Komunikazioa

Itziar Alduntzin esataria ere EITBko erregulazio txostenean

Ezustean, Euskadi Irratiko Fermin Etxegoien eta Radio Euskadiko Roge Blasco sartu dituzte erregulazio txostenean

Itziar Alduntzin. EITB
urtzi urkizu
2015eko martxoaren 18a
13:07
Entzun

Musikaren atea eta katea zabaltzen du Euskadi Irratian astelehenetik ostiralera, 21:00etatik 22:00etara. EITBko irratietan eskarmentu luzea du Fermin Etxegoienek (Oñati, Gipuzkoa, 1966). Musikazaleek haren ahotsarekin pasatu dituzte arratsalde eta gau bat baino gehiago. Eta, aste honetan, EITBko zuzendaritzak jakinarazi dio Eusko Irratiko erregulazio txostenean sartu dutela bere izena; kalera doala, alegia.

Kaleratzearen berria Interneten zabaldu eta berehala sare sozial batean eman zuen atzo bere egoeraren berri Etxegoienek: «Artista [kontratu mota] izan ginen iazko ekainaren 28ra arte. Mugagabe egin gintuzten, epai batek enpresa behartuta; datagatik, beraz, erregulaziotik kanpo geunden, eta horrela esan izan zaigu hilabete hauetan, gure postuak ez zeudela ordezkagarrien artean». Etxegoienek esan zuen hilabeteotan bi lan eskaintzari ezezkoa esan diela, bere lanpostua «irratian zegoelako».

Egoera berean zen Roge Blasco (Bilbo, 1955) Radio Euskadiko esataria, Levando anclas eta La casa de la palabra irratsaioen gidaria. Iazko ekainetik kontratu mugagabe ez-finkoa zuen, eta ez zegoen sartuta erregularizazioaren lehen zerrendan. 31 urte egin ditu Radio Euskadin Blascok. Erreferente garrantzitsua bilakatu da bidaiarien munduan.

Euskadi Irratiko Itziar Alduntzinena da tankera bereko beste kasu bat. Lan eskaintza publikoaren deialdia antolatu zenean, haren lanpostua ez zegoen amortizatu behar zituztenen artean. Baina Kantu kontari saioko gidariari kalera doala esan diote.

EITBko irratietako 60 langile kaleratuko dituzte erregulazio txostenaren ondorioz —30 lanpostu galduko dira—. 

Edonola ere, EITBko zuzendaritzak atzo sindikatuetako ordezkariei eman zien txostenaren memoria, izenekin, datekin eta kalte-ordainekin. Txostenaren letra larria eta txikia. EITBko zuzendaritzak erregulazio txostenaren arrazoi gisa «argudio ekonomikoak» eta «antolakuntza arlokoak» eman zizkieten sindikatuetako ordezkariei.

Sindikatuetako ordezkariek informazio hori guztia zerbitzu juridiko eta ekonomikoen esku utzi dute. Datorren astean batzarrak egingo dituzte datuak aztertzeko, eta zer egin erabakitzeko.

Eusko Irratiko hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Bilboko egoitzaren aurrean, erregulazio txostenaren aurka. Otsailaren 24an, 24 orduko lanuztea egin zuten EITBko irratietan, ELAk, ESK-k eta CCOOk deituta.

PSE-EEk zentsura salatu du

Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak galdera bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, EITBko hedabideetako «zentsurarekin» lotutakoa. Otsailaren erdialdean Radio Euskadik Rosa Maria Calaf TVEko kazetari ohiarekin egindako elkarrizketa bat emititu zuen. Calafek EITBko erregulazio txostena kritikatu zuen, «langile kualifikatuak» kalean uzteak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak ohartaraziz. PSE-EEk salatu du elkarrizketa horren promozio iragarkia ez zuen emititu Radio Euskadik ohiko prozedura erabiliz. Iragarki hori ez emititzeko erabakia nork hartu zuen, eta zergatik, galdetu du Unzaluk. «Kontuan izanik Eusko Irratiko emisorek ez zutela otsailaren 24ko grebaz informatu ohiko iragarkiekin, EITBko zuzendaritzak zentsuratu egiten al ditu irratietako lan gatazkaren inguruko informazioak?».

EITBren legea eta eredua aldatzeko martxoaren 4an proposamen bat aurkeztu zuen PSE-EEk. Kexu da horren berri gaueko Teleberri-n eman ez zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.