Itziar Lakari emango diote Eusko Ikaskuntzaren saria

Eusko Ikaskuntzaren irudiko, «ekarpen nabarmena» egin du euskararen eta Euskal Herriko garapen zientifikoaren eta kulturalaren inguruan. Horregatik emango diote Eusko Ikaskuntzako Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien Saria.

Itziar Laka
Itziar Laka. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 17a
13:54
Entzun

Eusko Ikaskuntzak iragarri duenez, Itziar Lakari emango diote Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien Saria. Nabarmendu dutenez, Lakak «ekarpen berritzaileak» egin ditu euskararen garapenerako eta «hizkuntza gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan» sakontzeko: «Ekarpen nabarmena egin du euskararen eta Euskal Herriko garapen zientifikoaren eta kulturalaren inguruan».

Laka Getxon sortua da (Bizkaia), 1962an, eta hizkuntzalaria. Eusko Ikaskuntzak nabarmendu duenez, hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa taldea sortu zuen 2010ean. Halaber, hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da, eta zenbait unibertsitatetan irakasle ere aritu da. Epaimahaiak Lakak egindako ibilbidea saritu du: «Eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz».

Ibilbide horretan, epaimahaiaren ustez, «funtsezko dimentsioa» izan da euskara unibertsitatean eta gizartean sustatzea. Gaur egun, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko EuskaraREN, KulturaREN eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordetzan, eta, EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritza lan klasikoen itzulpena sustatu du. Gainera, adierazi dute Lakak «lan itzela» egin duela zientziaren eta zientzia kulturaren zabalpenean: «Elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, eta, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere osotasunean ere ekarpen nabaria eta agerikoa egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.