Itzuliaren zaleak Lapurdiko bide hegietan

Jarraitzaile gehienak Kanboko helmugan bildu ziren atzo, Itzuliaren Lapurdiko etapa ikusteko. Batzuek Azkaineko Santinazioko lepoko patarra hautatu zuten eguna hasteko.

Azkaineko Santinazioko lepotik hurbil, Itzuliko jarraitzaileak
Markel Belokiren zaleak, Azkaineko Santinazioko lepoko aldapan. IÑAKI ETXELEKU
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 3a
05:10
Entzun

Ez zen sekulako jende oldea Lapurdiko bide bazterretan atzo, Itzuliaren ikusteko, nahiz Kanboko (Lapurdin) helmugan ohiz kanpoko jendaldea agertu zen. Bizkitartean, Itzulia iragatekoa zen bideetan, usaian baino txirrindulari amateur gehiago ikusi zen, profesionalen bide bera egin nahiz edo. Azkaine eta Sara (Lapurdi) arteko Santinazioko lepoko bentak usatuak dira bisitari andana ikusten. Txirrindularitzari lotu jendeak nagusi zituzten, haatik. Azkaine aldera jautsiz, zenbait metroren buruan, autokarabana multzo bat eta auto bakar batzuk jarriak ziren aldapako bide bazterretan. Lasterkariak hobekien eta luzeen ikusten ahalko ziren lekuan.

Philippe Langonetik (Okzitania) etorria zen, astelehenetik beretik Itzulia ikustera, bere txakurra lagun zuela. Goizeko lauretan abiatu zen astelehenean, Irungo erlojupekoa ikusteko. Azkaineko Santinazioko lepora heldu baino berrehun bat metro lehenago  utzia zuen autoa. Gaua Larhungo aparkalekuan iragana zuen. «Lasterketa Santinazioko lepo honetan ikusiko dut, eta, gero, Kanboko (Lapurdi) helmugara noa, heltzea ikustera», aitortu du. Goiz honetan, Ezpeletara joatekoa zen, abiatzeko aurkezpena ikustera, «hor baitira txirrindulariak hobekien ikusten, taldeak aurkezten dituztenean».

Bizikleta lasterketen zale da Philippe, eta, bere eskualdean lasterketa nagusirik ez dagoenez, bidea egiteko prest da halakoen  ikustera joateko. «Duela hiru aste Loira Atalantikoko klasikoaren ikustera izan naiz, eta, berrikiago, Kataluniako itzulira». Preziatzen ditu euskal txirrindularitzazaleak, ez baitira «chauvinistak» beste batzuk bezala, eta «lasterkari guztiak sostengatzen» dituzte.

Bazekien Santinazioko lepoan gauza guti ikusiko zuela, goi mailako txirrindularientzat patar eztia baita: «Haientzat ez da deus». Asmatu zuen etapak zer itxura hartuko zuen: «Hain segur arrisku gutiko aurreratu batzuk ikusiko ditugu, zenbait minutu irabaziko dituzte, eta pelotoiak berriz harrapatuko ditu helmuga aitzin».

Eukene, Nerea, Josu eta Txomin Arrasatetik (Gipuzkoa) etorriak ziren Santinazioko lepora. Itzuliari jarraitzen ari dira, autokarabana lagun dutela. Euskal Herriko Itzulia «garrantzitsua» eta «polita» zaie komunzki, baina aurtengoa berezia zaiela aitortu du Josuk: «Eukene eta Nerearen lehengusu Markel Beloki ikustera etorri gara; lehen aldia dauka Itzulian; apur bat fan moduan gatoz». Eukene txirrindularitzazalea da: «Familian beti eduki dugu gertutasun hori, eta txikitatik ikusi dugu». Philipperen antzera, Lapurdiko etapa bi tokitan ikustekoa zuten. Kanboko helmugan, eta lehenago, Santinazioko aldapan; «lepoa delako, eta igoeran apur bat mantsoago doazenez hobeto ikusten direlako», erran du Josuk.

Arrasatearra ausartu da iragarpen baten egitera, eta erran du haren ustez nor den aurtengo Itzulia irabazteko hautagai nagusia: Jonas Vingegaard. Markel Beloki lehengusuarentzat ilusio eta itxaropenez beteak daude. «Oraingoz oso gaztea da, eta ikasten dabil», erran du Eukenek, baina erlojupeko lehen etapan ongi ikusi dute; «ea ba poliki-poliki ikasten eta hobetzen duen: guk indar denekin animatuko dugu». Eukenek salatu du familia guztia ilusio handiz eta «bete-betean» ari dela Markelen lanari behatzen. Haren aldeko pankarta eta ikurrinak prest zeuzkan laukoteak kirolari kutunaren lauzkatzeko.

Kanbon euskararik ez ozen

Arratsaldeko hirurak gabe, lehen iraganaldia egin zuen Itzuliak Kanboko helmuga gune bilakatu zen lekutik, Edmond Rostand hiribidetik. Trumilka ez baziren ere, jarraitzaile batzuk plantatuak ziren jada hegiko hesien gibelean.

Lehen lasterkariak begien aitzinetik iragan aitzin, Itzuliko esatariak hitza hartu zuen mikrofonotik. Osoki frantsesez aritu zen; euskarazko hitzik ez zuen erabili. Lapurdi barnealdeko ur onen hiriko ikus-entzuleei esplikatu zien Itzulia 1978tik ez zela  «Frantziatik» pasatua.

Eric Baionatik etorria zen Kanbora, lagun taldean lasterketaren ikustera. Bezperan Irungo (Gipuzkoa) etaparen ikustera ere joana ziren. «Eta duela bi aste Kataluniako Voltan ginen», salatu duenez. Ez dira baitezpada lasterketa guztietara joaten, baina Tropela jokoan aritzea gustukoa dute. «Urtero jokatzen dugu Tropela-n, eta gaur hemen gara; kontent Itzulia hemendik pasatzen baita». Ericek, penaturik, ez du segitzen ahalko lasterketa larunbat arte: «Bihar, berriz lanera»..

Ez daki biziki ongi euskal txirrindularietan zein nabarmenduko den aurtengo Itzulian. Mikel Landa ongi ikusi zuen Kataluniako itzulian, «baina aste honetan ez dakit zer eginen duen. Asteleheneko erlojupekoan denbora galdu zuen». Gero, berdin Ion Izagirre agerian izan daitekeela zioen Ericek, eta hau ere gehitu zuen: «Euskalteleko txirrindulari batek, beharbada irabaziko du etapa bat. Baina zaila izanen da».

Kanbo erdiko biribilgunean Kanboko Herriko Etxeko langileak ari ziren autoen trafikoa kudeatzen, Itzuliko antolakuntza taldeko kide batekin, Mikelekin. Mikelek adierazi du zertan ari ziren: «Kaleak mozten ari gara, eta jendeari esplikatzen nondik jo behar duen». Goizeko bederatzietatik ari ziren lan horretan, eta «lasterketa bukatu arte» aritu dira. Helburua dute ez nehork ez ezerk lasterketa oztopatzea, baina ez da beti erraz: «Batzuetan desesperatu egiten gara. Dena kontrolpean izaten ahalegintzen gara, baina batzuetan ezinezkoa da, nahiz eta guztiak koordinatzen saiatu».

Mikelek ez du baitezpada beste leku batzuetan baino jende gutiago ikusi Kanbon. «Uste dut jendea gogotsu zegoela lasterketa ikusteko». Halere, haren ustez, gaur aise jende gehiago ibiliko da bide bazterretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.