alde horretatik, Apodakak aurreratu du, esaterako, testuen zuzentasunarekin-eta lotutako zalantzen harira, gero eta maizago erabiliko dela honako argudioa: «Itzultzaileak horrela egiten du».

Eta erronka soziolinguistiko berriak ere heldu dira teknologia horiekin batera. Izan ere, teknologia horien eragina oso sakona da. «Eraldatu egiten ditu hizkuntza ideologiak, irudikapenak, diskurtsoak eta jarrerak», nabarmendu dutenez.

Geroa aurreikusten

Proiektuan ateratako ondorioetan oinarrituta, ikertzaileak geroa irudikatzen ahalegindu dira hainbat aurreikuspenen bidez, «maila espekulatiboan». Batetik, hizkuntza bera eraldatzen ari da. «Idazkera sinpleak eta irakurketa errazak presentzia handiagoa izango dute», iragarri dute. «Testuak sinpletzeak erraztu egiten duenez hizkuntza batetik besterako itzulpena eta testu horiek tresna digitalen bidez prozesatzea, pentsa liteke idazkera estilo horiek nagusituz joango direla».

Era berean, hizkuntza sorkuntza «translinguala» eta «baliabide paralinguistikoen» erabilera orokortu egingo dira. Adibide bat jaso dute txostenean, erakusteko datorren mundu horretan zer izango den gero eta ohikoagoa: «Esaterako, ingelesezko testu bat irakurri beharrean, bideo labur batean euskaraz azaltzeko eskatuko diegu makinei, edota ahozko solasaldi bat testu bihurtzeko eta garatzeko».

«Nork ikasiko du hizkuntza minorizatu bat? Motibazioa ere kontuan hartu behar dugu, hor baitago erronka nagusietako bat euskarari dagokionez»

EDUARDO APODAKA Itzulinguru proiektuaren zuzendaria

Eta geroa aurreikusteko ahalegin horretan plazaratu dute erronka nagusia, hauxe: «Hizkuntzak ikasteko motibazioa landu beharko da». Apodakak galdera egin du, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa gogoan hartuta: «Denok amestu dugu makina bat izatea aukera emango diguna edonora joan eta hango jendearekin hitz egiteko. Neurri batean, badaukagu. Horrek motibazioari eragiten dio. Nork ikasiko du hizkuntza minorizatu bat?». Hortik erronka: «Motibazioa ere kontuan hartu behar dugu, hor baitago erronka nagusietako bat euskarari dagokionez». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.