Hizkuntzaren prozesamenduaren arloko aditua

Itziar Cortes: «Itzulpen automatikoa erakunde handi nahiz txikietan erabiltzen da»

Adimen artifiziala erabilita, klik batean itzul eta sor daitezke testuak. Horren aukerez eta arriskuez mintzatu da Cortes.

Itziar Cortes. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Itziar Cortes. MARISOL RAMIREZ / FOKU
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun

Adimen artifizialaren garapen bizkorrak aldaketa sakonak dakartza eremu askotara. Itzulpengintzaren arloko aurrerabideak, esaterako, zeresan handia eragiten ari dira. Gaiari buruz jarduteko solaskide egokia da Elhuyar fundazioko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaile Itziar Cortes (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako eskaintzaren barruan, Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre deituriko ikastaroa zuzendu zuen uztailean. Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako ikastaro bat izan zen. Badaki era jasoan jarduten gaiaz, eta aditu ez direnek ondo ulertzeko moduan ere bai. Adibideak jartzen ditu horretarako, teknologia berri horien bilakaera nolakoa den azaltzeko, eta eraginak ia denean agerikoak direla ulertarazteko: «Ez nuen imajinatuko inoiz nire aitak telefonoari hitz egingo zionik marea gora noiz dagoen jakiteko, eta hori egiten du, eta lortzen ditu emaitzak».

Teknologiaz era neutro batean hitz egiten da usu, baina hark dakartzan lerratzeei ere erreparatu behar zaie. Itzulpengintzara begira, propio aztertu duzue gaia. Zer-nola?

Bai, ikastaroaren helburua zen aztertzea teknologiek nola eragiten duten hizkuntzan eta, batez ere, itzulpengintzako sektorean. EHUko eta Elhuyarreko ikertzaileek ikerketa proiektu bat egin dugu propio genero alborapenari buruz: hainbat testu aztertu dira, itzulpen automatikoz itzuli dira, eta azterketa bat egin da lanpostuekin eta adjektibo konkretu batzuekin dauden estereotipoen inguruan. Horrek akaso balio dezake sistemak sortzen dituzten enpresei esateko: begira zer alborapen sortzen dituzuen, nolakoak diren, agian zerbait egin dezakezue. 

«Interesgarria litzateke irizpide zehatzak markatzea: hau da, kasu hauetan erabiliko dugu itzulpen automatikoa, eta beste kasu hauetan profesionalek egindakoa»

Lerratze horiek dira kezkarako zioetako bat. Horietaz gainera, zein dira kezkarik behinenak?

Teknologia horiek, itzulpen automatikoarekin lotutakoak, sozializatu egin dira: erakunde handi nahiz txikietan erabiltzen dira. Berez, ez dute inolako kalterik egiten, baina segun eta nola erabiltzen dituzun, kalte egin dezakete. Adibidez, erakunde baten irudian kaltea eragin dezakete: erabiltzen baduzu testu bat itzultzeko itzultzaile automatikoko sistema bat, eta inolako errebisiorik gabe publikatzen baduzu, horrek arrisku bat dauka. Edo horrek ekar dezake, era berean, testuak pobreak izatea, eta horrek ere eragina izan dezake irudian. Ikastaroan aztertu dugu nola egin dezakegun erakundeetan tresna horiek erabiltzeko nolabaiteko irizpideak zehazteko; interesgarria izango litzateke irizpide zehatzak markatzea: hau da, kasu hauetan erabiliko itzulpen automatikoa dugu, eta beste kasu hauetan profesionalek egindakoa. Gero asko hitz egin dugu trebakuntzaz ere: langile bakoitza kapaz izateaz baloratzeko jasotzen dituen testuak edo itzulpenak egokiak diren edo ez. 

Hizkuntzaren pobretzea aipatu duzu. Tresna horien erabileraren ondorioetako bat da?

Aurrera begira, begiratu beharko genuke nola eutsi kalitateari; batez ere, euskara hizkuntza minorizatua izanda, nola eutsi gaur egun daukagun kalitateari? Igual kalitatearen inguruko ikerkuntzak gehiago bultzatu beharko genituzkeela eta halako kontuak atera zaizkigu ikastaroan. 

«Tresna hauek gaztelaniatik euskarara itzultzeko erabiltzen baditugu, lehen bezala gaude»

Esan duzu erruz zabaldu dela itzulpen automatikoko tresnen erabilera. Hor dira testuak sortzeko kapaz diren adimen artifizialeko tresnak ere. Horien erabilera ere orokorra da itzulpengintzan?

Horiei buruz galdetuta, orokorrean ez dituzte erabili, edo ez dute ikusten itzultzaileen sektorean oraingoz askorik eragiten dutenik. Baina denbora kontua izango da, zeren eta ja teknologia hori gizartean eragiten ari bada, itzultzaileen sektorean ere eragina izango du berehala. Horrek esan nahi du, adibidez, bezero batek itzultzeko bidaltzen dizun testu bat akaso ez dela berak sortua, adimen artifizialak sortutakoa dela; posible da primeran idatzita egotea baina zentzurik ez edukitzea, edo asmatutako kontu bat izatea... 

Horrek eragina du beste alor askotan ere: kazetaritzan, esaterako.

Eragiten du: eragiten dio gizarteari. Itzultzaileen sektorea ez da hau jasaten ari den bakarra. Dena ari da aldatzen. 

Euskararen normalizaziorako zein izan daiteke ekarpena?

Tresna hauek gaztelaniatik euskarara itzultzeko erabiltzen baditugu, lehen bezala gaude, baina egia da euskararen erabilera sustatzeko ere erabil daitezkeela halako tresnak. Adibidez, euskaraz bakarrik idatzitako edukiak beste hizkuntza batzuetan kontsumitzeko aukera ireki dute: hori euskararen normalizaziorako urrats polita da. Baina euskaratik pentsatu behar dugu, hori garrantzitsua da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.