Itziar Lakari Eusko Ikaskuntza saria eman diote

Euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak «estrategikoa» izan behar duela nabarmendu du Lakak. Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek sorkuntza saria jaso dute.

Itziar Laka (erdian), Eusko Ikaskuntza saria jasotzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Itziar Laka (erdian), Eusko Ikaskuntza saria jasotzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
2024ko uztailaren 19a
16:50
Entzun

Itziar Laka hizkuntzalariari eman diote aurtengo Eusko Ikaskuntza saria, gaur, Bilboko Alondegian. Sariak humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte zientzien alorretako curriculumik onenak aintzatesten ditu, eta 2019tik aurrera gazteek aurkeztutako sorkuntza eta ikerketa proiektuak ere bai.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Lakaren bi ideia aipatu ditu: «Hitzak gurekin jaiotzen dira, eta hizkuntza oraindik argitu gabeko misterioz betetako fakultatea da, duela lau hamarkada ikertzen hasi zen misterioaz». Horrez gain, Urkizak sarituaren ibilbidea eta izaera laburbildu ditu, gainditu dituen bost erronkaren bidez: «Bide berrietatik ibiltzea, lanari beste era batera heltzea, bere herrialdera itzultzea kanpoan hasitako lanari jarraipena ematea, proiektu berritzaile baten inguruan ikerketa talde bat osatu eta mantentzea, eta ahalegin horren guztiaren emaitza norberarena dela aitortzea».

EHUn Hizkuntzalaritza katedraduna da Laka, eta doktorea AEBetako MIT Massachusetts Institute of Technology unibertsitatean. Europako eta Ameriketako unibertsitateetan aritu da irakasle lanetan, eta ezaguna da hizkuntzalaritzaren arloan. Bere ikerketa lerro nagusiak dira, besteak beste, hizkuntzalaritzaren teoria, sintaxia, euskal gramatika, psikohizkuntzalaritza, hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa eta elebitasuna.

2010ean neurologiako unibertsitate ikerkuntzako lehen taldea sortu zuen: Gogo Elebiduna. Horrez gain, 80 ikerketa proiektu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, baita nazioartean liburuak kaleratu ere. Hizkuntzalaritzako lan klasikoen zabalpena ere egin du euskaraz.

Lakak, saria eskuetan zuela, zera aldarrikatu du: «Gure gizartean euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak estrategikoa izan behar du». Unibertsitateak «erabateko garrantzia» daukala nabarmendu du.

Saritu gehiago

Itziar Laka ez da saritu bakarra izan, Maite Aizpurua eta Garazi Navas sortzaileak ere saritu dituzte eta. Adarbakarra eta soinujolea proiektu artistikoaren egileek saria eskertu dute, eta kezka agertu dute kulturak bizi duen «egoera prekarioagatik».

Eusko Ikaskuntzako lehendakariak honela definitu du proiektu sariduna: «2019tik saria ematera animatzen duen espirituarekin guztiz bat datorren proiektua da. Gure orainaren errealitate konplexuari buruzko hausnarketarako ateak zabaldu nahi ditu, garaikidetasunetik, eta begirada berriak plazaratu nahi ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.