Haustura erabatekoa da Uztaritzeko (Lapurdi) abertzaleen artean. Herria Bizi Dadin talde abertzaleak bultzatuta Uztartze Bai zerrenda zabala aurkeztu zuten 2014an herriko etxeko hauteskundetara, Bruno Karrere buru zela. Bost urteko agintaldiaren ondotik, Uztaritze Bai taldea uztea erabaki zuten bost hautetsi abertzalek eta kritika zorrotzak egin dizkie Karreren kudeaketari. Herria Bizi Dadin taldea bitan zatitua da eta ez du trenkatu 2014ko formula errepikatu ala ez —erdiak alde bozkatu zuen, beste erdiak kontra—. Egin dizkioten kritikei erantzun die Karrerek.
Demokrazia eta gardentasun falta leporatu dizute.
Gehiengoan ziren garaian finantzei buruzko bilkurak egin genituen. Ez dut ikusten zergatik elementuak gordeko genituzkeen. Bilkura bat baino gehiago egin genituen gaiari buruz, prospektibei buruz. Momentu horretan ez zegoen gaitzespenik. Orain gardentasun falta aipatzen dute aurrekontuari buruzko eztabaidan, baina ez dute aurrekontuaz ohar bakar bat ere egiten.
Oharra da justuki ez dela aurrekontu «irakurgarri» bat, «kontulari» aurrekontu bat dela, eta ez dela proiektu bakoitzari dagokion diru zamaren ikuspegirik.
Kritika ez da onargarria. Gehiengoan zirenean, finantzari buruzko bilkurak egin genituen, zeuden elementuekin, izan genitzakeen perspektibekin, momentu horretan ez zen alde horretako kritikarik izan. Hartu duten posizioa erabat ihardukitzailea eta politikoa da, niretzat aitzakia bat da, finantza elementuei buruz ez erantzuteko. Ez dute haien ezezko bozka esplikatu. Zenbakiak aurkeztuak izan dira, beti leporatu daiteke gardentasun falta bat, hori aski erraza da. Baina kontuak hor direlarik erantzukizunak hartzen dira, eta pentsatzen dena erraten da.
«Kudeaketa jarrera» batean izatea eta erabakiak taldea txikian hartzea ere leporatu dizute.
Bostetako bakar bat ere ez da finantza batzordeko kidea. Finantza publikoak direnak dira. Ukaezina da boterera iritsi ginenean egoera txarrean ginela. Kanpainan berean erraten genuen badirela indikatzaile batzuk hor direnak eta ukaezinak direnak. Egoera zail batean iritsi ginen agintera, hobetzen ari gara, baina ez gara oraindik egoera sano batean. Finantza kontulariek bezala kudeatzen dugula erraten digute, ba hainbat hobe.
Euskara erabiltzeko ezintasunak ere gatazka sortu du. If Matxikoterekin polemika sortu zenetik ez da ezer aldatu.
Bai, aldatu dena da Pirinio Atlantikoetako prefeturaren gutun bat jaso dugula erranez bat-bateko itzulpen sistema ez dela legezkoa herriko kontseilu batean. Biziki ongi dakite, gutun hori jaso dute; badakite itzulpen sistema ez dela legezkoa, badakite euskara hutsean mintzatzea ez dela legezkoa. Haiek erabaki dute, jakinez ezin nuela; ezin nuela kontuan hartu haien ekarpena.
Herriko hauteskundeetarako urte bat eskas dela, polemika honek ez ote dio min handia egiten 2014an aurkeztu zenuten zerrendari?
Mina ez dakit, bakoitzaren posizioa zein den argitzen du. Haien ikuspegi politikoak dituzte, herriko kontseiluan adierazten ahalko zituzten, eserlekua hutsik uztea erabaki dute; haien erabakia da.
2020an berriz aurkeztuko zarela errana duzu. Noren babesarekin?
Agintaldian ongi lan egin dugula pentsatzen dutenen eta gure programarekin bat eginen dutenen babesarekin.
Herria Bizi Dadin talde abertzaleak osatutako zerrenda zabala izan zen 2014koa. Formula errepikatuko duzue?
Herria Bizi Dadin taldeak ez du trenkatu: erdiak 2014ko eredua errepikatzearen alde egin zuen, eta beste erdiak, kontra.
Zuk diozu aurkeztuko zarela, hala ere. Ez ote da desmartxa kolektibotik indibidualera pasatzea?
Ez. Herria Bizi Dadin zatikatua denez gai horri buruz, bada eztabaida, badira aldekoak eta kontrakoak. Beraz, desmartxa kolektibo bat birsortuko dugu. Herriko Kontseiluko gehiengoan Herria Bizi Dadin taldeko bederatzi kide daude, eta joan direnak bost dira.
Bruno Karrere. Uztaritzeko auzapeza
«Itzulpen sistema ez da legezkoa, eta badakite»
Kargua utzi duten bost hautetsien kritikei erantzun die Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezak. Herria Bizi Dadin talde abertzalea bitan zatitua da, baina, bere aldekoekin, 2020an berriz aurkezteko asmoa erakutsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu